maiatza 28, 2025

ARAMAIOKO PEDRO ERIZ EGILUZ

 


Ezer esaten al dio inori Pedro de San Elias izenak? Niri behintzat ez zidan ezertxo ere gogora ekartzen, nire eskuetara aramaixoar baten liburua ailegatu arte. Antonio Unzueta Etxebarria Salezango semeak “Beato Pedro de San Elias. Biografia y Epistolario” (El Cármen. Vitoria-Gasteiz. 2015) deritzana eskuetaratu bezain laster konturatu nintzen… zein gutxi dakigun gure gauzetaz. Zein azkar estaltzen dituen hautsak oroitzapenak! Izan ere, Aramaioko herriak oroitu behar zuen, nola edo hala, izan zela “Bolunburu” baserrian jaiotako seme bat, bere ekintzengatik garai batean nabarmendu zena, erlijio-esparruan izan bazen ere. Nik ez diot justizia egin nahi aramaioar horri, baina, beraz, niri dagokit nire ezjakintasuna aitortzea, eta blog honetara gizon haren bizitza zertzelada batzuk jartzea besterik ez zait otutzen. Horrela, agian, argi apurtxo bat gehiago jarriko dugu Aramaion jaiotako seme-alaba ahaztuen gain.

Pedro de San Elias, ez zen izen horrekin jaio, Pedro Eriz Egiluz bezala baizik. Eta Baraxuengo Bolunburu (Bolinbu) baserrian jaio zen 1867ko otsailaren 22an, gurasoak Domingo eta Klara zirelarik, biak garagartzarrak. Pedro bikia jaio zen, Paskasio anaiarekin. Ezer ez dakigu bi mutiko haien haurtzaroari buruz, ezta nerabezaroko lehen urteei dagokienez. Batzuek diotenez, Pedro eta Paskasio Araba aldera bidali zituzten gazteleraz ikas zezaten, eta beste batzuen arabera Bizkai aldeko mehatzetan aritu zen Pedro.

Bolunburu baserria

Antonio Unzuetak, berriz, dio bere liburuan, Pedro Eriz Bizkaiko Larreako karmeldarren komentura sartu zela, eta 23 urterekin fraidetzako ikasketak burutu zituen. Orduantxe hartu zuen Pedro de San Elias izena. Handik Burgosera bidali zuten eta Gaztelako hiriburuan apaiztu zen, 1897an. Esan behar da, Paskasio anaiak ere bide beretik jo zuela. 

Behin apaiztuta, ordenak Ebroko Mirandako Herrerako monastegira bidali zuen Pedro - Herrerako basamortua esaten zitzaion- eta bertan bi urte egin zituen, helburu garaiagoetarako bere burua prestatzen ari.

Eta ondorioz karmeldarrek 1899an Mexikora igorri zuten, helburu konkretu batekin: ordenaren presentzia egonkortzea eta zabaltzea. Lanean jarrita, Mexikoko Durangoko karmeldarren komentua sortu zuen 1902an eta estatu hartako nobizioen arduradun nagusi hautatu zuten aramaixoarra. Handik lasterrera Mexikoko karmeldarren Bisitari Jenerala egin zuten.

Arazoak izan zituzten erlijiosoek Mexikoko gobernuarekin eta Pedro de San Elias Kaliforniara aldatu zen 1905ean. Eta handik Arizonara, beti fraideen asmo hedatzaileak gauzatu nahian. Erlijio-fundazioak sortu zituen AEBetako lurralde hartan eta 1912an Arizonako meatzarien fundazioa sortzeko agindua jaso zuen eta horixe bete zuen 1913an; lantegian bere anaia Pascasiok lagundu zion. Zenbait urteren ondoren, Tucson hiriburura aldatu zen, bertako Santa Cruz elizaren zerbitzura jartzera. Baina berriro deitu zuten Mexikotik.

Eta Durango mexikarrean jardun zuen erretore eta lurraldeko bikario gisa 1926ra arte. Urte hartan erlijiosoetako fraideen ondasun guztiak estatuaren esku geratu ziren eta gure Pedro Eriz Mexikotik atera behar izan zuen, Arizonara itzuliz. Eta Tucsoneko nagusia izan zen bi urtez, ahalik eta penintsulara itzuli behar zuela agindu zitzaion arte. Hogeita hamar urte egin zituen Mexiko eta Estatu Batuetan eta 1930ean Kataluniako nobizioen maisu izendatu zuten. Diodan, Pascasio anaiak Washingtoneko karmeldarren kargu berean ihardun zuela.

Pedro Eriz Egiluz edo Pedro de San Eliasek zoritxarreko amaiera izan zuen bizitzan, 1936ko gerra madarikatuan preso egin baitzuten eta azaroaren 11an fusilatu, beste fraidekide batzuekin batera. Eta elizak 2013an Dohatsu izendatu zuen Pedro Eriz Egiluz edo Pedro de San Elias aramaixoarra.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina