Arrasateko historian emakume gutxi
izango da, Albina Madinabeitiaren ospe mailara iritsi direnak. Estatu osora
irradiatu zuen biolin jole handiak bere kalitatea gazte-gaztetatik, eta oso
ekarpen baliotsua izan zen arrasatearrarena. Denboraren joanak erdi estali
dizkigu Albinaren lorpenak eta emakume aparta izan zelako iruditu zait egokia
dela – agian justiziakoa dela esan beharko nuke- txoko honetan toki bat ematea
gure herrikidearen ibilbide artistikoari.
 |
| Albina Madinabeitia, 1977an |
Ekin diot Albina Madinabeitiaren gaineko bizitzaren zertzeladak
eskaintzeari, Arrasateko
emakume honen ibilbide artistikoa irakurleei
hurbiltzearren. Honako hauek dira kapituluak:
Albina Madinabeitia Arizaga Arrasateko biolin jole ospetsua 1909ko otsailaren 5ean jaio
zen, arratsaldeko 5etan. Gurasoak Nazario Domingo Madinabeitia Altube
arrasatearra eta Kandida Arizaga Gaztelu aretxabaletarra izan ziren. Sendia
Biteri Etorbideko lehen zenbakian bizi zen eta aitaren ofizioa urtzailea zen,
garai hartan Unión Cerrajera S.A enpresako langilea. Sasoi hartarako bitxia
irudi badaiteke ere, Albinari izen bakar bat jarri zioten pontean. Bikoteak sei
seme-alaba izan zituen baina Albina bakarrik iritsi zen nerabezarora, beste
bostak oso txikitxoak hil baitziren.
Albinari musikarako zaletasuna nondik heldu zitzaion adierazteko, diodan
aitaren aldeko Albinaren aitona Migel Madinabeitia Aristegi izan zela,
hamarkadatan Arrasateko udal idazkaria, alde batetik, eta idazle eta kultura
gizon esanguratsua, bestetik. Udal idazkariaren etxean musika zaleak ziren –
emaztea Altube zen, Sebero eta Benigno musikarien izekoa- eta ez da bat ere
harrigarria Albinak ere zaletasun hartatik zuzen-zuzenean edatea.
Arrasatera itzuli berria zen Albina 1977an
eta biolin jole orduantxe erretiratuari elkarrizketa bat egitea proposatu nion,
Deia egunkarirako. Urte hartako abenduaren 31an publikatu nuen idazkitik ondoko
orrietan joan naiz tartekatzen zati batzuk, Albina hurbilagoa eduki dezagun.
“Betidanik ezagutu dut nire burua
instrumenturen bat eskuan dudala. Lehenik mandolina jotzen nuen. Baina nire
osaba batek mandolina txotxokeria bat zela esan omen zion nire aitari eta
orduan lehen biolina erosi zidan aitak. Aurreneko ikasketak aitak eman
zizkidan, sei urte nituela. Bederatzi urterekin ezagutu nuen lehen maisu
profesionala"
Nazario Madinabeitia aitak lehen klaseak eman
zizkiola dio Albinak, eta haren musikako hastapenetan norekin ibili zen
ziurtatzerik ez dudan arren, Sebero Altuberen adinekoa zenez gero, Juan Jose
Maria Rodriguez Arrizabalaga “Maixu Zaharra”rekin ikasiko zuela esatera
ausartzen naiz, Seberok egin zuen bezala. Rodriguez Arrizabalaga eskolako
klaseak ez ezik, solfeokoak ere ematen zituen eta bera izan zen Arrasateko
lehen txarangaren zuzendaria.
Nazario Madinabeitia eta Sebero Altube
lehengusu propioak ziren. Azken honen biografia 1979an publikatu nuenean,
Seberoren gutun bat eman nuen ezagutzera, aita Nazario hil zitzaiola Seberok
Albinari zuzendua. Hona hemen zatitxo bat.
“No puedo
olvidar los muchos y buenos ratos que, cuando éramos muchachos, pasábamos los
dos solos, allí en la goiko-sala de la casa Altube: Nazario con una
sonora guitarra y yo con un viejo violín. Yo estudiaba entonces armonía y
composición de música y le explicaba los acordes de la guitarra propios para
acompañar las melodías que yo raspaba en dicho violín”
Albinaren adinkidea zen Valentin Letona arrasatearrak ere Nazariorekin ikasi
zuen, eta Valentinek erabilitako musika-koadernoan ikus daitekeenez ikasketetan
Vicente Letona aitaren apunteak erabili zituen. Vicentek ere “Maixu
Zaharra”rekin ikasi zuen. Beraz, apunte haiek XIX.ren azken hamarkadetara
eramaten gaituzte, eta orduantxe jar genezake Albina Madinabeitiaren
biolinerako zaletasunaren abiapuntua.
 |
| Albinak ziurrenik erabiliko zuen lehen metodoa |
Esan dezadan, bestalde, gero ikusiko dugun
bezala Albinak zazpi urterekin Eibarren emandako bere lehen kontzertuan, Vicente
Letonaren biolina erabili zuela eta handik urteetara Albinak erosi nahi izan
ziola Valentini, sekulako oroitzapen onak baitzekarzkion instrumentuak. Barne historiak.
Iturri hurbila ere izan dut idazki honetarako
Gloria Abanda Cendoya kazetariak 1991ko
uztailaren 7an, Diario Vasco egunkarian argitaratu zuen elkarrizketa. Bertatik
atera ditut zati batzuk eta ondokoa da horietako bat:
“Mi padre era un gran aficionado y mi tío
Gaspar Madinabeitia era un fenómeno tocando la tuba, siendo solista de la Sinfónica
de Madrid y de la Opera del Teatro Real. El sabía que en el Conservatorio de
Barcelona estaba el donostiarra profesor Ibarguren, que veraneaba en Salinas.
Así que mi padre me llevó allí para que
me escuchara, y una vez que lo hizo el maestro decidió que tenía que estudiar
muy seriamente. Como era demasiado pequeña, me llevaron a vivir con ellos
después de haber conseguido una beca de la Diputación de Guipúzcoa"
Bartzelonara 1918an heldu zen Albina, artean
umetxoa. Berak aitortzen zuenez, behin “El Siglo” merkatal-saltoki handi bateko
ugazabak, Albina biolina jotzen ikusi ondoren, jolasteko sukalde bat oparitu
zion. Bizitzaren gauzak! Aparteko artista bihurtzeko bidean eta, batera, ume jostailuekin gozatzen ari.
Gaspar Madinabeitia izan genuen Albinaren
erreferenteetariko bat. Osaba zuen eta musikako profesionala izan genuen lehen madinabeitiatarra. Historiak baditu bere alde argiak
eta, gainerakoak, erdi edo zeharo ezkutuak geratzen dira. Arrasateko musikaren
historian Madinabeitia abizenak badu bere tokia – batez ere Albina biolin
joleari esker. Albinaren aita ere, Nazario, musika zalea zen. Baina sendi horretan bada beste kide bat, Nazarioren
anaia Gaspar, bere abentura musikala ere burutu zuena. Nazario eta Gaspar,
Miguel Madinabeitia Arrasateko historialari eta udal idazkariaren semeak
ditugu. Gaspar Madinabeitiari toki berezi bat eskainiko diot laster “Hots begi
danbolinak” blog honetan bertan. Jarrai dezagun, beraz, Albinarekin.
Behin galdetu zioten Albinari zer izango zen
bere bizitza ez balio aita zenak biolin bat erosi. Eta Albinak garbi asko
erantzun zion kazetariari:
“Ziurrenik Unión Cerrajera-ko langileren
batekin ezkonduko nintzen eta seme-alaba ugariren ama izango nintzen”
Goian Clemente Ibarguren izena aipatu digu
Albinak eta aurrera baino lehen datu pare bat eman nahi ditut biolin jole trebe
horren gain. Donostiarra zen jaiotzez, 1850ean jaioa, eta gaztetatik musikaren
arlo bohemioarekin lerrotu bide zen. 1878an Parisen dago, biolina jotzen,
Espainiako Estudiantinarekin. Isaac Albenizekin batera Espainia eta Amerika
zeharkatu zituen. Pablo Sarasateren laguna zen eta nafarrak lortu zuen
donostiarraren bizimodua nolabait zuzentzea, eta horren ildotik Bartzelonako Musika
Kontserbatorioan erdietsi zuen Ibargurenek biolineko irakaslearen plaza.
Jubilatutakoan, Donostian eman zituen azken urteak eta bertan hil zen 1933an.
Prentsako nekrologikoetan adierazten zen, Ibargurenen ikasleen artean Albina
Madinabeitia gailentzen zela.
Argazkiak: JMVM