ekaina 18, 2014

SAN JUAN JAIAK 1914an

Jai egitaraua
Duela ehun urteko sanjuanetan herriko organoainauguratu zela nioen aurreko ekarpenean. Gaurkoan urte hartako jai egitarau osoa ekarri nahi dut, orduko hiritarrak nola dibertitzen ziren ikus dezagun. Udalak argitaratutako jai egitarau ofizialetik atera ditut datuak.

San Juan bezpera asteartea izan zen eta orduan ere arratsaldeko 3etan ekin zion jai egitarau ofizialak, suziri eta bonben bitartez iragarriz lau egunetako ekintzen katea. Txistularien banda – “banda de tamborileros”- kalez kale ibili zen, San Juan zortzikoa jotzen zuelarik. Gauean, Herriko Plazan – “Plaza Central”- dantzaldi publikoa programatu zen, jai guztietan inguru osoa bikain  argituta ageriko zela adieraziz.

San Juan egunean, goizeko 7etan hasi zen Musika Banda bazterrak alaitzen eta hiritarrak esnatzen – “despertará al vecindario”- dianen bitartez. Ordubete geroago txistulariak hasi ziren. Goizeko 11´30etan Musika Kontzertua iragarri zen Plazako kioskoan   –“en el elegante kiosko”. 

Santa Barbaratik
Bazkalostean, arratsaldeko 3´30etan, Zaldibarko frontoian – oholtzaz itxi egin zena- pilota partiduak jokatu ziren: Azkoitiko Txikito eta Juan Cuende – hirugarren koadrotik atereaz- Dongaitz Anaien kontra aritu ziren, azken horiek sakea edozein tokitatik egin ahal izanez. Eta arratsaldeko 5´30etan “Foot-Ball” partidua izan zen, Bergarako Shooting Club eta Arrasateko Club Deportivoren artean. Ez da adierazten non jokatuko zen, baina ezaguna da lehen futbol zelaia Etxaluze baserriaren ondoan egon zela.

Kirol erakusketekin jarraituz, arratsaldeko 8etan eta Zaldibarko frontoian Borroka Greko-erromatarra programatu zen. Borrokalariak, Javier Otxoa eta Rafaeli Bachieni izan ziren, besteak beste Espainiako eta Italiako txapeldunak. Eta eguneko egitarauarekin amaitzeko, gaueko 9etan Herriko Plazan su artifizialak errez iren, Gasteizko Cerrajeria pirotekniatik ekarrita. 

Eta gauerdira arte, Hornidura Azokan, “Funcionará el Cinematógrafo, exhibiendo películas de actualidadHorerzaz gain, Musika Bandak, txistulari eta dultzaineroek Dantzaldi Publikoa alaitu zuten, arratsalde eta gauez.

Dantzaldi publikoa Plazan
 Ekainaren 25ean, goizeko egitarau musikala Musika Bandak eta txistulariek bete zuten, bezperako ordutegi berdinarekin. Pixka bat geroago, 10etan Biteri Eskola eta Marrazki Akademiako lanen erakusketa inauguratu zen eta amaieran sari banaketari heldu zitzaion bi zentroetan. Dantzaldi publikoa 11´30etan izan zen eta jarraian Umeen Aurreskua.

Arratsaldeko 3etan Zaldibarko Frontoian beste pilota partidu bat programatu zen, Lekeitioko Zapaterito – sake librez- Bergarako Cantabria eta Azkoitiko Pequeñoren kontra, azken horiek hirugarren koadrotik atereaz.  Horrezaz gain, dantzaldi publikoa izan zen arratsalde eta gauez, su artifizialak Herriko Plazan eta  Zinematografoan pelikula batzuk proiektatu ziren.

Igandea, hilak 28,  izan zen egunik ponpoxoena, Musika Banda eta txistularien ohiko kalejirari goizeko 10etan Meza Nagusi Ospetsuak segitu baitzion Parrokian. Zeremonian, organo berria inauguratu zen.

Goizeko 11´30etan, bigarren musika kontzertua herriko Musika Bandarekin, eta arratsaldeko 3´30etan hirugarren pilota partidua, profesionalekin. Etxaluzeko futbol zelaian, berriz, 5´30etan Gasteizko New Club eta Club Deportivoren arteko futbol partidua jokatu zen. Egunari amaiera dantzaldi publikoarekin eman zitzaion.

San Pedro egunean, goizeko 9etan Txirrindulari txapelketa nagusia izan zen, estatu mailako txirrindulariekin. Bezperara arte eman zitekeen izena, eta lasterketak ez zuela 35 kilometro baino gehiago izango iragartzen zen egitarauan. Inskripzioa doakoa izan zen eta lau sari eman ziren, 50, 25, 15 eta 10 pezetakoak.

Goizeko 11´30etan jaietako hirugarren musika kontzertua burutu zen. Bazkalostean, arratsaldeko 4etan, beste pilota partidu bat jokatu zen, herriko Eskola Kolonien alde, lehen mailako pilotariekin. Eta arratsalde zein gauez, Erromeria Nagusia, Biteriko lorategi eta etorbidean, Musika Banda eta herriko Txistulariekin. Bertan – egitarauak zioenez- “lucirá una artística iluminación eléctrica y veneciana
=============.===========
Musika Banda, 1911an
Musika Bandako argazkia 1911koa da. Jose Mari Uranga historialariak urte hartako musiko batzuk ezagutu zituen eta beren izen abizenak utzi zizkigun. Omenezko keinu bat izan daiteke, gaur haiek gogoratzea. Eta barka dezatela gainerakoek. Begira: 

Goiko ilaran, zutik ezkerretik: lehena Rufo Aranbarri eta estandarterekin  Antonio Lasagabaster “Arrasate”
Bigarren ilaran, ezkerretik: bigarrena, Daniel Arkauz; laugarrena Migel Sanpedro; Jose Urionabarrenetxea “Bizar”; Aranbarri eta Leibar. 
Hirugarren ilaran, ezkerretik: lehena, Eusebio Uribetxebarria “Txiki”; laugarrena Santiago Olazabal; Seigarrena, Jose Mari Zarraoa.
Eserita, ezkerretik: bigarrena, Arana “Potxo”; Gaspar Madinabeitia; Gillermo Lasagabaster (zuzendaria); Fernando Amozarrain; Pedro Areanbarri “Aundi”; Jesus Ortuoste.
Lehen planoan dagoen umea: Martin Aranbarri. 

Argazkia Biteriko Lorategietan dago aterata.Urte hartan bertan eraman zuten kioskoa plazara, bere tokian Biteriren estatua jartzeko. Atze aldean, Barrena Etxea agertzen da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina