ekaina 10, 2026

XVI. MENDEKO ARRASATEKO PARROKIAREN ERRETAULA

Pedro de Ayalaren San Juan Bataiatzailea, XVI. mendekoa

Uribarri Ganboako erretaula barrokoa adiskide arrasatearrei erakusten diedanean, eskatzen diet unetxo batez begiak itxi eta euren buruak San Juan Bataiatzailea parrokian kokatzea. Behin begiak irekiz gero azaltzen diet aurrean daukaten erretaula, 1628tik 1913ra arte Arrasateko eliza nagusia presiditu zuenaren antzerakoa dela. Egilea Pedro de Ayala izan zen. Desberdintasunak desberdintasun, orohar Pedro de Ayalaren estiloan garaiko korronte artistikoen eragina nabarmendu zen eta, Uribarri Ganboako elizan ez ezik Arabako beste batzuetan ere egiaztatzen da hori. Eta suposatzen dut Arrasateko erretaulari ere aplika genezaiokeela, nahiz eta erreferentzia grafikorik geratu ez zaigun... irudiren baten kasua ezik.

Uribarri Ganboako eliza 1930ean

Uribarri Ganboako erretaula

Pedro de Ayalaren estiloa oso nabarmena  da, erromanismo aurreratutik errealismo barrokorako duen bilakaeragatik. Esteban Velasco gasteiztarraren eta Azpeitiko Juan de Antxietaren lantegien eragina ikus daiteke bere lehen lanetan.  Erromanismoa Europako manierismoaren (Berpizkunde amaierako) mugimendu piktoriko eta eskultorikoa zen, batez ere Rafael eta Migel Angelen eraginpean. Geroago, Gregorio Fernandez artista gaztelarraren lanetik zuznean edanez barrokoaren lehen zantzoak erakusten dizkigu Ayalak. 

Uribarri Ganboako San Juan Bataiatzailea
Erromanismoaren fasean, kontraste leuneko irudi atletikoak, taila-kalitatea eta konposizio konbentzionalak ditu ezaugarri. 1620tik aurrera Gregorio Fernandezen eragina du nabarmen; hori dela eta, gainazalen tratamendu gogorragoa eta nolabaiteko argi-iluntasuna ikus daitezke tolestura tratamenduari esker.

Pedro de Ayala Gasteizen jaio zen 1569an eta 1646an zendu zen Arabako hiriburuan. Juan de Ayalaren biloba  eta Frantzisko de  Ayalaren semea zen.  Aitona izan genuen eskultore erlijiosotako saga honen aitzindaria. Pedrok Gasteizko familiaren tailerrarekin jarraitu zuen.

Jose Mari Urangari esker dakigu Pedro de Ayala 2.000 dukatetan itxi zuela Arrasateko errataularen lana 1628an, eta 1630eko San Migel egunerako amaituta egon behar zuen. Datu horien arabera, Pedro de Ayalak Arrasateko eta Uribarri Ganboako erretaulak sasoi berdinean burutu zituen. Horregatik ez da harrigarria, Uribarrikoan ere San Juan Bataiatzailearen irudia aurkitzea.

XVI.eko San Juan Bataiatzailea
behin Udaletxetik berreskuratuta

Arrasateko erretaula, Uribarrikoa bezala, hiru kalekoa zen, eta irudi zentrala, noski, San Juan Bataiatzailea zuen. Pedro de Ayalaren erretaulak 1913ra arte iraun zuen, urte hartan ordeztu baitzuten beste batengatik, 1953ra arte ikusi ahal izan zena.

1913an errataula kendu zenean San Juan Bataiatzailearen irudia zokoratu bide zen, eta errataula berrian beste batek ordeztu zuen herriko zaindaria. Parrokiaren berriztatzeko obrak amaitu ondoren 2000. urtean argitaratutako “Una interesante e inacabada historia” liburuan irakurtzen den moduan, XVII. mendeko San Juanen irudia “pesimamente almacenada y milagrosamente salvada en el desescombro de los camarotes del Ayuntamiento…” behin errestauratuta “exhibiendo los avatares de su historia, vuelve a presidir, después de casi un siglo de ausencia, la iglesia que lleva su nombre”

Beraz, parrokiaren buruko bi beirateen arteko San Juan irudia da, Pedro de Ayalak 1628-30 bitartean egindako errataularen pieza bakarra.

Argazkiak: JMVM ,  “Una interesante e inacabada historia” liburutik eta Arabako Artxiboa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina