Aramaioko Kondea |
Idatzi nuen behin Arrasateko bi guardiamarinari buruz, espainiar itsas-armadaren historian lehenetarikoak izan zirenak. Vicente Anselmo eta Antonio Hermenegildo Barrutia anaiak 1716ko urtean ageri ziren bolondres, Gipuzkoako goi mailako sendien semeak zirenez gobernuak itsasorako arma-profesionalen bidea ahalbidetu baitzien. Eta orduan ere nioen, beraiekin batera aramaioar bat agertzen zela lehen zerrenda hartan. Aramaixoar hura Agustin Idiakez Idiakez izan zen.
Zer dakigu pertsonaia hartaz? Lehenik eta
behin, diodan Aramaion ezaguna zela, bere bizitzaren zatirik emankorrena
jaioterritik kanpo eman bazuen ere. Ez dut aurkitu, dena den, erreferentziarik
jaioterritik atera ondoren Aramaiorekiko harremanik izan ote zuen baieztatzeko. Baina ez deritzat oso sartuta edukiko
zituenik bere oinak jaioterriko lurretan. Nahiz eta jatorrizko etiketa
aramaioarra izan.
Agustin Antonio Idiakez-Butron Idiakez bezala
jaio zen Aramaion, 1700eko urtarrilaren 8an, bere gurasoak bost egun lehenago
Eskoriatzako Gellaon ezkondu ondoren. Aita Frantzisko Idiakez Borja-Aragon zen,
Aramaioko IV. Kondea, 42 urtekoa. Ama, berriz, Katalina Idiakez Dolara
aramaioarra, hemeretzi urteko gaztea. Kondetzaren titularraren ustezko bizitza
lizunaren adibidea izan daiteke Katalina, bere aita Lukas beste
Idiakez Borja baten semea baitzen. Beraz, gure protagonistaren gurasoen artean
bazen ahaidetasun hurbila. Baina hor ez da amaitzen ezustekoen soka, Katalinarekin
Gellaon ezkondu zen Kondea… ezkonduta baitzegoen. Baina utz dezagun hori beste baterako.
Zenbait iturrik diote Agustin Idiakez Etxaguen
auzoan jaio zela; baliteke, Lukas Idiakez Learriartu aitajauna Etxaguenen bizi baitzen,
behintzat han bataiatu zuten. Eta pentsatzekoa da Katalina ama Etxaguenen
erdituko zela Agustin semeaz.
Agustin Idiakez Cadizeko Guardiamarinen Konpainiara sartu zuten 1717an, Gorteak itsas-armadarako deialdia goi mailako sendien artean burututa. Azterketa teorikoak gainditu eta Karlos Grillo jeneralaren aginduetara itsasontziratu zen, eta Ceutako laguntzan aritu ziren. Zenbait batailatan hartu zuen parte aramaioarrak eta bere izena ondo kokatu zen itsas-militarren artean. Horrela eskalan igotzen joan zen. 1756an eskuadrako buru izendatu zuten eta merkantzia eta bidarien barkuak pirata eta korsarioetatik zaintzen ihardun zuen lau itsasontzirekin. 1764an Cadizera bidaltzen du gobernuak eta Ameriketako flotaren babeserako arduradun nagusi izendatu zuten. La Guyana, Kolonbia, Mexiko eta Kubara hainbat bidai egin behar izan zituen, eta betebehar horretan hiru urtez aritu zen. 1767ko martxoaren 13an azken aldiz heldu zen Cadizera, sekulako dirutza eta espainiar merkatuetarako ondasunekin kargatuta. Gobernuak teniente jenerala izendatu zuen eta Cadizen geratu zen bizitzen aramaioarra. 1778an hil zen hiri andaluziarrean, itsas armadan hirurogeita bat urte egin ondoren.
Agustinen semeak 1778an bertan aurkeztu zuen
Aramaioko udaletxean hidalgiaren txostena irekitzeko eskabidea. Eta
espedientean irakurtzen denez, prozesuak exijitzen dituen lekukoek aldeko
jarrera hartu zuten. Baina goazen urratsez urrats… Hurrengo kapitulu batean ikusiko dugu zernolako korapiloak ziren sendi hartan.
LEHEN GUARDIAMARINA ARRASATEARRAK. 1717
https://txemax3.blogspot.com/2022/06/lehen-guardiamarinak-arrasatearrak-1717.html
Argazkia: wikipedia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina