abendua 12, 2012

JOSE MARI AZKARRAGA “LUR-GORRI”. 75 URTE FUSILATU ZUTELA.






JOSE MARI AZKARRAGA "LUR-GORRI"
Duela hirurogeita hamabost urte, 1937ko abenduaren 16an, Jose Mari Azkarraga Mozo 21 urteko gaztea fusilatu zuten Derioko kanposantuan. EAJko kidea genuen eta Ariztimuño eta San Andres bataloietako komisario politikoa izan zen. Ordudanik emandako denbora arren, oraindik bizirik irauten du Azkarragaren gaineko oroitzapenak, bai hura ezagutu zutenen baitan –gero eta gutxiago- eta baita, bere euskal aberria maitatzearen bekatuarengatik  biziarekin ordaindu zuen gazte haren ibilbidearen nondik norakoetan arakatu ahal izan dugun guztiongan ere.



ANAIA-ARREBAK, 1934an
Sendi abertzale eta euskaltzale batean jaio eta hezia, aurki sortu zen Jose Marirengan bere herriaren kulturarako interesa Madrilen Zuzenbide ikasketak egiten ari zela Euzko Ikasle Batza-ko lehendakari izendatu zuten 1933an. EAJ eta STVn afiliatua, garaiko euskal aldizkari eta egunkarietan idazteari ekin zion 1932an, “Lur-Gorri” izengoitia erabiliz. Frankisten 1936ko uztailaren 18ko altxamenduak Aramaion harrapatu zuen, herri honetan ematen baitzituen Jose Mariren sendiak denboraldi luzeak.



ARAMAIOKO ETXEA
Bere alderdiaren zerbitzuan jarri zen eta hark gero Amayur batailoi izango zenaren lehen zeluletako bat antolatzeko agindua eman zion, batez ere Leintz bailara eta Aramaioko gazteekin.



Gerrako frontera Euzkadi egunkariaren korrespontsal bezala heldu zen, Legutioko gertaeretatik Asturiaseko eszenategirainokoak aurkeztu zituelarik. Ariztimuño batailoiko komisario politiko izendatu zuten 1937ko erdialdean, eta handik gutxira San Andresekoa. Santoñako itunean frankistek atzeman eta sasi epaiketa baten ondoren heriotzara kondenatu zuten eta baita fusilatu ere. Modu horretan, bere herriaren gogoa maite zuen gaztearen bizia itzali zuten matxinatuek, hain zuzen ere bere azken orduetan, osotasun eta duintasunaren ereduak izanagatik han eta hemen barreiatu ziren eskutitz zoragarriak idazteko kemena izan zuen gaztearena.



PAKO SALABERRI ETA ANAIAREKIN
Jose Mari Azkarraga, bere herriaren balio kultural eta sozialak gizarte osoarentzat berreskuratzeko kontzientzia izan zuen euskalduna dugu. Helburu horren atzetik lan egin zuen amore eman gabe. Eta horren adibidea da, heriotza zigorraz jabetuta gero ere El Duesoko kartzelan “Espetxean” aldizkari klandestinoaren hirugarren alean idazteko izan zuen kemena. Bere azken artikuluan –1937ko zortzian!- urte bereko ekainean fusilatutako Estepan Urkiaga “Lauaxeta”ri buruz aritu zen.



Presoek eskuz idazten zuten aldizkariaren laugarren zenbakian, abenduaren 25ekoa, honela zioen egile anonimo batek, “Lur-Gorri”ri eskainitako “Flor caída” artikuluan: “Has sido digno del poeta que te precedió en la muerte. Cuando trazaste la introducción a su poesía póstuma, no presentías tan próximo tu fin. Cantabas a la Inmaculada, y en tu prosa palpitaba el cariño hacia el hermano y la admiración hacia el poeta. ¡Ah, si yo pudiera honrarte como tú honraste a Lauaxeta”



Ezin dut idazkiño honetan sartu gabe utzi, “Lur-Gorri”k sortutako poematxoa. Ene ustez, gazte hark transmititzen jakin izan zuen sentimendua gordetzen du: Eta zugandik urrun, mundua nitaz ahazten denean; jatorriz ibar hauetakoa naizela eta bertan jaio nintzela inork ez dakienean ere, nire bihotzak maite egingo zaitu”


 
================..=============

"Lur-Gorri" hil zuten egunean eskutitz batzuk idatzi zituen,  sendikoentzat, laguntzentzat eta alderdiko agintarientzat. Hona hemen haietako bi, gurasoei eta arrebei,aurrena,  eta bera bezala heriotzara kondenatua zegoen hamazortzi urteko anaiarentzat, bigarrena.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina