azaroa 27, 2024

ZINKEKO MEATEGIAK ARRASATEN. MAREZELINO ALBERDI

 

Mines de Zinc de Mondragon
enpresaren bost akziotako titulua

Arrasateko meategien  historia zirriborrotsu samarrean zokoratua geratzen da – erabat ezabatua ez esatearren- zinkeko mehatzen errealitatea. Nahikotxo idatzi da burdin eta altzairuaz baina ezer gutxi dakigu zinken ustiaketei dagokienez. Ziurrenik, garrantzi larregirik izan ez zutelako. Baina, sorginak bezala,  baziren izan.

Gure gaztaroko esaera batek erreferentzia egiten zuen Malbeko meategiari buruz,  eta itxura denez zink zen bertako gaia. Oraingoan zinkeko beste meategi baten gaineko informazio zabalagoa dakart.  Arrasateko industria historia adreiluz adreilu joan da eraikitzen, osatzen, eta horren adibidea da gaurko aipamena. Diodan, informazioaren iturria Alberto Loiti adiskideak eskaini zidala, berari ere Oskar Gonzalez Uriartek ahalbidetu ondoren. Biei eskerrak.

“Mines de Zinc de Mondragón” dei genezake gaurko idazki hau, izan ere albistearen jatorria Arrasatetik urrun dago, Belgikan, hain zuzen. Estatu hartako hiriburuan sortu zen 1900eko abenduan izen horren elkarte anonimoa. Estatutuetan irakurtzen da, frantsesez itzulita:

Lehen Artikulua. Honen bidez, sozietate anonimo bat eratzen da Mines de Zinc de Mondragón, elkarte anonimoa.

Art. 2. Egoitza Bruselan ezarrita dago, esamolde honek Bruselako metropoli-eremua barne hartzen du.

Art. 4. Elkartearen helburu nagusia aurrerantzean ekarpenen epigrafean aipatzen diren zink meategien ustiapena da. Gainontzeko meategi guztiak ustiatzeko gai izango da...

Art. 10. Xavier Verdu jaunak, izen-abizenak, elkarteari dagozkion eskubide guztiak ekartzen dizkio:

1.- San Jose bigarrena izeneko (1809) zink meategi bat, San Josepe Larrea izeneko tokian kokatua, Arrasateko hiriaren lurraldean, ehun eta hogei mila metro koadroko azalera duena, ipar, ekialde, hegoalde eta mendebaldean lur komunalak dituela muga.

2.- Beste zink meategi bat, San Jose hirugarrena izenekoa (1871. zk.), toki berean kokatua eta aurrekoaren edukiera bera duena, iparraldean lur libre bati eta aurreko jabetzari dagokio (1809. zk.) muga, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean lur libreetara eta, horrez gain, ekialdetik eta mendebaldetik aurreko jabetzara.

3.- Batera, meategiaren zoruan kokatutako materialak, ateratako mea izakinak eta orain arte egindako lan guztien onura.

Jabetza hauek Xavier Verdu jaunari dagozkio, 1900eko urtarrilaren 27an Marcelino Alberdi Izaguirre Arrasateko industrialari, hark bereganatu baitzituen, eta harenak ziren Espainiako Gobernuaren emakida 1899ko azaroaren 20an eta 11n lortuta.

Alberdiren izenean erregistratu ziren 1900ko urtarrilaren 9an, hurrenez hurren, Arrasateko 18. artxiboko 308. liburukiko 223. folioan, 798. zk. finka, lehen inskripzioa, eta Arrasateko 18. artxiboko 308. liburuko 218. folioan, 797. zk. , lehen inskripzioa, eta Verdu jaunaren izenean, folio, zenbaki eta liburuki berdinen azpian, 1900eko otsailaren 10eko ertzean dagoen inskripzioz.

Gaur egungo konpainia 1901eko urtarrilaren 1etik arituko da...”

Aurrekoa ikusita, suposatzekoa da “San Jose” lehen meategia ere izango zela.

Zein zen Marzelino Alberdi Izagirre? Arrasaten 1849ko apirilaren 26an jaiotako industriala genuen. Duela zenbait urte berari buruzko aipamena egin nuen, 1883ko albiste bati jarraiki:

“ En Mondragón existe un horno de cementación de acero, resto de antiquísima y universal industria de este pueblo, y que su ingenioso dueño D. Marcelino Alberdi, a fuerza de ensayos, ha conseguido preparar correaje para maquinaria que puede competir con el del extranjero, habiendo él mismo inventado una pasta de esmeril para pulimentar el hierro de que hasta ahora se proveían de Inglaterra los que lo necesitaban: objetos ambos que su autor se propuso presentar en la exposición regional de esa capital”

Donostiako erakusketaz ari da aipamena. Bi urte geroago Marzelino Alberdi Zaragozako 1885-86 Industria Erakusketara aurkeztu zen, bere produktuekin: esmeril-harriak. Eta lehen mailako domina lortu zuen. Bi urte geroago ere Bartzelonako Erakusketa Unibertsala izan zen. Hartara Arrasatetik Vergarajáuregui, Resusta y Cia  eta Marzelino Alberdi enpresak joan ziren. Aritu nintzen bere egunean sarrailei buruz

Gipuzkoako Aldundiak lagundu egin zien lurraldeko industrialei Bartzelonara joateko. Amaieran bi publikapen egin zituen erakusketaren laburpen gisa. Lehenean, A. Satrustegik idatzia, argazki eta enpresa bakoitzaren datuak ikusten dira. Bigarrenean, "Guipúzcoa en la Exposición Universal de Barcelona de 1.888", Nikolas Bustinduyk burutua,  irakurtzen da Alberdiren gain:

Alberdiren sei esmeril-harriak 
Bartzelonako stand konpartituan

“Instalación núm. 51. Don Marcelino Alberdi, de Mondragón, fabricante de muelas de esmeril, pulimento de hierro y toda clase de metales, como para afilar las sierras mecánicas, presenta seis de estas piedras, formando una sencilla instalación.

 Aunque dispone una instalación tan sencilla, esta fábrica es de mucha importancia en esta Provincia y principalmente en la región en que se halla. Está situada á un kilómetro del casco de población, en dirección á Vizcaya, y data de 1884, en cuyo año consiguió el fabricante, después de muchísimos ensayos, encontrar el producto químico con la preparación necesaria, llegando así á obtener estas muelas de esmeril, con todas las buenas condiciones que eran de desear para emancipar á la industria española, del extranjero, de donde hasta entonces se adquiría.

Verificados los primeros ensayos en las fábricas de cerrajería, de la misma villa y de Arechavaleta, dio tan buenos resultados, que atendiendo á ellos y á la economía de precios, fueron desde luego adoptados también en otras fábricas de Eibar, Bilbao, Santander, etc.; llegando así, no solo á sostener la nueva industria, sino á continuar su desarrollo. Estas muelas de esmeril, además de servir para el desgaste del hierro y demás metales, sirven igualmente para las fabricas de peines, siendo buena prueba de ello el gran uso que hace la fábrica del Sr. Artiz en Zumarraga”

Baina Alberdiren haritik tiratzen hasteko gorago ere joan daiteke, ondoko apunteari erreparatuz. Marzelino Alberdi lantegiaren gain dio 1894ko “La industria guipuzcoana en fin de siglo” liburuaren Nikolas Bustinduy egileak:

“Este industrial, dueño de una de las curtiderías más antiguas de la provincia, pues data del año 1759, trabaja por los procedimientos ordinarios, produciendo baquetas blancas para calzado y asillerados para guarniciones; movido el mecanismo necesario con una rueda hidráulica de 4 caballos de fuerza”

Itxura guztien arabera, larrugintzako lantegi hori Alberdik Smith-Welldon enpresari irlandarrei erosi zien, Arrasaten XVIII.aren hondarretatik martxan ari zena.

Ikusi dugu, beraz, Marzelino Alberdi Izagirre zenbait lantegitako kudeaketan. Larrugintza, esmeril-harriak, burdina leuntzeko esmeril-pasta, meategiak… Diodan, halaber, sasoi hartan Marzelino Alberdi datu emaile bezala agertzen dela “Anuario del Comercio, de la industria, de la magistratura y de la administración” (Bailly-Bailliere) zeritzanean. Gizon lanpetua, zalantzarik gabe.

Marzelino hil zenean Leonardo Alberdi Mondragón semeak jarraitu zuen esmeril-harrietako negozioarekin, eta 1914an Eibarko Industria Erakusketan ikusten dugu. Diodan, erakusketa horretan Arrasateko beste enpresa bat egon zela: Pradere y Compañía, sukaldeko eltze eta mahai-tresnekin.

Amaitu aurretik, beste datu txiki bat eman nahi dut. Herriko 1946ko San Juan jai egitarauan agertzen den iragarkia da ondokoa. Alberdi abizenak indarrean zirauen lehengo ildotik, "Aker" markarekin:


Egia esan, gaurko ekarpenaren tituluak aukera eman digu, arrasatear baten bitartez XIX. mendeko Arrasateko industriaren zenbait arlo ikusteko. Bagoaz mende horren industriaren mapa osatzen. Oraindik asko geratzen da.


GEHIAGO ARRASATEKO INDUSTRIARI BURUZ

https://txemax3.blogspot.com/2021/11/arrasateko-sarrailak-bartzelonan-1888an.html

https://txemax3.blogspot.com/2013/01/arrasateko-industria-1883an.html

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina