martxoa 07, 2012

IÑIGO ARREGI. MATERIAKO POETA


Iñigo Arregiren urtea al da? Badakit  espazio hutsari egindako itunak ez didala ihardespenik ekarriko, baina artista arrasatearrak erakusketa berri bat inauguratu duen eguneko arratsalde honetan, nagoen mediterranear irlako haize leun xuxurlariak mundu klasikoaren oroitzapena ekarri dit. Ezen, latinar pentsalarien  arabera, jainkoek modu bereziz bedeinkatzen zuten alperreko zirkinik gabe artearen garapenean zentzuz eta trebeziaz ari zena. Horrela bazen,  eta eguneko koordenadetara ekarrita, jainkoen graziaz ukitua dago Arregi sortzaile arrasatearra.

Iñigo Arregiren jarrera artistikoak besteenganako hurbilpen atsegina eragitea du helburu. Bere obraren tamaina hain sakona dugu, non arteari buruzko ezagutza ez ezik natura bera ere islatzen da dimentsio osoan
Arregiren ekarpenean. Naturaren perfekzio isolatua, hain zuzen. Koxkaz beterikoa. Behin eta berriz garaitu behar direnak, horrexek animatzen baitu artista hobetze mugagabera.

Iñigoren obrak galderak sortarazten dizkigu –bestela ez zen artista izango- haren aurrean dagoenak askatasun osoz erantzun ditzakeenak, naturarekin kontaktuan gaudenean burura datozkigun pentsamendu berdintsuekin.  Hamaika galdera eta beste horrenbeste ihardespen. Artistaren meritua horretantxe datza, gugan bizitza-askatasunerako bideak -galde/erantzunak- ahalbidetzean,hain zuzen, sortzailearekiko komunioan jartzen garen bakoitzean.

Asebetetze animikoaren bilakuntza jarraikian, gizon-emakumeok konpromezuz behartzen ditugu geure buruak eta horiei eusteak nolabaiteko sakrifiziorako borondatea eskatzen digu. Zentzu horretan, arteak gizakion espiriltualtasunaren ezinbesteko osagaia eskaintzen du, ezeren truke. Eta artistak -Arregiren modukoak-  aliatu bilakatzen zaizkigu, gure asebetetze propioaren xedean.

Iñigo Arregik eskua luzatzen digu artearen bitartez. Idazkiaren puntu honetara heldu naizenean, Arregiren urtea ote deneko galderari legokiokeenak berdin dit. Nahiago dut egutegiari begira egon barik  artistaren ekarpena denbora-mugagabea dela oroitzea. Horrela biziagoa sentitzen dut artearen muina. Eta Arregik, aldi berean, jainkoen babespean poesia egiten segi dezake, bere artearen askatasunetik. 



Iñigo Arregiren erakusketa berria: Durangoko Arte eta Historia Museoan.  2012ko Martxoaren 25era arte.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina