abendua 17, 2025

1923ko SANTAMASAK


1923ko Santamasak giro nahasi samar baten barruan eman ziren. Afrikan Rifeko gerran zegoen sartuta gobernu espainiarra, eta  irailetik Primo de Rivera jeneral diktadoreak agintzen zuen. Santamasetako Jai Batzordeak – orduan ere jai egitaraua batzorde baten ardura zen- ahalegin guztiak egin zituen arrasatearrak modurik atseginenean ibil zitezen, baina ez zuen inondik ere ahaztu Afrikako gerran ari ziren herritarrak.

Jai Batzordeak ohar bat atera zuen mundrautarren solidaritate izpirituari deia eginez:  los actos benéficos dispuestos para las próximas fiestas de Santo Tomás en pro de los desgraciados soldados de la localidad que se encuentran en Africa”

Diru biltze bat ireki zen eta herriko Udalak 200 pezeta eman zituen,  zerrenda luzea irekiz. Dirutan ez ezik,  herriko kirolari eta artistek euren partaidetza eskaini zuten, espektakulu desberdinen bitartez Afrikan zeuden soldaduentzako funts ekonomikoen hazkundeari eragiteko.

“Esperamos que el grito clamoroso y unánime de la Comisión no caerá en el vacío, pues hasta la fecha en cuantas ocasiones se ha presentado al vecindario, ha demostrado tener aptitudes palpitantes de socorro y mucho más en los casos presentes en la que se pretende tender una mano caritativa hacia los soldados que por fuerza irresistible se encuentran en un lugar apartado de sus queridas familias”

Vivillo
Adagioak dioen bezala, gizakiak proposatu arren… Eta orduko kasuan ere Batzordeak egitarauan iragarritako ekintza guztiak ez ziren eman ahal izan, arrazoi desberdinengatik. Horrela, Langile Katolikoen Zentroaren antzerki taldeak eskaini nahi izan zuen emanaldia bertan behera geratu zen, ez baitziren obrarekin garaiz ibili. Baina haren ordez, pilota partidu ederra iragarri zen: Faustino Velez de Mendizabal “Vivillo” eta Juan Bautista Azkarate “Mondragonés” arrasatearrek Mallabia I eta Etxabe II.ren kontra, Zaldibarko frontoian, abenduaren 22rako.

Horrezaz gain, inauguratu berri zen Maala futbol zelaian, Bilboko Arrapa Klub eta Club Deportivo Mondragonen arteko match-en berri eman zen, abenduaren 25erako.

Espektakulu desberdinetara ahalik eta publikorik gehien joan ahal izateko, sarreren prezioa oso merkea izan zen; baina Batzordeak ez zuen aukera galdu herriko dirudunei zuzeneko mezua bidaltzeko: “Se ruega a todos los elementos pudientes engrosen con su óbolo la suscripción abierta al efecto”

Pilotari dagokionez, bertan behera geratu zen partidua eguraldiak ez baitzuen lagundu. 1924ko urtarrilaren 13an jokatu zen, berriz, Mondragones II eta “Vivillo”k  Zarraoa eta Zestonaren kontra; lehenek irabazi zuten eta Zaldibarko frontoian izandako norgehiagoketan 165 pezeta bildu ziren soldaduentzat, biltzaile gisa Faustina Arregi, Narzisa Ayastuy eta Maria Isasi gazteak aritu zirelarik.


Futbolean, iragarri bezala, Bilboko Arrapa Kluba Club Deportivo Mondragonen aurka aritu zen;  “acudió todo el pueblo a pesar del mal tiempo reinante, pues no cesó de llover” Bilbotarrek 4-0 ibarazi zioten herriko taldeari. Partiduan zehar udal musika bandak eta joshemaritarrenak jo eta ke ihardun zuten, eguraldi eskasari alaitasun pixka bat ipintzen. Kanpoko taldeari lore sorta bat eskaini zitzaion, eta jokalariei zigarro puru bana. Partiduan 350 pezeta bildu ziren soldaduentzat.

Abenduaren 22ko egun hartan Merkatua izan zen, jendetza handiarekin. Plazan Udal Musika Bandarekin alaitutako dantzaldiaz gain, Sport Aretoan (Trinketean) beste musika banda batek eskaini zituen dantzaldiak. Eta inguruetako herrietatik jendea ekartzen eta eramaten “Titanic” kamioi-busa aritu zen, jo eta ke.


Argazkiak: Lehen argazkia "Arrasate-Mondragón. 1890-1940" Alberto Loitiren liburutik hartua; beste biak JMVMrenak

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina