abendua 11, 2024

DUELA MENDE OSOKO ARRASATE, DATUTAN


Urtea amaitzear dago eta gutariko bakoitzak egin dezake bere balantze partikularra, urteak ekarri eta kendu dionaren arabera. Batzuk balantze orokorrago batekin ausartuko dira, nonbait, eta herrian gertatutakoari buruzko memoria gauza lezakete, datu objektibotan eta, zailago, subjektiboetan. Gaurko ekarpentxo honetan atzera egingo dut salto, mende osoko tartean, eta 1924ko argazki bat egingo dut, zenbait daturekin,  irakurleak duela mende osoko testuinguru hartara garraiatu guran. Datu ofizialak dira, izan ere Prudentzio Iraeta orduko udal idazkariak prestatutako udal memoriatik hartu ditut. Dakusagun:

Hasteko, diodan, 1924ko udal aurrekontua, osoa, 186.000 pezetakoa izan zela (gaurko diruarekin, 1.115 euro). Haietako 26.000 inguru (hau da, %14) hezkuntzarako (orduan maisu-maistrek udal dirutik kobratzen zuten) beste horrenbeste obra publikoetarako; 33.000 pezeta zaintzarako (udaltzain, auzoetako guardak eta somatena) Udal gastuetarako, berriz, beste horrenbeste.

Bada partida bat, ONGIZATEA (orduan, beneficencia
izenarekin) 26.000 pezetarekin ere (hau da, %14) Gehien bat herriko pobreentzako dirulaguntzak ziren.

Diodan, konparaketa orokorra egiteko, 2024ko aurrekontua 46 milioi euro inguru dela. Ez noa, jakina, partidaz partida xehetzera, inondik ere. Baina bai egingo dut, aipatutako Ongizate partidari dagokion alderaketa, aurtengoa 3´6 milioi euro baitira, hau da aurrekontuaren %8.

Aurrekontu osoaren aldaketa (eurotan): 1.115tik 46 milioitara: 41.255 bider gehiago

Ongizatean (eurotan): 156tik 3´6 milioitara: 23.076 gehiago.

Bakoitzak atera ditzala ondorioak.


Zein zen Arrasateko biztanlegoaren kopurua 1924an? Udal memoriari jarraiki honakoak ditugu datuak:

Urtearen hasieran 6.378 ziren herritarrak, horietako 3.332 emakumeak eta 3.046 gizonezkoak. Eta aurreko urteekin alderatuta kopurua igotzen ari zen. Herriko etxeetan bizi zirenak genituen, noski, erdia baino gehiago; auzoetan, berriz, Gesalibar zen kide gehien zituena, baina kontuan eduki behar da Santa Agedako buru-osasun etxeetako gaixoak ere de factoko biztanletzat hartzen zirela (900 inguru ziren garai hartan)

Lehen familia pobreak aipatu ditut, eta udal memoriaren arabera 80 ziren egoera horretan zeudenak. Familia horiei udalak ordaintzen zizkien mediku eta farmazia zerbitzuak. Eta herriko medikuak, udal funtzionario bezala ari zirenak, Kasimiro Labajos, Alberto Martinez de Ubago eta Angel Espinosa ziren. Farmazeutikoak, berriz, Jose Maria Morales eta Pedro Aranzabal.

Ospitalean 23 pertsona bizi ziren – kopuru deigarria,
zalantzarik gabe- eta horietatik 10 emakume, 2 gizonezko eta 11 haur ziren. Are deigarriagoa egiten da haurren kopurua.

Eta udal aurrekontuetatik 36 pertsonak jasotzen zituzten euren soldatak.

Umeak aipatu ditut aurrekoan, eta horren harira esan behar da 1924an bazela udal batzorde bat HAURREN BABESERAKO TOKIKO BATZORDEA – edo Junta Local de Protección a la Infancia- eta besteak beste udako oporrak antolatzen zituen, eta 1924an 47 ume eta beren zaintzaileak (mojak) Debara bidali ziren, kolonietan, hamabost egunetarako. Umeen hautaketa, osasun kontzeptuetan oinarritzen zen, herriko medikuen txostenaren arabera.

Beste zerbitzuen artean suhiltzaileena zegoen, buru bat, linternero bat eta sei suhiltzailerekin osatzen zena. Oso material eskasa bide zen eurena, eta batzuetan Union Cerrajeraren ekipoarekin egin behar zioten aurre lanari.

Suhiltzaileek ura erabili behar zuten, noski, baina nola zegoen ur zerbitzua 1924an? Begira:


Ura Meatz Errekatik ekartzen zen 1896tik eta ur emaria ez zen nahikoa herritarrek behar zutenerako. 1916tik 5 litro segundo bide zen batez besteko ur jarioa, eta horrek ur etenak egitera behartzen zuen udetan.  Hori bai, iturri publikoetan ez zen urik falta izaten.

Baina ura etxe guztietara heltzen al zen? Bai, zera! 1924an bakarrik 144 etxetan  zeukaten ur edangarriaren zerbitzua. Eta udal datuen arabera, 504 ziren etxebizitzetarako egokitutako etxeak, nahiz eta 477 bakarrik egon okupatuta. Atera kontua, 477tik 144k zeukaten ura! (%30)

1924an zehar, 171 jaiotza erregistratu ziren; 130 heriotza, eta 26 ezkontza. Herriko eskola desberdinetan 1.100 ume ari ziren. Horietako ia 400 Mesedeetako mojekin ikasten ari ziren; udal eskoletan 260; Biteri Fundazioaren eta Arte eta Ofiziokoaren eskoletan 230; eta auzoetako ia beste 150 ume.

Udalak erabaki zuen urte hartan, udaletxean ziren 3 idazmakinetatik, bat eskoletarako uztea, umeek ikas zezaten haren erabilpena. Makina eskolaz eskola mugituko zen.

Arrasateko urte hartako kintoak – hau da soldadutzarako zozketan sartu zirenak- 53 gazte izan ziren.


Herriko jaietarako aurrekontuak 3.000 pezeta markatzen zuen arren, 11´80 pezeta gutxiago gastatu zen (gaurko dirutara aldatuta, 18 euro inbertitu ziren urte hartako jaietarako)  Ehun urte geroago,18 eurotik 463.000 euro igaro da: 25.722 aldiz gehiago. Aipatzearren, diodan diru hartatik ia erdia Gasteizko Infanteria Erregimenduko Banda ekartzeko erabili zela. Eta su artifizialetan 500 pezeta,

Prudentzio Iraeta udal idazkariak prestatu zuen memorian irakur zitekeenez, 1924an  ELMA enpresa eman zen alta industria-eremuan eta, beste arlo batean, Felix Arano maisuarentzat Alfonso XII.ren Gurutzea Alfontso XIII. erregeari eskatzea erabaki zuen Udalak urte hartako uztailaren 2an.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina