martxoa 31, 2021

ARAMAIOKO MEDIKU ZAHARRA. BERTSOZ (2)

Zeferino Gartziarena, mediku zaharra
Aurreko beste bitan aritu naiz txoko honetan Aramaioko “Mediku Zaharra”ri buruz. Zeferino Gartziarena sendagileak 1919tik ihardun zuen Aramaion, oso oroitzapen ederra utziz herritar guztiengan. Eta oraindik ere askok dugu buruan Gartziarenaren irudia, alde batetik bestera bere maletatxoarekin, makila eskuan hartuta, baserriz baserri ibiltzen zelarik.
Gartziarenaren ospea urruti iritsi zen. Begira zer zioen arratsaldeetako “Madrid” egunkariak 1957ko urriaren 10ean:

“El médico titular del valle de Aramayona, D. Ceferino de Garciarena lleva recorridos a pie cerca de 250.000 kilómetros en los treinta y nueve años que lleva ejerciendo en el referido valle. Ha andado durante este tiempo lo suficiente para haber dado más de seis vueltas a la tierra por el ecuador. Sería interesante saber el número de kilómetros que durante su ejercicio profesional ha tenido que ascender, teniendo en cuenta la topografía de los alrededores de Aramayona, que exige un constante ascenso y descenso a los caseríos próximos” 
 
Berrogei urte egin zuen mediku lanean Aramaion eta tarte luze horretan denetariko anekdotak utzi zituen.

Jesus Zabala, Zeferinoren makilarekin
Gaurkoa ere, Aramaioko Jesus Zabala adiskidearen bertsoekin apaindu nahi dut. Jesusek  Salasango Julian Unzuetari entzundako gertaeretan daude oinarrituta bertsoak.  Eta ikus daitekeen bezala, Julianek Meltxor aitari aditu zion bere garaian, Zeferino eta Meltxor oso lagun handiak izan baitziren.

Habanera doinuarekin kantatzekoak ditugu:

1
Mila ta bederatzirehun / berrogeita lau urtea
Albinako enbalsean / obra haundiak aurrera,
Zeferino eta Meltxor / Patxi ta bere osaba,
bertaraino heldu ziren / lau lagunak ikusmira
ta hortan ari zirela / guarda etorri aurrera
esanaz debekatuta / dagola hara sarrera,
eta horren ondorioz / daukat salatu beharra,
eta joan behar nirekin / Billerleko kuartelera.
2
Bidea hasi ondoren / heldu Billerle gainera,
Zeferinok asma zuen / galdera bat egitera,
esanaz ia bazekien / ze gizon haundi zan bera,
ni naiz Aramaio herriko / sendagile titularra,
baimena daukat joateko / nahi deten lekuetara,
zaintzaileak entzutean / bildurra sartu gainera,
egindako salaketa / etorri ezebezera,
bertan buelta egin ondoren / itzuli danak etxera.

3
Salasango etxekoandrea / familiari begira,
Zeferinori deitu eta / aguro joan ikustera,
oraindik ez du prixerik / banoa bueltan etxera,
gerratea zan unea / kalian bazan algara,
"Viva Franco, viva España" / "gurea Guadalajara",
entzunak entzunda gero / orain da nere aukera,
etxeko balkoi ertzetik / ulu "Republika gora"
isun ona jaso arren / bera gelditu gustora.

4
Latzako seme Gabrixel / juen zitzaigun pasionista,
urtetara agertu zen / sotana beltza jantzita,
mezarik ez emonarren / ofizio ikasita
baserrik baserri batzen / baba, ogi ta arrautza.
kaleko etxe onenari / baita egiten bisita,
Zeferinoren andreak / opa erreal bikoitza,
ene, Maria, Maria / beruntza kategoria,
ihesko bisitatxoan / eman didazun pezeta.

5
Zeferinok ikusirik / bere buruen azkena,
abixua bidali zun / aguro Salasanera,
Meltxorrek entzun ondoren / gelditu guztiz minbera,
semea lagun harturik / indartuz bere barrena,
gaixoa ohartu orduko / ohe ondoan laguna,
orduentxe hasi biak / bizitzan azken jarduna,
egoera luzaturik / unea oso astuna,
betiko agurtu zuen / Meltxorrek lagun kuttuna.

GARTZIARENARI BURUZKO GEHIAGO




Argazkiak: JMVM



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina