maiatza 31, 2017

XIX-XX. etako HEZIKETA ESKAINTZA, ARRASATEN (2tik bigarrena)

BIATORISTAK. SAN JOSE IKASTETXEA

Biatoristen logoa
Biatoristak 1938an heldu ziren Arrasatera. Frantziar uhineko beste kongregazio bat bezala, Querbes Aitaren jarraitzaileek Arrasateko hezkuntza oinarrian ipini zuten euren oina. Baina gatozen etapaka: Arrasatera heldu aurretik Eskoriatzan ireki zuten komentu bat, 1921ean, ordenako juniorren prestakuntzarako.

Ikasle talde bat, XX.eko berrogeietan
Gerra garaian, 1937an, Ricardo Oreja Union Cerrajerako presidentearen eskaintza jaso zuten Eskoriatzako fraideek Arrasaten ikastetxe bat irekitzeko. Baita onartu ere eta 1938rako Arrasateko Bolibar ikastetxea eskuratzen dute, ordudanik San Jose bezala ezagutuko dena. Urtebete bat geroago oinarrizko hezkuntzako lau ikasgela eta batxilergoko bi martxan daude.

Handik aurrera, biatoristen ikastetxea izango da Arrasateko zentrorik handien eta eraginkorrena ikasle kopuruari begira eta heziketa kalitateari dagokionez. Nahiz eta irakasleriaren maila, dena esan behar da, sekula ez zuen lortu beste kongregazio batzuen maila. Fraide haien artean nabarmena zen  unibertsitatetik igarotakoen kopuru txikia, eta hori islatu egiten zen irakaskintzaren kalitatean. Zegoena genuen eta dena ez zen, beti, txalotzekoa.

Horregatik, zaila zen oskol itxi hartatik aldentzea: arrasatear gizartean eragin positibo eta aurrerakoia lortuko bazen derrigorrezkoa zuten biatoristek euren "task force" aldatzea, lizentziatuak sartuz.
Kanpo irakasle ez fraideak, alde batetik, eta fraide hobeto prestatuak bestetik: horrela 1960ko muga igaro zen. 

Clemente Lopez-Cano, 1960an
Ikastetxe hartatik gogoz eta ideia argiz heldu zitzaion Arrasateko mutilei prestakuntza profesionala ez zen beste batera - unibertsitatera- salto egiten laguntzeko erronkari. Zalantza gabe, garai hartako tokiko teknizismoaren hegalpean humanitateen hedapena atzeratu egin zen gure artean, eta 1965era arte ez zen egiazko demokratizazioa burutu, oinarrizko hezkuntza sistemaren osotasunari dagokionez.

Diodan moduan, 1965ean batxiler osoko lehen promozioa kaleratu zen. Azkenik, Arrasatek esan zezakeen unibertsitatearen bidea ongarrituta zegoela. Heziketa bideen espektroak modalitate guztiak hartzen zituen.

Irakasle goi tituludunik ezean, biatoristek aldapaz gora joan behar izan zuten hasierako etapa batean, eta beraiekin, jakina, baita ikasleak ere. 1960an jar genezake inflexio puntua irakasleriaren hobekuntza argiaren bidez  eta ikastetxeari  ”LEGALMENTE RECONOCIDO” titulua 1962an heldu zitzaion.

Ordudanik azterketak ikastetxean bertan egingo ziren, errebalidakoak ezik,
Ikastetxe zaharreko jolaslekua
1948rako, Arrasaten 230 ikasle ari ziren ikastetxe nagusian. 1962an, berriz, 575. Oso kopuru handia zen eta kongregazioak beste eraikin berri baterako lehen urratsak eman zituen: Mendia Lorategiak erosi zituen, ikastetxe berria jasotzeko.

Ikastetxe berria, 1966ean inauguratu zen
Gauza asko gertatu da 1938ko martxoaren 3 urrun hartatik ikastetxearen inguruan. Besteak beste, biatoristen euren desagerpena gure herritik. Heziketa premia batzuei erantzun asmoz etorri ziren bezala, hezkuntza sistemaren dinamikak eta gizartearen bilakaera etengabeak eraman zituen Arrasatetik.

Herriko hezkuntza-eskaintzako zutabe garrantzitsuak izan ziren biatoristak  XX. mendean. Eta euren funtzioa bete zuten. Milaka haur eta gazte igaro ginen ikastetxeko geletatik. Onerako eta txarrerako bertan oinarritu genuen gure prestakuntzaren arlorik zabalena arrasatear gizakume askok. Eta bakoitzaren baitan gordetzen dira denetariko oroitzapenak, goxo eta mingotsak. 

 Argazkiak: JMVM

LEHEN ZATIA:
https://txemax3.blogspot.com.es/2017/04/heziketa-eskaintza-arrasaten-xix-eta.html



GEHIAGO BIATORISTEN GAIN







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina