uztaila 20, 2016

ARABAYONA DE MÓJICA

Rodrigo Muxika Valdes
Ez dakit zenbat aramaioarrek ezagutuko duten Arabayona de Mójica herria. Nik behintzat ez nuen horren gaineko albisterik izan duela oso gutxi arte. Iruditu zait interesgarria herri horren berri txoko honetan ematea, gerta baitaiteke aramaioarren bat – oporrak aprobetxatuz- handik igarotzea eta behintzat kuku bat egin lezake, XVII.etik izen hori daraman lekua bisitatzeko.

Arabayona de Mójica deiturak garbi garamatza Aramaioko Muxikarrenganaino. Eta, hain zuzen, herri izenaren jatorria horretan datza. Salamancako ipar-ekialdean dago kokatua, Peñarandako lurretan. Nola, bada, izen hori? Badirudi, 1662 urtean Felipe IV erregeak saritu nahi izan zuela Rodrigo Muxika Valdes, Aramaioko jatorriko zalduna, beraren zerbitzuan berrogei urte baino gehiago aritzeagatik. Sariak maiorazko bat sortzeko aukera ematen zion Rodrigori, ordura arte Forniellos (Fornillos) deitutako herrian. Eta hala aldatu zen izena, fornillotarrak arabayotarrak bilkatuz.
 
Arabayona de Mójica-ko eliza
Aitortu behar da Rodrigoren gurasoak – Galaor Muxika Butron eta Ana Valdes- Salamancan bizi zirela eta han jaio zela Rodrigo 1601ean. Muxika Valdes hamazortzi urterekin hasi zen soldadu gisa Felipe IV erregearen aginduetara, Siziliako Tertzioan, Zelaiko Maisu izatera helduz. Erregearen Gobernu Kontseilaria ere izan zen. Carlos II.aren zerbitzuetara hil zen Madrilen, gortean goi mailako karguak izanez.

Uka ezin daitekeena da, Rodrigo Muxika Valdes salamankarra zen arren bere arbasoen herriaren oroitzapena zuela eta horregatik hautatu zuen bere fundazioko herriarentzat Aramaioko izena. Denboraren poderioz bilakatu zen Aramayona Arabayona. Bada, hori, baldin bazoazte Arabayonatik gogora ezazue istorio hau.


Arabayona de Mójicari buruz gehiago:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina