uztaila 06, 2022

ARAMAIOKO UDALETXEAN. 1902


Ikus dezagun zer gertatzen zen duela ehun eta hogei urte Aramaioko Udaletxean. Udal korporazioa Frantzisko Madina alkateak eta Timoteo Jauregi, Remigio Garro, Leon Lasaga, Jose Remigio Jauregi, Lorenzo Eriz, Jose Ramon Kortabarria eta Elias Arangurenek osatzen zuten 1902 urte hartan.

AURREKONTUA

Urteko udal aurrekontua 36.465´60 pezetakoa izan zen. Horietako 6.000 inguru udal pertsonalari zegokion. Kontuan eduki behar da garai hartan medikua, praktikantea eta botikariaren kostu bat ere udal diruekin ordaintzen zela. Zati hori pobreei eskainitako zerbitzuengatik izaten zen. Maisu-maistrei 2.400  pezeta zegozkien. Eta baziren kapitulu bitxiak ere, besteak beste jai eta ospakizun handiko sermoiak: 770 pezeta. Eta kontzeptu denen gainetik, udalak zerga eta kontribuzioengatik ordaindu behar zuena zegoen: 21.000 pezeta inguru.

Diru sarrerak, berriz, gehiena herritarrei kobratutako zergetatik zetorren: 12.000 pezeta; alkoholaren gaineko alondegiaren tasek, 11.000 pezeta. Kontuek ez zuten parra egiten eta udalak kontsignatu behar izan zuen diru kopuru bat defizita estaltzeko, herritar guztien artean ia 6.000 pezetako zuloa bete behar izan zelarik.

IDAZKARI BERRIA

Urteko lehen bilkura ezohikoan, urtarrilaren 4an, Aramaioko udalak idazkari berria hautatu behar izan zuen, Pablo Arana aurrekoaren heriotza zela eta. Hautagaien artean bi izan ziren gehien nabarmendu zirenak, eta azkenean Simon Landa Prestamero gertatu zen hautatua. Egon zen zinegotzi bat bere protesta azaldu zuena, Landa jaunak ez zituela idazkaritzarako dohaiak adieraziz.

Esan daiteke, egun hartan hasi zela ibilbide paraleloa udaletxean Remigio Garro eta Simon Landaren artean. Eta esan daiteke ere, konfidentzialitateari ostiko eman gabe,  udal saio hartan Remigio Garrok ez zuela Landaren aldeko botoa eman. 

Argazkia: JMVM


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina