urria 26, 2019

ARAMAIO JULIO GALARTAREN ESKUTIK


Atzo ostirala Julio Galarta (1917-2011) margolari arrasatearraren erakusketa inauguratu zen Aramaioko Sastiñan, eta azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai. Lerro batzuk eskatu zizkidaten katalogorakoa eta hona hemen:


"Julio Galarta pintorea liluratuta zegoen Aramaioko paisaiarekin. Biziki atsegin zuen auzo desberdinetako bazterrak pintzelen bidez bere oihalera jasotzea eta aukera zuen guztietan herri honetako edertasunaz mintzatzen zen.


Aramaiok Galartari zerbait zor ziola pentsatu dut beti, bien arteko hamarkadatako gogo loturan pintorea izan baitzen eskuzabalen aritu zena. Orain, Sastiñako erakusketa honekin, esan genezake balantza parekatu egin dela. Eta bi aldeak garaile atera direlakoan nago.


Bisitariak Galarta artistaren maisutasuna aurkitzen du Sastiñan erakutsitako margo lanetan. Argia darion Aramaio bikain islatu zuen pintoreak eta orain arte beste inork ez bezala uztartu zituen bere obran artea eta motiborako lilura. Izan ere, sentimendurik gabe ez da artea posible. Horregatik da hain ederra Galarta-Aramaio binomioa!"


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina