maiatza 08, 2019

BENANTZIO GAZTAÑARES ARRASATEARRA, BETARGI



Benantzio Gaztañares Villar

Benantzio Gastañares, EAJren Arrasateko kide konprometitua, fusilatua izan zen 1936ko urrian. Karmen Garcia Gorosabelekin zegoen ezkonduta Benantzio. Euskal literaturak, Sebero Altuberen eskutik, denon ezagutzara ekarri zuen bikote haren tragedia. Karmen eta Benantzio, Laztantxu eta Betargi bihurtu zituen Altubek bere eleberri laburrean, Arrasate beharrean Arrasturi esaten dion herrixkan garatutakoa. 

Urte asko igaro behar izan dira, izen horien gaineko Altuberen zergatikakoaz nire baitan  ideia zehatz samarra edukitzeko. Seberoren biografia 1977an prestatzen ari nintzenean Karmen Garcia Gorosabel ezagutu nuen. Eta bere ahotik jakin nuen Benantziok, Karmenen ordez, Laztantxu esaten ziola batzuetan, maitekiro. Hor amaitu ziren bere aitorpenak bikotearen intimitateaz. 

Eta Betargi, nondik nora? galdetu diot nire buruari sarritan, harik eta “Euzkadi“ egunkaria -izparringia- errepasatzeari ekin arte. Duela hilabete batzuk hasi nintzen lan horretan, eta Arrasateko korrespontsal euskaldun desberdinen artetik indar bereziz Getarbe izenordekoa nabarmentzen zela ohartu nintzen. Begietako oihala ireki zitzaidan bat-batean: hantxe neukan Betargi, argi eta garbi... niretzat. 

(Irakurri behean)
Ziur nago Altubek ezagutzen zuela Benantzioren idazteko zaletasuna eta afizioan  zerabilen gaitzizena. Beraz, ez zuen euskaltzain arrasatearrak burua larregi estutu behar izan, bere nobelako protagonista arraren izena asmatzeko. Getarbe Betargi izango zen, doinu aldetik bigarrenak oihartzun gardenagoa azalduko baitzion Seberori. 

"Eta? -botako dit bateon batek- "Hori inportante al da?"  Garrantzia zer den erlatibotasunean datzala ihardetsiko nuke. Arrasaten 1931-36 urteetan euskal idazle izan nahi zuen Benantzio Gaztañares Villar izeneko gazte bat bazela ezagutzeak niri behintzat argazki berri bat eskaintzen dit aldi hartako Arrasateko euskal giroaz. Eta horri bere garrantzia ematen diot, nolako tamainakoa den bost axola didalarik. 

Diodan, halaber, Benantzio EAJren hizlaria zela eta zenbait mitinetan aritu zela. Arrasateko Langile Katolikoen Zentroaren artezkaria izan zen, eta Karmen Garciarekin 1935eko urriaren 10ean ezkondu zen. Handik urtebetera, 1936ko Urriaren 21ean hil zuten Benantzio-Getarbe-Betargi, 29 urterekin, Hernaniko kanposantuan, beste hainbat arrasatearrekin batera. 

Eta orain ikus dezagun Getarbe izenordearekin Euzkadi egunkarian –izparringian, orduko terminologiaren arabera- Benantzio Gaztañaresek argitaratutako idazlanen lagintxo bat. Aurrena, 1932koa da, azaroaren 18koa, eta Arrasateko langileentzako dei bat izan nahi du, Gasteizen egun batzuk lehenago bizi izandakoa deskribatu ondoren: 

“Nork esan bear zuan orain urte bete dala, Gazteizen euzko-langileak nagusi jarri bear zirala. Amesetan be ezkendun oldoztuko olakorik! Bañan gaur, zorionez, argi ta garbi ikusten da euren indarra. Areik bazkide apurrak lelengo lanian asi ziranak, orain eldu dira mila ta berreun bazkide izatera, urte bete barruan. Mila ta berreun! Ze gorakada ederra! 

Ta nola eldu dira, ain denbora gutxitan hainbeste bazkide izatera? Lendabizi, ikusi dabelako Gazteizko langileak Euzko-Langile Alkartasuna dala, iñok baño obetuago zainduko dabena, euren langiletasuneko obeto izatia ta baita ikusi dabelako, bear-bearrekoa zala, euzkaldun anayakin alkartutzia, laneko arazuak, Aberria ta ziñismena zaindutzeko.

Bañan geyen be, gorakara ori egin dute bazkide guztiak, lantegi, ardotegi ta txaide guztietatik ziar, eten gabe ta nekatu barek, lana egin dutelako euzko-langiletasunen aldez. Gorakara eder au ospatzeko, igari dan igandean jai aundi batzuk egin zituzten Gazteizen eta jai orretara erri ontatik jun ziran langile mordo bat, arabar anayak besarkatzera ta eurakin nasai eguna igarotzera. 

Ikasbide aundi bat eman dauskube arrasatetarroi Gazteizko eusko langileak, erakutsiaz zelan egin bear dan lana Euzko-Langile Alkartasunaren aldez eta gu be beratuak gaude, ikaskizun ori jarraitzeko, danok nekatu barik lana egiten, eldu gaitezen euzko-langileok gure erri maite onetan nagusi izatera. Ekin ba!” 
 
Bigarren honetan, berriz, 1931ko azaroaren 8an, Getarbe lirikoagoa –ia-ia mistizismoraino ailegatuz- agertzen zaigu. Garagartzako elizaren argazki bat bidali zuen egunkarira eta honako oina ipini zion: 

“Zubi-zarretik bei-bustarrijagaz geure baserritarra dua. Ur-garbiya baketan dago, zeruko oskarbitasuna altzuan daukola. Ostian ertxadona edo elexea. Orixe dogu geure bixitza: lana eta uzkurtza. Ur-garbi ori esker baketsu dagoz geure barrubak, goguak. Eta aspertu-barik laneri gagoz. Ziñismenak jaso edo iragi ebazan torriak zerurantz beguratuten dabe. Zelako ikuskizunak guztijontzako!” 

A!Eta Euzkadiegunkarian Benantzio eta Karmenen ezkontzaren berri daman albistea aurkitu dudanez gero... hona hemen:
Euzkadi, 1935-10-16
Hurrengo batean, gehiago.

Argazkiaren oina: 1931ko uztailaren 12an euskal estatutuaren aldeko ekitaldi handi bat izan zen Gernikan eta bertara arrasatear talde bat joan zen. Argazkian daude haietako batzuk: lehen lerroan Benantzio Gaztañares eta bere eskuinean Sabin Arrieta. Atzean, trajedunak, Sebero Altube eta Jose Antonio Agirre.

Argazkiak: JMVM

maiatza 04, 2019

ALBINA MADINABEITIA. Azken urteak Arrasaten

Arrasateko historian emakume gutxi izango da, Albina Madinabeitiaren ospe mailara iritsi direnak. Estatu osora irradiatu zuen biolin jole handiak bere kalitatea gazte-gaztetatik, eta oso ekarpen baliotsua izan zen arrasatearrarena. Denboraren joanak erdi estali dizkigu Albinaren lorpenak eta emakume aparta izan zelako iruditu zait egokia dela – agian justiziakoa dela esan beharko nuke- txoko honetan toki bat ematea gure herrikidearen ibilbide artistikoari. 
Albina Madinabeitia, 1977an
 Ekin diot Albina Madinabeitiaren gaineko bizitzaren zertzeladak eskaintzeari irakurleei hurbiltzearren. Honako hauek dira kapituluak:

 Amaitu nuen aurrekoa Albina eta Espainiako Orkestra Nazionala uztartuz. Oraingo berri eta azken honetan gai horrekin abiatuko naiz, izan ere Orkestra hori izan zen Albina Madinabeitiak denbora gehien eman zuen lantokia, agian, beteena, nahiz eta bakarlari gisa aritzeko aukerak oso bakanak gertatu zitzaizkion. Lehen biolina izan arren, talde lana zen garrantzitsuena eta arrasatearrak sakrifikatu behar izan zuen bere artea; behintzat ez zen 1932z geroztik hain nabarmena gertatu. 

Espainiako Orkestra Nazionala 1937an sortu zen, hain justu gerra zibilean, baina 1942an jar daiteke elkartearen berreraketako data. Albina, beraz, Orkestra abiatu ondoren inkorporatu zen arren, une erabakigarrian heldu zen elkartera. Eta bertan aritu zen 1977an jubilatu arte. Urte batzuetan emakume bakarra izan zen Orkestran; hala ere, bere lankideen oroitzapen onak izan zituen beti, nahiz eta batzuetan denetariko lanak egitea suertatu zitzaiola umorez kontatu zidan: 
Arrasateko bere etxean, 1977an

“En una de las grabaciones para disco que hicimos con zarzuela, nos dio las tantas de la noche y ya de madrugada teníamos un hambre de aúpa, por lo que Ataulfo Argenta nos pidió a una de las cantantes solistas – Mary Carmen Alvira- y a mí que fuéramos a buscar algo de comida. Las grabaciones las hacíamos en el Cinema Monumental, al que se llegaba desde Atocha en su confluencia con la plaza Antón Martín. Cualquiera que conozca el lugar sabe que a las cuatro de la madrugada no hay nada abierto en ese lugar. Pero tuvimos la suerte de que pasara un barquillero. ¡No veas el recibimiento que nos hicieron los miembros de la Orquesta cuando llegamos con todo el cargamento de barquillos!” 

Estatutik zehar ez ezik, Albinak Europa, Amerika eta Asiako hainbat eszenategitan jo zuen Orkestrarekin. Albinak berak adierazitako zuzendari entzutetsuez gain, XX. mendeko  goi instrumentari eta abeslari askorentzat jo zuen: Arthur Rubinstein, José Iturbi, Alicia de Larrocha, Yehudi Menuhin, David Oistrakh, Mstislav Rostropovich, Jean-Pierre Rampal, James Galway, Victoria de los Ángeles, Jessye Norman, Gundula Janowitz, Teresa Berganza…

Albinak ez zion batzuetan balaztarik jartzen bere hitz jarioari eta mingainetik tiratuz gero entzun zekiokeen zorte handia izan zuela ez baitzuen inoiz Von Karajan zuzendari entzutetsuaren aginduetara biolina jo. “Oso harroputza zen” esan ohi zuen. Albinak esan ohi zuen berak beste inork baino ordu gehiago eman zituela biolina eskuetan edukita. Eta anekdota bat kontatzen zuen, sasoi batean entseguak goizez egiten zituztela, arratsaldez kontzertua eta gauean Antonio dantzari espainiarrarekin baleta ekitaldian jo behar izaten zutela. Baina gauza ez zen hor amaitzen, izan ere goizeko ordu bietan Espainiako Radio Nacionalean zuzeneko emisio bat izaten zuten Ameriketarako. Ia-ia, hogei ordu jarraian instrumentuarekin. 

Antonio dantzaria aipatuta, diodan Nureyevekin ere jo zuela, eta beste gertaera bitxia azaldu ohi zuen Albinak, errusiarrarekin erlazionatuta. Behin Madrileko Erretiroko Parkean hiru gauez aritu zen dantzari ospetsua eta entsegu bat prestatu zuten Orkestra Nazionaleko  arpa jole, biolontxelo jole eta Albina berarekin. Horretan ari zirela bi garbitzaile azaldu ziren eszenategira handik eta alde egitea eskatu zitzaien arren beren lanean segitu zuten, harik eta Nureyevek berak erratz bat hartu arte … bi emakume gizagaixoei laguntzeko. Goian azaldu den moduan, hainbat diskoren grabaketan hartu zuen esku Albinak, beti Orkestra Nazionalarekin.

AZKEN URTEAK ARRASATEN
Albina 1977an erretiratu zen lan profesionaletik. Eta estatuko gobernuak Meritu Zibileko Damaren Lazoa eman zion urte hartan, arrasatearrak kultura munduari eginiko ekarpen zabal eta joriarengatik. Beste urtebete batez Madrilen segitu zuen bizitzen, jharik eta jaioterriko bidea hartu behar zuela iruditu zitzaion arte.

Albinari 1977an egindako elkarrizketan galdetu nion, behin lan profesionaleko erretiroa hartu eta Arrasatera itzulita, nola ikusten zuen herriko musika mugimendua eta zein nolako proiektuak zituen etorkizunari begira. Erantzun zehatza eman zidan: 

“Herrira heldu eta Udal Musika Banda deseginda ikustea izan da niretzat penagarriena. Barruan zerbait gertatuko balitzait bezalako sentsazio mingotsa daukat. Ez dut sekula ulertu nola bota daitekeen pikutara hainbeste urtetako lana. Industria eta merkatalgo arloetan aurrera goaz, baina arlo honetan, behintzat, lotsagarri jokatu da. 

Itxaropena pizten didana Musika Akademia da. Gipuzkoako Akademiarik onena daukagula esan daiteke. Hor dabiltzan haur eta gazteekin laster asko Arrasaten orkestra bat ateratzeko bidea izango dela uste dut. Eta hortxe eman nahi nituzke nire azken irakaspenak” 

Bada istorio bat, Arrasaten entzun dudana, baina ez dakit noraino ez ote den hiri-legenda horietakoa. Izan daiteke egiatasunezko puntu bat ere edukitzea eta jatorriak Albinarengan egon behar du, derrigorrez. Dedaman, entzun dudan bezala: badirudi Espainiako Orkestra Nazionalean jotzen zuenean noizean behin biolin berezi bat ateratzen zuela Albinak, eta Orkestrakoek "El Cerrajero" esaten zioten. Itxura denez, inoiz Unión Cerrajerako agintari batek bere biolina erregalatu zion, Bilboko luthier batek ondo egokituta gero. Bego hor istorioa.

Gure buruz buruko lehen solasalditik harremana ongarritu genuen Albina Madinabeitia eta biok. Berari esker izan nituen aurreneko datuak Miguel Madinabeitia bere aitonari buruz, Madrilgo etxean gordetzen zituen aitonaren izkribu pare bat igorri baitzizkidan. Beraz, bilobari zor diot Arrasateko udal idazkari, idazle, historialari... eta gizon eztabaidatsuaren arrastoaren atzetik abiatzea.

 Arrasate Musikaleko orkestran aritu zen Albina Madinabeitia bere azken urteetan. Irakasle gisa ihardun zuen eta bere ikasgelatik dozenaka ikasle igaro zen, gerora musika bidetik igarotakoak.

Omenaldia etorri behar zitzaion eta horrela erabaki zuen Arrasate Musikalek. 1991an gertatu zen, ekainaren 2an burutu zen ekitaldia, Amaya Antzokian. Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoak, Juan Arzamendi eta Beatriz Arzamendiren zuzendaritzapean, egitarau aproposa prestatu zuen, Albinari arrasatearren estimua erakusteko. Orkestra Akademiako zenbait irakasle eta ikasle ohik indartu zuten. 

Chueca eta Valverderen “La Gran Vía”, Guridiren “El Caserío”ren preludioa, Antonin Dvoraken “9. Sinfonia” Juan Arzamendiren “Arrasate Musikalaren himnoa” eta Beatriz Arzamendiren “Mendiko ahotsak” eta “Ibaia-Río” konposizioek bete zuten egitaraua.
Eta Albinak berak, bakarlari gisa modu bereziz egin nahi izan zion Arrasateko bere publikoari, Mozarten “Minueto” eskainiz. Hainbat eta hainbat aldiz estatuko eszenategietan bere artea azaldu zuen Albina Madinabeitia handiak, azkenik, bere herrikideei ere agertu ahal izan zien, 82 urterekin. Neskatila prodigioak zertxobait gorde zuen, antza, bere agurrerako, izan ere Amaia antzokia behera etorri zen publikoaren txaloekin. Kritiko batek zioen moduan, Albinak birtuosoa izaten jarraitzen zuen bere bi eskuekin: ezkerra altzairuzkoa eta eskuina herenilezkoa. 

Ahal izan zuen bitartean, Arrasate Musikalekin lankidetzan segitu zuen biolin joleak. Eta bere ikasgai magistralak dozenaka gaztek jaso zituzten. Horixe izan zen Albinaren oparirik aberatsena bere jaioterriarentzat.

Arrasaten hil zen 1996ko irailaren 18an, 87 urte zituela. Eta hileta elizkizunak herriko eliz nagusian izan ziren biharamunean. Zendu zen Albina Madinabeitia, bizitza artistiko bete baten ondoren. Ziurrenik, Arrasatek inoiz emandako musika instrumento jolerik handiena. Eta, beharbada, herriko alabarik entzutetsuena.

Argazkiak: JMVM

maiatza 01, 2019

MIGUEL MADINABEITIA ETA IGNAZIO ZULOAGA


Idazkiaren tituluak XIX. mendearen azken aurreko hamarkadara garamatza. Miguel Madinabeitia arrasatearra Eibarrera bisita egitera joan zen egunetara. Jakin badakigu, horren harira lehen ere idatzi baitut, Madinabeitia udal idazkaria Arrasateko bere kargutik bota zutela 1873an karlistak herrian sartu zirenean. Eta azaldu izan dudan moduan, Eibarreko lagun batzuek beste herri horretako udaletxera gonbidatu zuten, bertan lan egin zezan. Baita horrela egin ere, hamar hilabetez. Beraz, Madinabeitiak lagun minak zituen armagintzako herrian, eta gaurko ekarpen honetan, 1887an egin zuen bisitaz ariko naiz. Bere kronikan Ignazio Zuloaga artista ezagutu zuela esango digu. 
Ignazio Zuloaga, gazte denboran

“El Noticiero Bilbaíno” egunkariaren 1887ko irailaren 21ean agertu zen Madinabeitiaren idazki bat, Zuloagarengana hurbiltzen gaituena. Hona hemen zer zioen Arrasateko idazleak: 

“Hacía ocho años que no había pasado desde Campanzar a Azurza, contemplando los fértiles campos de la antigua Maya (Elgueta) y me propuse hacerlo en la tarde del 15 del actual, con el fin de presenciar la entrada en Eibar de la reina regente, que se aseguraba lo verificaría en la mañana del 16. A mi llegada al pueblo, a las siete en punto de la tarde, el primer saludo fue que la reina no venía hasta el lunes 19, y como mis ocupaciones me impedían dilatar hasta ese día la ausencia de casa. Hube de resignarme, con pena, a no conocer en persona a la egregia Señora que todos deseábamos ver” 

Sarrera honen ostean Madinabeitiak errepasotxo bat egiten du, Eibarrera helduta gero egin zuenari buruz. Kasinoan elkartu zen lagun batzuekin, eta bertako biblioteka ezagutu ahal izan zuen. Handik Antzokira aldatu ziren, Laureano Gisasola eta Pablo Etxebarria bere adiskide minak herriko Orfeoia zuzentzen ari baitziren, erreginari eskaini behar zitzaion kontzerturako. “Eran obras en vascuence, letra de Arrese y música de Gorriti” dio bere kronikan Madinabeitiak.

Biharamunean, erreginaren bisitarengatik herriko produktuekin prestatutako erakusketa ikusten egon zen arrasatearra, “donde se ven algunas pinturas de D. Ignacio Zuloaga” Eta jarraian lagun batzuek Zuloagaren tailerra ezagutzera gonbidatu zuten. Tailerra Plazido Zuloagarena zen, hau da pintorearen aitarena, baina Ignazio semeak, 1870ean jaioa, bere lehen urrats artistikoak aitaren eskutik egin zituen, damaskinadoaren ezutuetatik barrena. Eta Madinabeitiak deskribatzen digun ikustaldian Ignazio izan zen tailerreko produktuen erakusle eta bisitako gida. Goazen aurrera Madinabeitiaren eskutik: 

“Cuando se dice Zuloaga, sin más aditamento, cualquiera concibe quién es, porque no parece sino que a ese nombre rodea una especie de aureola de gloria en el mundo del arte. La casa de Zuloaga es un museo, un tesoro inapreciable de objetos, no solo de armería sino de pintura, escultura, arqueología y aun de indumentaria.

Debido a la amabilidad del simpático y estudioso joven D. Ignacio Zuloaga, quien será
Plazido Zuloaga
probablemente el que le suceda a su padre D. Plácido en la dirección de la casa, voy a consignar lo más fielmente posible la lista de objetos artísticos que con predilección me enseñó y explicó:
Un plato repujado y nielado con fondo de oro, el cual servirá de regalo al Papa. Un reloj de hierro damasquinado y esmaltado con piedras duras, de un conjunto del Renacimiento, grandioso; su máquina de Losada. Dicho reloj va adornado de esmaltes que armonizan bien con el damasquinado. Un espejo con las armas reales esmaltado sobre plata y un adorno de hierro, resultando en su conjunto un género nuevo. 

En antigüedades, cuadros, esmaltes españoles y de Limoges; italianos y españoles de Aragón; miniaturas, hierros antiguos, lacas, esmaltes traslúcidos sobre oro, modelos de marfil, cofres de todas épocas, árabes e italianos, pinturas sobre cristal de roca anticáusticas, bronces florentinos y repujados en plata francés del tiempo de Luis XIII, corales con monturas de bronce esmaltados, tabaqueras época de Luis XVI en estado perfecto, y un trabajo persa en marfil con oros y esmeraldas, trabajo extraordinariamente artístico y de efecto sorprendente en su colorido”

Honaino, beraz, 1887ko bidaiak Madinabeitiaren baitan utzitako oroipena, eta Ignazio Zuloagarekiko buruz buruko egotearen deskribapena. Artista unibertsala izango zenak 17 urte zituen Madinabeitiaren bisitan, eta Frantzian oinarrizko ikasketak burutu ondoren Madrilen ziharduen arte ederretako ezkutuez jabetzen ari.

 Argazkiak: Zuloaga Fundazioa