abendua 31, 2024

2024an GEHIEN IRAKURRITAKOAK

Amaitu da urtea eta nire blogean urtean zehar argitaratutako artikuluen artean gehien irakurritakoak beheko  bost horiek dira. Berrogeita hamaika ekarpen berri jaso ditut 2024an, eta guztiek izan dute irakurleen arreta.

Guztira 727 dira 2011tik publikatutakoak, eta bidean gaude. 2025ek ere lanean harrapatuko nau.

Eskerrik asko, ekarpen hauetatik zukurik atera duzuen guztioi.

 


SANTO TOMAS JAIAK. 1884

https://txemax3.blogspot.com/2024/12/santo-tomas-jaiak-1884_25.html




UDALAITZEKO BASELIZA ATERPE. 1928

https://txemax3.blogspot.com/2024/01/udalaitzeko-baseliza-aterpe-1928.html



RESUSTARREN ETXEKO TRAGEDIA, 1887an

https://txemax3.blogspot.com/2024/02/resustarren-etxeko-tragedia-1887an.html





HARATEGIA ETA ARRANDEGIA ARRASATEN, 1866

https://txemax3.blogspot.com/2024/10/harategia-eta-arrandegia-arrasaten-1866.html



HEZKUNTZA EGOERA ARRASATEN XXaren LEHEN HERENEAN

https://txemax3.blogspot.com/2024/04/hezkuntza-egoera-arrasaten-xxaren-lehen.html

abendua 25, 2024

SANTO TOMAS JAIAK. 1884

Santamasak igaro berri dira, giro onean eman ere. Esan genezake jaiak beti jai ditugula, baina denok dakigu gehienetan ez dagoela gure esku bakarrik haiei behar bezalako zukurik ateratzea. Eguraldiak hondatu egin dezake edozein ospakizun eta, zer esanik ez, abenduko herri jai nagusia arriskukoa izan ohi da alde horretatik, sasoia ez baita eguzkiaren sinonimo. 

Begira zer gertatu zen duela ehun eta berrogei urteko santamasetan. “El Noticiero Bilbaíno” egunkarian Miguel Madinabeitiak publikatu zuen ondoko albiste indar gabea, 1884ko abenduaren 28an. Badirudi abendu euritsu haren eraginak, Santo Tomasetako jaietan ez ezik baita Arrasateko korrespontsalaren izpirituan ere kalte egin zuela.

“Como era de esperar con el temporal desecho que ha reinado los días atrás, no podían ser ni más pobres ni menos concurridas este año las ferias de Santo Tomás. Apenas si los tratantes de fuera han sacado para gastos de viaje, después de estar perennes tres días enteros acosados por el granizo, la lluvia, relámpagos y truenos. Y a este tenor no hay para qué dudar el considerable descenso que habrán sufrido los arbitrios y consumos del pueblo. 

Las pocas veces que he bajado a la calle a tomar el chaparrón, no he hecho otra cosa que herir mis oídos con los ecos quejumbrosos de algunos transeúntes, que consideran poco menos que un desvarío la celebración de ferias en el mes de diciembre. Sin embargo, si se echa una ojeada atrás, se ve que pueblos importantes de la provincia, como son San Sebastián y Azpeitia, y de importancia histórica como Segura, celebran sus ferias por Santo Tomás.” 

Beude lerro hauek, aspaldiko testigantza baten gisa. Eguraldi txarrari aurpegi on! A! Eta jaiek hiru egun irauten zuten.

(190329an idatzia)

 Argazkia: Mendia bilduma

 

abendua 18, 2024

TXINUA BOTA JUEK!


Urte latzak ziren, ETAk bere estrategia gogorretik eraso egiten zuela fronte askotatik. Eta espainiar gobernuaren agindupeko indar armatuek euskal gizartea astintzen zuen behin eta berriz. Testuinguru horretan,  Carrero Blanco hil zutenetik urtebete bat egiteko hiru egun falta zirela, Arrasaten beste atentatu bat izan zen. 1974ko abenduaren 17 gaua zen, bederatziak inguruan, eta albistea aurki hedatu zen herrian: “Txinua bota juek!” Biharamuneko kronikek ziotenez Arrasaten hilketak konsternazioa sortu zuen. Nik esango nuke albisteak – eta ez dut inondik ere atentatua defendatu nahi, are gutxiago heriotza-  beldurra sorrarazi zuela, kolpe haren ondorioz herrian zer gertatuko ote galdegai.

Baina egin dezadan atzera begirako saltoa eta diodan “Txinoa” zela Arrasateko guardia zibilen bigarren tenienteari jarritako gaitzizena.  Luis Santos Hernandez zeritzan, 52 urte zituen, Salamancakoa zen eta sei bat urte zeramatzan Arrasateko kuartelean. Nire adinekook ongi gogoratuko dugu zein nolako zirrara sentitzen genuen, edozein tramite poliziala zela eta, Santosen lan gelara sartzean. Batzuek esaten zutenez, Santosek beste gela ilunago eta hotzagoetan ere errezibitzen zituen….

Atentatuko arratsalde-gau hartan bigarren tenientea, guardia zibilaz jantzita, txikiteoa egiten ari zen, ohi zuen moduan, kalez

jantzitako beste guardia zibil batekin, Argimiro Garcia Estevez, 50 urtekoa, baita Salamancakoa ere, eta bosgarren urtea zuen Arrasateko kuartelean. “Txoko” tabernan ohiko basoerdi bana hartu ondoren kalera ateratzen ari zirenean, lauzpabost gazte ei zeramatzan kotxe batetik metrailatu egin zituzten. Bi guardia zibilak herriko Laguntza Zentrora eraman zituzten baina heldu orduko Garcia hilda zegoen. Oso zauri larriak zituenez Santos Bizkaiko Krutzetara bidali zuten, baina gau hartan bertan hil zen. Atentaturako erabilitako kotxea, Morris 1300, “Txoko”tik laurehun metrotara aurkitu zen, diligentzia polizialak hasi eta segituan. Barruan “Parabellum”eko bala-zorroak zeuden eta itxuraz “Stern” metraileta erabili zuten.

Zerraldoak parrokiaren atarira iristen ari
 

Hil kapera kuartelean jarri zen eta hileta elizkizunak Arrasateko San Juan Bataiatzailean burutu ziren 19an, eguerdiko 12etan. Guardia Zibilak eta Armada erakundeetako goi kargu ugari azaldu zen Arrasatera, eta elizara sartu baino lehen hilkutxetan ohorezko dominak jarri ziren. Herriko udalaren ordezkaritza Pedro Basterretxea alkateak eraman zuen. Kapilau militar batek zuzendu zuen elizkizuna eta Arrasateko Parrokiako Abesbatzak parte hartu zuen. Ordubete eta erdi geroago bi zerraldoak hil-kotxe banatan sartu ziren, gorpuak hildakoen herrietara eramateko. Horretan ari ziren bitartean, ingurukoek “Cara al Sol” eta Guardia Zibilen himnoa abestu zituzten.

Berrogei urtez bizi-bizirik iraungo zuen bortizkeria odoltsuaren ondoriozko beste bi biktima izan ziren guardia zibil haiek. Lehenak,  lau hamarkadatan Arrasaterekin lotutako hil biktimetatik. 

Argazkiak: JMVM

abendua 11, 2024

DUELA MENDE OSOKO ARRASATE, DATUTAN


Urtea amaitzear dago eta gutariko bakoitzak egin dezake bere balantze partikularra, urteak ekarri eta kendu dionaren arabera. Batzuk balantze orokorrago batekin ausartuko dira, nonbait, eta herrian gertatutakoari buruzko memoria gauza lezakete, datu objektibotan eta, zailago, subjektiboetan. Gaurko ekarpentxo honetan atzera egingo dut salto, mende osoko tartean, eta 1924ko argazki bat egingo dut, zenbait daturekin,  irakurleak duela mende osoko testuinguru hartara garraiatu guran. Datu ofizialak dira, izan ere Prudentzio Iraeta orduko udal idazkariak prestatutako udal memoriatik hartu ditut. Dakusagun:

Hasteko, diodan, 1924ko udal aurrekontua, osoa, 186.000 pezetakoa izan zela (gaurko diruarekin, 1.115 euro). Haietako 26.000 inguru (hau da, %14) hezkuntzarako (orduan maisu-maistrek udal dirutik kobratzen zuten) beste horrenbeste obra publikoetarako; 33.000 pezeta zaintzarako (udaltzain, auzoetako guardak eta somatena) Udal gastuetarako, berriz, beste horrenbeste.

Bada partida bat, ONGIZATEA (orduan, beneficencia
izenarekin) 26.000 pezetarekin ere (hau da, %14) Gehien bat herriko pobreentzako dirulaguntzak ziren.

Diodan, konparaketa orokorra egiteko, 2024ko aurrekontua 46 milioi euro inguru dela. Ez noa, jakina, partidaz partida xehetzera, inondik ere. Baina bai egingo dut, aipatutako Ongizate partidari dagokion alderaketa, aurtengoa 3´6 milioi euro baitira, hau da aurrekontuaren %8.

Aurrekontu osoaren aldaketa (eurotan): 1.115tik 46 milioitara: 41.255 bider gehiago

Ongizatean (eurotan): 156tik 3´6 milioitara: 23.076 gehiago.

Bakoitzak atera ditzala ondorioak.


Zein zen Arrasateko biztanlegoaren kopurua 1924an? Udal memoriari jarraiki honakoak ditugu datuak:

Urtearen hasieran 6.378 ziren herritarrak, horietako 3.332 emakumeak eta 3.046 gizonezkoak. Eta aurreko urteekin alderatuta kopurua igotzen ari zen. Herriko etxeetan bizi zirenak genituen, noski, erdia baino gehiago; auzoetan, berriz, Gesalibar zen kide gehien zituena, baina kontuan eduki behar da Santa Agedako buru-osasun etxeetako gaixoak ere de factoko biztanletzat hartzen zirela (900 inguru ziren garai hartan)

Lehen familia pobreak aipatu ditut, eta udal memoriaren arabera 80 ziren egoera horretan zeudenak. Familia horiei udalak ordaintzen zizkien mediku eta farmazia zerbitzuak. Eta herriko medikuak, udal funtzionario bezala ari zirenak, Kasimiro Labajos, Alberto Martinez de Ubago eta Angel Espinosa ziren. Farmazeutikoak, berriz, Jose Maria Morales eta Pedro Aranzabal.

Ospitalean 23 pertsona bizi ziren – kopuru deigarria,
zalantzarik gabe- eta horietatik 10 emakume, 2 gizonezko eta 11 haur ziren. Are deigarriagoa egiten da haurren kopurua.

Eta udal aurrekontuetatik 36 pertsonak jasotzen zituzten euren soldatak.

Umeak aipatu ditut aurrekoan, eta horren harira esan behar da 1924an bazela udal batzorde bat HAURREN BABESERAKO TOKIKO BATZORDEA – edo Junta Local de Protección a la Infancia- eta besteak beste udako oporrak antolatzen zituen, eta 1924an 47 ume eta beren zaintzaileak (mojak) Debara bidali ziren, kolonietan, hamabost egunetarako. Umeen hautaketa, osasun kontzeptuetan oinarritzen zen, herriko medikuen txostenaren arabera.

Beste zerbitzuen artean suhiltzaileena zegoen, buru bat, linternero bat eta sei suhiltzailerekin osatzen zena. Oso material eskasa bide zen eurena, eta batzuetan Union Cerrajeraren ekipoarekin egin behar zioten aurre lanari.

Suhiltzaileek ura erabili behar zuten, noski, baina nola zegoen ur zerbitzua 1924an? Begira:


Ura Meatz Errekatik ekartzen zen 1896tik eta ur emaria ez zen nahikoa herritarrek behar zutenerako. 1916tik 5 litro segundo bide zen batez besteko ur jarioa, eta horrek ur etenak egitera behartzen zuen udetan.  Hori bai, iturri publikoetan ez zen urik falta izaten.

Baina ura etxe guztietara heltzen al zen? Bai, zera! 1924an bakarrik 144 etxetan  zeukaten ur edangarriaren zerbitzua. Eta udal datuen arabera, 504 ziren etxebizitzetarako egokitutako etxeak, nahiz eta 477 bakarrik egon okupatuta. Atera kontua, 477tik 144k zeukaten ura! (%30)

1924an zehar, 171 jaiotza erregistratu ziren; 130 heriotza, eta 26 ezkontza. Herriko eskola desberdinetan 1.100 ume ari ziren. Horietako ia 400 Mesedeetako mojekin ikasten ari ziren; udal eskoletan 260; Biteri Fundazioaren eta Arte eta Ofiziokoaren eskoletan 230; eta auzoetako ia beste 150 ume.

Udalak erabaki zuen urte hartan, udaletxean ziren 3 idazmakinetatik, bat eskoletarako uztea, umeek ikas zezaten haren erabilpena. Makina eskolaz eskola mugituko zen.

Arrasateko urte hartako kintoak – hau da soldadutzarako zozketan sartu zirenak- 53 gazte izan ziren.


Herriko jaietarako aurrekontuak 3.000 pezeta markatzen zuen arren, 11´80 pezeta gutxiago gastatu zen (gaurko dirutara aldatuta, 18 euro inbertitu ziren urte hartako jaietarako)  Ehun urte geroago,18 eurotik 463.000 euro igaro da: 25.722 aldiz gehiago. Aipatzearren, diodan diru hartatik ia erdia Gasteizko Infanteria Erregimenduko Banda ekartzeko erabili zela. Eta su artifizialetan 500 pezeta,

Prudentzio Iraeta udal idazkariak prestatu zuen memorian irakur zitekeenez, 1924an  ELMA enpresa eman zen alta industria-eremuan eta, beste arlo batean, Felix Arano maisuarentzat Alfonso XII.ren Gurutzea Alfontso XIII. erregeari eskatzea erabaki zuen Udalak urte hartako uztailaren 2an.

Argazkiak: JMVM

abendua 04, 2024

AGUSTIN IDIAKEZ ARAMAIOKO ITSAS-JENERALA

Aramaioko Kondea

I
datzi nuen behin Arrasateko bi guardiamarinari buruz, espainiar itsas-armadaren historian lehenetarikoak  izan zirenak.  Vicente Anselmo eta Antonio Hermenegildo Barrutia anaiak 1716ko urtean ageri ziren bolondres, Gipuzkoako goi mailako sendien semeak zirenez gobernuak itsasorako arma-profesionalen bidea ahalbidetu baitzien. Eta orduan ere nioen, beraiekin batera aramaioar bat agertzen zela lehen zerrenda hartan. Aramaixoar hura Agustin Idiakez Idiakez izan zen.

Zer dakigu pertsonaia hartaz? Lehenik eta behin, diodan Aramaion ezaguna zela, bere bizitzaren zatirik emankorrena jaioterritik kanpo eman bazuen ere. Ez dut aurkitu, dena den, erreferentziarik jaioterritik atera ondoren Aramaiorekiko harremanik izan ote zuen baieztatzeko. Baina ez deritzat oso sartuta edukiko zituenik bere oinak jaioterriko lurretan. Nahiz eta jatorrizko etiketa aramaioarra izan.

Agustin Antonio Idiakez-Butron Idiakez bezala jaio zen Aramaion, 1700eko urtarrilaren 8an, bere gurasoak bost egun lehenago Eskoriatzako Gellaon ezkondu ondoren. Aita Frantzisko Idiakez Borja-Aragon zen, Aramaioko IV. Kondea, 42 urtekoa. Ama, berriz, Katalina Idiakez Dolara aramaioarra, hemeretzi urteko gaztea. Kondetzaren titularraren ustezko bizitza lizunaren adibidea izan daiteke Katalina, bere aita Lukas beste Idiakez Borja baten semea baitzen. Beraz, gure protagonistaren gurasoen artean bazen ahaidetasun hurbila. Baina hor ez da amaitzen ezustekoen soka, Katalinarekin Gellaon ezkondu zen Kondea… ezkonduta baitzegoen. Baina utz dezagun hori beste baterako.

Zenbait iturrik diote Agustin Idiakez Etxaguen auzoan jaio zela; baliteke, Lukas Idiakez Learriartu aitajauna Etxaguenen bizi baitzen, behintzat han bataiatu zuten. Eta pentsatzekoa da Katalina ama Etxaguenen erdituko zela Agustin semeaz.

Agustin Idiakez Cadizeko Guardiamarinen Konpainiara sartu zuten 1717an, Gorteak itsas-armadarako deialdia goi mailako sendien artean burututa. Azterketa teorikoak gainditu eta Karlos Grillo jeneralaren aginduetara itsasontziratu zen, eta Ceutako laguntzan aritu ziren. Zenbait batailatan hartu zuen parte aramaioarrak eta bere izena ondo kokatu zen itsas-militarren artean. Horrela eskalan igotzen joan zen. 1756an eskuadrako buru izendatu zuten eta merkantzia eta bidarien barkuak pirata eta korsarioetatik zaintzen ihardun zuen lau itsasontzirekin. 1764an Cadizera bidaltzen du gobernuak eta Ameriketako flotaren babeserako arduradun nagusi izendatu zuten. La Guyana, Kolonbia, Mexiko eta Kubara hainbat bidai egin behar izan zituen, eta betebehar horretan hiru urtez aritu zen. 1767ko martxoaren 13an azken aldiz heldu zen Cadizera, sekulako dirutza eta espainiar merkatuetarako ondasunekin kargatuta. Gobernuak teniente jenerala izendatu zuen eta Cadizen geratu zen bizitzen aramaioarra. 1778an hil zen hiri andaluziarrean, itsas armadan hirurogeita bat urte egin ondoren.

Agustinen semeak 1778an bertan aurkeztu zuen Aramaioko udaletxean hidalgiaren txostena irekitzeko eskabidea. Eta espedientean irakurtzen denez, prozesuak exijitzen dituen lekukoek aldeko jarrera hartu zuten. Baina goazen urratsez urrats… Hurrengo kapitulu batean ikusiko dugu zernolako korapiloak ziren sendi hartan.

LEHEN GUARDIAMARINA ARRASATEARRAK. 1717

https://txemax3.blogspot.com/2022/06/lehen-guardiamarinak-arrasatearrak-1717.html

Argazkia: wikipedia

azaroa 27, 2024

ZINKEKO MEATEGIAK ARRASATEN. MAREZELINO ALBERDI

 

Mines de Zinc de Mondragon
enpresaren bost akziotako titulua

Arrasateko meategien  historia zirriborrotsu samarrean zokoratua geratzen da – erabat ezabatua ez esatearren- zinkeko mehatzen errealitatea. Nahikotxo idatzi da burdin eta altzairuaz baina ezer gutxi dakigu zinken ustiaketei dagokienez. Ziurrenik, garrantzi larregirik izan ez zutelako. Baina, sorginak bezala,  baziren izan.

Gure gaztaroko esaera batek erreferentzia egiten zuen Malbeko meategiari buruz,  eta itxura denez zink zen bertako gaia. Oraingoan zinkeko beste meategi baten gaineko informazio zabalagoa dakart.  Arrasateko industria historia adreiluz adreilu joan da eraikitzen, osatzen, eta horren adibidea da gaurko aipamena. Diodan, informazioaren iturria Alberto Loiti adiskideak eskaini zidala, berari ere Oskar Gonzalez Uriartek ahalbidetu ondoren. Biei eskerrak.

“Mines de Zinc de Mondragón” dei genezake gaurko idazki hau, izan ere albistearen jatorria Arrasatetik urrun dago, Belgikan, hain zuzen. Estatu hartako hiriburuan sortu zen 1900eko abenduan izen horren elkarte anonimoa. Estatutuetan irakurtzen da, frantsesez itzulita:

Lehen Artikulua. Honen bidez, sozietate anonimo bat eratzen da Mines de Zinc de Mondragón, elkarte anonimoa.

Art. 2. Egoitza Bruselan ezarrita dago, esamolde honek Bruselako metropoli-eremua barne hartzen du.

Art. 4. Elkartearen helburu nagusia aurrerantzean ekarpenen epigrafean aipatzen diren zink meategien ustiapena da. Gainontzeko meategi guztiak ustiatzeko gai izango da...

Art. 10. Xavier Verdu jaunak, izen-abizenak, elkarteari dagozkion eskubide guztiak ekartzen dizkio:

1.- San Jose bigarrena izeneko (1809) zink meategi bat, San Josepe Larrea izeneko tokian kokatua, Arrasateko hiriaren lurraldean, ehun eta hogei mila metro koadroko azalera duena, ipar, ekialde, hegoalde eta mendebaldean lur komunalak dituela muga.

2.- Beste zink meategi bat, San Jose hirugarrena izenekoa (1871. zk.), toki berean kokatua eta aurrekoaren edukiera bera duena, iparraldean lur libre bati eta aurreko jabetzari dagokio (1809. zk.) muga, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean lur libreetara eta, horrez gain, ekialdetik eta mendebaldetik aurreko jabetzara.

3.- Batera, meategiaren zoruan kokatutako materialak, ateratako mea izakinak eta orain arte egindako lan guztien onura.

Jabetza hauek Xavier Verdu jaunari dagozkio, 1900eko urtarrilaren 27an Marcelino Alberdi Izaguirre Arrasateko industrialari, hark bereganatu baitzituen, eta harenak ziren Espainiako Gobernuaren emakida 1899ko azaroaren 20an eta 11n lortuta.

Alberdiren izenean erregistratu ziren 1900ko urtarrilaren 9an, hurrenez hurren, Arrasateko 18. artxiboko 308. liburukiko 223. folioan, 798. zk. finka, lehen inskripzioa, eta Arrasateko 18. artxiboko 308. liburuko 218. folioan, 797. zk. , lehen inskripzioa, eta Verdu jaunaren izenean, folio, zenbaki eta liburuki berdinen azpian, 1900eko otsailaren 10eko ertzean dagoen inskripzioz.

Gaur egungo konpainia 1901eko urtarrilaren 1etik arituko da...”

Aurrekoa ikusita, suposatzekoa da “San Jose” lehen meategia ere izango zela.

Zein zen Marzelino Alberdi Izagirre? Arrasaten 1849ko apirilaren 26an jaiotako industriala genuen. Duela zenbait urte berari buruzko aipamena egin nuen, 1883ko albiste bati jarraiki:

“ En Mondragón existe un horno de cementación de acero, resto de antiquísima y universal industria de este pueblo, y que su ingenioso dueño D. Marcelino Alberdi, a fuerza de ensayos, ha conseguido preparar correaje para maquinaria que puede competir con el del extranjero, habiendo él mismo inventado una pasta de esmeril para pulimentar el hierro de que hasta ahora se proveían de Inglaterra los que lo necesitaban: objetos ambos que su autor se propuso presentar en la exposición regional de esa capital”

Donostiako erakusketaz ari da aipamena. Bi urte geroago Marzelino Alberdi Zaragozako 1885-86 Industria Erakusketara aurkeztu zen, bere produktuekin: esmeril-harriak. Eta lehen mailako domina lortu zuen. Bi urte geroago ere Bartzelonako Erakusketa Unibertsala izan zen. Hartara Arrasatetik Vergarajáuregui, Resusta y Cia  eta Marzelino Alberdi enpresak joan ziren. Aritu nintzen bere egunean sarrailei buruz

Gipuzkoako Aldundiak lagundu egin zien lurraldeko industrialei Bartzelonara joateko. Amaieran bi publikapen egin zituen erakusketaren laburpen gisa. Lehenean, A. Satrustegik idatzia, argazki eta enpresa bakoitzaren datuak ikusten dira. Bigarrenean, "Guipúzcoa en la Exposición Universal de Barcelona de 1.888", Nikolas Bustinduyk burutua,  irakurtzen da Alberdiren gain:

Alberdiren sei esmeril-harriak 
Bartzelonako stand konpartituan

“Instalación núm. 51. Don Marcelino Alberdi, de Mondragón, fabricante de muelas de esmeril, pulimento de hierro y toda clase de metales, como para afilar las sierras mecánicas, presenta seis de estas piedras, formando una sencilla instalación.

 Aunque dispone una instalación tan sencilla, esta fábrica es de mucha importancia en esta Provincia y principalmente en la región en que se halla. Está situada á un kilómetro del casco de población, en dirección á Vizcaya, y data de 1884, en cuyo año consiguió el fabricante, después de muchísimos ensayos, encontrar el producto químico con la preparación necesaria, llegando así á obtener estas muelas de esmeril, con todas las buenas condiciones que eran de desear para emancipar á la industria española, del extranjero, de donde hasta entonces se adquiría.

Verificados los primeros ensayos en las fábricas de cerrajería, de la misma villa y de Arechavaleta, dio tan buenos resultados, que atendiendo á ellos y á la economía de precios, fueron desde luego adoptados también en otras fábricas de Eibar, Bilbao, Santander, etc.; llegando así, no solo á sostener la nueva industria, sino á continuar su desarrollo. Estas muelas de esmeril, además de servir para el desgaste del hierro y demás metales, sirven igualmente para las fabricas de peines, siendo buena prueba de ello el gran uso que hace la fábrica del Sr. Artiz en Zumarraga”

Baina Alberdiren haritik tiratzen hasteko gorago ere joan daiteke, ondoko apunteari erreparatuz. Marzelino Alberdi lantegiaren gain dio 1894ko “La industria guipuzcoana en fin de siglo” liburuaren Nikolas Bustinduy egileak:

“Este industrial, dueño de una de las curtiderías más antiguas de la provincia, pues data del año 1759, trabaja por los procedimientos ordinarios, produciendo baquetas blancas para calzado y asillerados para guarniciones; movido el mecanismo necesario con una rueda hidráulica de 4 caballos de fuerza”

Itxura guztien arabera, larrugintzako lantegi hori Alberdik Smith-Welldon enpresari irlandarrei erosi zien, Arrasaten XVIII.aren hondarretatik martxan ari zena.

Ikusi dugu, beraz, Marzelino Alberdi Izagirre zenbait lantegitako kudeaketan. Larrugintza, esmeril-harriak, burdina leuntzeko esmeril-pasta, meategiak… Diodan, halaber, sasoi hartan Marzelino Alberdi datu emaile bezala agertzen dela “Anuario del Comercio, de la industria, de la magistratura y de la administración” (Bailly-Bailliere) zeritzanean. Gizon lanpetua, zalantzarik gabe.

Marzelino hil zenean Leonardo Alberdi Mondragón semeak jarraitu zuen esmeril-harrietako negozioarekin, eta 1914an Eibarko Industria Erakusketan ikusten dugu. Diodan, erakusketa horretan Arrasateko beste enpresa bat egon zela: Pradere y Compañía, sukaldeko eltze eta mahai-tresnekin.

Amaitu aurretik, beste datu txiki bat eman nahi dut. Herriko 1946ko San Juan jai egitarauan agertzen den iragarkia da ondokoa. Alberdi abizenak indarrean zirauen lehengo ildotik, "Aker" markarekin:


Egia esan, gaurko ekarpenaren tituluak aukera eman digu, arrasatear baten bitartez XIX. mendeko Arrasateko industriaren zenbait arlo ikusteko. Bagoaz mende horren industriaren mapa osatzen. Oraindik asko geratzen da.


GEHIAGO ARRASATEKO INDUSTRIARI BURUZ

https://txemax3.blogspot.com/2021/11/arrasateko-sarrailak-bartzelonan-1888an.html

https://txemax3.blogspot.com/2013/01/arrasateko-industria-1883an.html

Argazkiak: JMVM

azaroa 20, 2024

DORLETAKO AMA BIRJINA ETA ARAMAIXOARRAK

 

Lerro hauen ondoko irudiarekin hasi zen gaurko istorioa. Aramaixoko adiskide baten eskuetaraino heldu zen irudiak Dorleta edo Gazteluko Ama Birjinaren laudariotarako aukera eskaintzen du eta hark jakin nahi zuen nondik nora zegoen Aramaioko etxe batean erreprodukzio hura. Ez naiz ausartzen esatera litografia edo grabatua den. Diesaiogun, beraz, erreprodukzio. Egia esan behar badut, ez dut misterioa deskubritu, baina suposatzen dut aramaixoarron artean mendetakoa dela Dorletako Ama Birjinarenganako debozioa eta horretan aurki genezake irudia etxe hartan egotea. Baina hori gutxienekoa da.

Dorletako (edo Gazteluko) Ama Birjinarenganako debozioak egundoko indarra izan du historian eta denetariko erakuspenak eman dira mendeetan zehar Leintz Gatzagako bazter haietako Ama Birjinari atxikimendu eta sinesmenaren testigantza emateko.

XIV. mendean gertatu zen erakuspen handi horietako bat, askotan bezala erlijioa eta armen zerbitzua nahastuz edota bata bestearen gainean jarriz. Istorioak Pedro Krudela eta Trastamarako Enrike anaien denboretara garamatza, 1367ra hain justu.

Aliantzien bitartez bi anaiek Gaztelako tronua zuten helburua, eta horrela nazioarteko gatazka armatuan abiatu ziren. Pedrok Galesko Printzearekin adostu zuen honen laguntza, ongi ordainduko ziolakoan. Eta bere anaiaren kontra Naxerako batailara eraman zituen Galeskoaren tropak. Pedrok irabazi zuen… eta garaipenak promesak ahaztuarazi zizkion. Ondorioz, galestarrak eta beraiekin zetozen frantziarrak Errioxako eta Gaztelako lurretatik ibili ziren, ahal zutena lapurtuz.

Erreparatu Ama Birjinaren aurpegiari
Euren etxerako bidean Leintz Gatzagara iritsi eta, Dorletako Santutegiko ondasunez jabetuta, tenplua sakeatu eta Ama Birjinaren irudia eraman nahi izan zuten. Bertakoak galestarren asmoa ikusita, defentsara atera ziren baina armen kontra ezer gutxi egin zezaketen. Orduan laguntza eskatzea otu zitzaien. Nori eta mugakide eta mendiz bestaldean indar eta nolabaiteko boterea zuen Jauntxo bati: Aramaioko Gurayako nagusiari.

Ondoko lerroak Antonio Gómez González de Butron  Muxikari zor dizkiogu. Bera Aramaioko Ibarreko jauntxoa izan genuen eta honela idatzi zuen XVI. mendean:

“Después del vencimiento de la batalla de Nájera, volviendo los dichos ingleses a su tierra, tomaron la imagen de la iglesia de Santa María de Castillo, que es en el lugar de Salinas de Guipúzcoa, con intención de llevar a su tierra a dicha milagrosa imagen, por cuanto tenian entendido sus muchos y prodigiosos milagros y gran perfección. Y así, andando los ingleses como victoriosos y lozanos en esta demanda, haciendo otros insultos por la tierra, y por ello habiéndose tocado las campanas, salió la gente de la tierra apercibida y llorando la iglesia sin su devota imagen, los ingleses no pudieron salir de los límites del santuario por permisión divina.

Mas, era tanto el deseo que tenían de llevar la dicha imagen a su tierra, que se pusieron a defenderse con las armas, y como en esta ocasión, se esparció la voz del caso y alboroto por las tierras y lugares circunvecinos, acudió luego con gran presteza el expresado Juan Ortiz de Garay, Pariente Mayor, y habiendo tenido una gran refriega con los tales ingleses, mataron algunos de ellos y les hicieron volver la santa imagen a su iglesia, con grande alegría de todas estas tierras. Y en esta ocasión, el dicho Juan Ortiz se mostró muy valeroso favoreciendo a la causa, por lo que mereció añadir a sus antiguas armas las seis rosas”

Juan Carlos Guerraren ustez euskal harmarrietan Ingalaterrako arrosak agertzea Dorletako Ama Birjinaren defentsan aritu ziren gurayatarrei esker izan zen. Juan Ortiz de Garay ahaide nagusia Aramaioko Guraya auzoko nagusia zen garai hartan, Baraxuengo jauntxoarekiko ezinikusian hazi eta hezia. Mendetan iraungo zuen bi leinu horien arteko gorrotoak.

Erreprodukzioaren ezkerreko aldean irakurtzen da: 

“Ano de 1367 quiso el Príncipe de Gales llevar esta soverana Ymagen, volviendo para Ynglaterra desde junto a Najera, a donde vino llamado del rey D. Pedro el Cruel, contra su hermano D. Enrique. Pero no pudo sacarla por disposición Divina del recinto de este devoto Santuario, aunque lo pretendio varias veces con todo el poder de su exercito"

Gaurkoaren gisako beste erreprodukzio batzuk ere ezagutzen ditut eta jatorriko datan gehienak garai berdintsukoak litezke, denboran erabilpen desberdinetarako erabili badira ere. Begira, Soriako El Royoko Virgen del Castillori eskainitakoa:


Argazkiak: JMVM