2026KO SAN JUAN JAI OSASUNTSUAK ARRASATEARROI!!!
Ondoko hauxe da duela 80 urteko jaiak gogoratzen dizkiguna
Beste behin agertzen gara txoko honetara San Juan jaietako berriekin, batez ere han eta hemen barreiatuta dauden albistetxoak bildu guran. Laurogei urte eman dira gaur azaldutako ospakizunak izan zirenetik… eta munduak aurrera jarraitzen du, lasai asko. Eman nahi zaien garrantzia dute albisteek eta horrela aztertu behar da ekarpentxo honena. Dena den, funtsean… antzerako ardatz berdintsuen inguruan mugitzen gara.
Azpimarratzekoa da, aurreko urtean bezala, 1946ko esku egitarauaren udal koadernotxoaren aurrealdea Julio Galarta pintoreari enkargatu zitzaiola. Eta Galartak perspektiba kaballera artistikoaz baliaturik irudi ederra osatu zuen. Baina goazen egitarauarekin, 1946ko ekainaren 22,23,24,25 eta 29 egunetan burutu zena. Honela irakur zitekeen, eskuko koaderno hartan:
Ezer gutxi esan dezaket jai hartaz, oso albiste bakanak heldu baitzaizkigu… Arrasate eternitate batez urrundua zegoen (eta dago) Donostiako prentsatik. Eta iritsi zaizkigunak kirol arlokoak ditugu. Begira:
Pilota partiduei dagokienez, Trinketean (gero Gurea izango zena) jokatuak, 23koan: Bolinaga eta Mondragones II arrasatearrek 22-10 irabazi zioten Etxabe IX eta VI bikoteari; Mondragones izan bide zen onena. Eta bigarren partiduan Zugadi eta Uranga 22, Unamuno eta Murua 14. San Juan egunekoan, berriz, Zurdo de Mondragon eta Arriaran II 22, Felipe eta Mallabiako Txikito, 15. Onena Arriaran. Bigarren partiduan, Peru eta Txara 22, Olaskoaga eta Etxabe VIII 13.
Futbol partiduei begira, bitxikeria bat gertatu zen. Programatua zegoen norgehiagoketa bat ekainaren 23rako Deportivo Alaves eta Arrasateko selekzio baten artean. Baina hiru egun lehenago babazorroak Madrilen Federazioko Txapeldunak gertatu ziren… eta ospakizunetan galdu bide ziren. San Juan egunean, ordea, publiko ugari bildu zen urtebete lehenago inauguratutako Iturripe futbol zelaira. Bilboko Athletic eta Donostiako Real Sociedad aritu ziren, eta donostiarrak izan ziren garaileak 3-0. Honako futbolariak aritu ziren:
Athletic: Lezama; Bergaretxe, Gainza; Zelaya, Bertol (kapitaina), Nando; Bilbao, Irarragorri, Venancio, Albizua eta Sañudo.
Real Sociedad: Sebitas; Etxaniz, Gabilondo; Garbizu, Patri
(kapitaina), Markuleta; Perez, Campos, Vazquez, Ontoria eta Pedrin.Camposek sartu zituen bi gol eta eta Vazquezek bat. Arrasateko Patri Egidazu futbolari handiak jaso zuen herriko agintarien eskuetatik jokoan zegoen garaikurra.
Gainerako ekitaldi eta ospakizunei buruz ezer gutxi idatzi zen. Carmelo Ballester gotzainaren presentziak jende asko eraman zuen elizkizunetara, hori bai, eta musika bandak jo eta ke aritu ziren goiz-goizetik. Ordudanik, laurogei urte eman dira.
JAI EGITARAUKO MERKATAL ZENBAIT IRAGARKI
SAN JUAN JAIEI BURUZ GEHIAGO
1885
https://txemax3.blogspot.com/2022/06/san-juan-jaiak-1885ean.html
1918
https://txemax3.blogspot.com/2024/06/san-juan-jaiak-1918-kronika-oso-bat.html
1925
https://txemax3.blogspot.com/2025/06/arrasaten-duela-ehun-urte-1925-ekaina.html
Himnoak
https://txemax3.blogspot.com/2011/06/san-juan-himnoak-arrasaten.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina