urtarrila 10, 2018

LUIS MARTINEZ DE UBAGO, ARRASATEKO HAGINLARIA


Luis Martinez de Ubago Milikua
Badira zenbait ekarpenetan Martinez de Ubago Arrasateko sagari buruz aritu naizela eta oraingo honetan ere beste kide baten gaineko zertzeladak eskaini nahi ditut. Egia da beste behin ere ihardun nuela gaurko pertsonaiaz, zeharkako moduz, baina oraingoan zuzeneko protagonista gisa badakart, herriko historiaren beste zatitxo bat finkatu nahi dudalako da.

Luis Martinez de Ubago Milikua XX. mendeko Arrasateko haginlarietako bat eduki genuen, “sacamuelas” baino odontologo deitura eskain diezaiokegun aurrenetakoa. Haginlariarengana joatea torturaren hurrena zeneko garai haietan Luis Martinez de Ubagok arreta berezia jartzen zuen bere bezeroetan eta hori eskertzekoa ganuen. Baina goazen Ubagorekin - horrela deitzen genion, ahalik eta bere seme Albertok kontsulta propioa ireki arte. Harrez geroztik, "Ubago Zaharra" izan zen Luis. 

Luis Martinez de Ubago Milikua Arrasaten jaio zen, 1904ko azaroaren 18an.  Bere aita, Alberto Martinez de Ubago Lizarraga, medikua genuen Arrasaten. Jatorriz, nafarrak ziren martinez de ubagotarrak eta Albertoren anaia bat – Eduardo- herriko mediku titularra genuen 1898tik. Eduardo Candelaria Okendo ezkondu zen eta Arrasatetik 1900an aldatu ziren Iruñera. Bere ordez, Alberto etorri zen eta okendotarrengan jarri zuen etxebizitza. Ramona Milikuarekin ezkondu zen. Antero Milikua ostalari arrasatearraren alaba genuen Ramona. Eta bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Luis gure gaurko protagonista, Jose – horretaz ere idatzi dut lehenago- eta Marisol.

Luis haurra Felix Aranoren eskolara bidali
Luis, Maalako Zelaian, 1922an
zuten eta bertan egin zituen aurreneko ikasketak. Batxilerrerako, ordea, Iruñera joan zen, maristengana. Nafarroako hiriburuan soldadutza ere egin zuen, hamazortzi urterekin. Diotenez, oso ikasle ona zen baina buruan bazuen beste gai bat astia kentzen ziona: futbola. Ondo moldatzen bide zen baloiarekin eta ikastetxe eta kuarteleko ekipoetan ibili zen.


Medikuntza karrerari ekitea pentsatu zuenean ez zuen atzematen futbolak eragina izango zuela bere erabakian. Zaragozako Unibertsitatean hasi zen eta aurki baloiko kirolak lehen eragozpenak jarri zizkion ikasketetan behar bezala aurreratzeko. Unibertsitateko futbol ekiporako fitxatu zuten eta denbora gehiegi kentzen bide zion asti-emate hark. Horregatik, gurasoak kezkatuta, lehen ikasturtea amaitu zuenean etxera itzularazi zuten eta etxetik egin zituen gainerako hiru kurtsoak. Arrasateko futbol ekipoan aritu zen arren, gurasoen diziplinara egokitu behar izan zuen eta, gainera, aitari laguntzen zion mediku ofizioan, praktikak egiten. Mediku titulua poltsikoan, odontologia espezialitatea Madrilen burutu zuen, eta karrera amaituta Arrasatera itzuli zen,
Luisen Medikuntzako Titulua
1928an.


Haginlari-kontsulta Nafarroa Etorbideko 1. zenbakian izan zuen lehenik – artean Paseo de la Estación genuen- eta geroago Erdiko Kalera igaro zen, 34. zenbakira. Juana Ugarte Ruiz de Iñurriarekin ezkondu zen 1932an eta bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Alberto – aitaren ofizioari segituko ziona- Maribel eta Mari Jose.  Berrogeita hamar urtez Arrasateko haginlaria izan zen Luis – Ubago Zaharra-  eta bere kontsulta ez ezik San Juan de Dios ospitaleko gaixoei ere atenditzen zien. Astean behin joaten zen Santa Agedara. Fraideetariko batek - Fray Tiberio- laguntzen zion gaixoekin.

Martinez de Ubagoren laguntzaileak aipatuz, asko estimatu zituen hasiera hasieratik berarekin izandako arrasatearrak: Glori Ugarte, Tere Olazabal eta Pili Oses. Hiruentzako hitz amoltsuak izan zituen Ubago zaharrak beti. Pilik gogoratzen duenez,zilarrezkoak ziruditen Ubagoren eskuek eta berarengana zihoazengan oroitzapen ona utzi zuen. Bezeroak Leintz bailara osokoak
zituen eta goiz eta arratsaldeko ordutegia beteta edukitzen zuten. Piliren esanetan, pixkanaka-pixkanaka bere seme Albertori pasatu zizkion bezeroak, Luisek gero eta atsedenaldi luzeagoak hartzen zituen bitartean.

Arlo politikoan indar handiz aritu zen gure pertsonaia Arrasaten. Errepublikaren aldekoa genuen - Lerroux zalea- eta 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan udal karguetara aurkeztu zen, baita hautatua izan ere. Ondoko emaitzak gertatu ziren, Errepublika ekarriko zuten hauteskunde esanguratsu haietan:  Luis Martinez de Ubago (Bloke antimonarkikoa. 248 boto) Bernardo Gomez (Bloke antimonarkikoa. 244 boto) Felipe
Alkate zenekoa, Udaletxean. 1934, kazetari batekin
Letona (Bloke antimonarkikoa. 244 boto) Eustasio Markaide (Abertzalea. 242 boto) Eugenio Resusta (Bloke antimonarkikoa. 209 boto) Isidoro Etxebarria (Monarkikoa. 207 boto) Patrizio Osinaga (Abertzalea. 205 boto) Robustiano Zubillaga (Monarkikoa. 205 boto) Antonio Pagoaga (Monarkikoa. 203 boto) Jose Zulueta (Monarkikoa. 202 boto) Zezilio Garro (Bloke antimonarkikoa.202 boto) Jesus Uranga (Bloke antimonarkikoa. 181 boto) Nikanor Axpe (Abertzalea. 181 boto) Nikolas Uriarte (Abertzalea 179 boto)


Beraz, Martinez de Ubago haginlari errrepublika zalea izan zen hauteskunde haietan botorik gehien jaso zuena. Hamalau lagun haiek osatu zuten II Errepublikako lehen udal batza, 1931ko apirilaren 17ko bileran. Zinegotzien arteko bozketa eginda, Eugenio Resusta aukeratu zen alkate eta Ubago lehen alkate ordea. Resustak 1933ko uztailean dimisioa azaldu zuen eta alkatetza Luis Martinez de Ubagori egokitu zitzaion, 1936ko martxoaren 11ra arte. Tarte horretan, besteak beste, 1934ko urriaren iraultzako ondorioak kudeatu behar izan zituen Ubago errepublika zaleak. Horri Nikolas Uriarte Zeberio abertzaleak jarraitu zion Arrasateko udal kudeaketan.

Lagun giroan, Martinez de Ubago haginlariak arrantza eta ehiza zituen afiziorik kuttunenak. Uribarri Ganboako urtegian eta Arrasate inguruko erreketan ikus genezakeen kainabera eskuetan, amuarrainen atzetik. Eta eskopetari dagokionez, Salamankako Vitigudino herrixkara joaten zen urtero lagun talde batekin. Ehiza-eraikitzaile bezala, urtetara torero ospetsua izango zen Santiago Martin “El Viti” eraman ohi zuten. Martinez de Ubago, Livino Stuyck Madrileko zezen plazako enpresarioaren adiskidea zen eta arrasatearrak harekin egin zuen berba, Salamankako torero gaia kontrata zezan. Zezenetako munduarekin lotuta, diodan, Martinez de Ubago oso marrazkilari ona zela eta trebetasun handia zuen zezen-eszenak ikatz-ziriz islatzeko.


Santa Agedako eraikin zentrala
Sanferminetako bisitari huts gabea izan zen eta astebete osoa ematen zuten Iruñea zaharrean Ubago eta Yeregi medikuek, beren emazteekin. Nafarroako hiriburuan, San Juan de Dioseko fraideen erresidentzian lojatzen ziren. Zer dela eta? Bada, biak Santa Agedan aritu zirela urtetan. Hain justu, Ubago 1929tik eta zarauztarra Arrasatera 1942an iritsi zenetik.

Bestalde, Kasinoko bazkidea zen eta biziki zituen atsegin tertuliak. Erdiko Kaleko bere etxean Yeregi medikua, Marco notarioa,Juan Manuel“Txifo” Azkoaga eta beste batzuekin biltzen zen ia egunero aktualitateko gaiak aztertzeko.

Jubilatu zenean, 1979an,  Madrilera aldatu zuen bizitokia Ubago zaharrak, nahiz eta sarritan hurbiltzen zen bere jaioterrira, bertan segitzen baitzuen haginlari lanetan Alberto semeak. Zarautzen ematen zituen udak eta 1987ko abuztuan osasun arazo bat izan zuen eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten. Zango bat moztu behar izan zioten. Horren ondorioz, irailaren lehenean hil zen eta biharamunean izan ziren elizkizunak Arrasateko parrokian.  Herriko kanposantuan ehortzi zuten.


Honaino, beraz, XX.mendeko Arrasateko historia txikian bere tokia izan zuen pertsonaiaren nondik norakoa. Gizaldi erdi batez arrasatearron osasuna zaintzen ihardun zuen Luis Martinez de Ubago Milikuak

MARTINEZ DE UBAGO SENDIARI BURUZ GEHIAGO:




Argazkiak: Martinez de Ubago Ugarte sendia / Carmelo Letona

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina