maiatza 10, 2017

podcast. ARRASATEKO PARROKIAREN KANPAIAK (2tik bigarrena). podcast


Aurreko batean eman nuen Arrasateko eliza nagusiaren dorreko kanpaien berri laburra. Segitzen dut gaiarekin, informazio iturria ez dagoela agortuta adieraziz. Oso gai interesgarritzat jotzen dut eta historialari gazteek - edo ez hain gazteek- badute non arakatu. Noan, dena den, aurrera.
Kanpai-danbadek zentzu desberdina izan dute beti. Hona hemen kasu batzuk: 

Angelusa: “Goiz, arratsa ta eguarditan, Ama goresten zaitugu” Hiru aldiz jotzen zen egunean, kanpantorpetik bigarren finkoaren sokari tiraka: goizeko 5etan, eguerdiko 12etan eta arratsaldeko 6etan.Goizekoa ez zen nolanahikoa,: hiru danbada lasairekin hasten zen eta jarraian beste …  hogeita hamairu!! arin.

Iratzarpen ederra, bai alajaina! Baina dena uler daiteke, kontuan badugu garai haietan iratzargailurik ez zegoela etxeetan eta lanean goizeko 5´30etan hasten zela. “Albakua” esaten zitzaion goizeko errepike horri.

Eguerdiko eta iluntzeko danbada jotzea desberdina izaten zen. Bietan, lehenik hiru ezkil kolpe lasai eta jarraian hiru kolpeko hiru serie ematen zituen enkargatuak, hots denetara hamabi danbada. 


Arimak: Anima bedeinkatuak, Jaungoikuak daixela barkatuak" azken Angelusen ondoren eta ezkilen soinuarekin amaitzeeko Garbitokiko arimen aldekoa jotzen zen. Finkoetakoa handienaren mihiari lotutako sokari tiratzen zion kanpai-joleak, bi toke arineko hiru serie burutuz. "Animena" esaten zitzaion.

Biatikoa: Ahal zenean, bigarren finkoarekin publikoki iragartzen zen azken sakramentuen – aitortza, jaun hartzea, oliadura- ematea, hiru serietako bost kolperekin. Zerbitzua baserriren batera eraman behar bazen, kanpai jotze horri gehitzen zitzaizkion beste hiru kolpe. 

Heriotzak: “Agonia” zeritzan tokearekin iragartzen zen heriotza, lehen finkoarekin – handiena-  hiru serietako hiru kolpe geldi emanez. Hileta elizkizunetarako deian, berriz, bi finkoen eta “Ezkila makurra” eta “San Francisco”ren jotzeak tartekatzen ziren, azkenean bi mihiak batera erabiliz bi kolpe ematen ziren hildakoa emakumezkoa izanez gero eta hiru kople gizonezkoekin. 

Hildakoak haurrak zirenean, kanpai txikietan – iraulketakoak- jotzen zen mihia, kanpaia irauli gabe. Azkenean, bi toke hildakoa neskatoa bazen eta hiru mutikoen kasuan.

Gorpuaren garraiaketan ere kanpaiak etengabe ari ziren. Apaizak hildakoaren etxerantz elizatik abiatzen zirenetik berriz elizara gorpuarekin itzuli bitartean jotzen zuten, finkoetako handiena, modu geldiaz. Eta berdin egiten zen mezako Sanctus ofizioan eta azken unean kanpantorpean, amaierako errespontsoa egiten zenean. Azken toke honi “kanpantorpeya” esaten zitzaion. 

Ostiralak: Urteko ostiral guztietan, arratsaldeko 3etan Jesukristoren heriotzaren ordua gogoratuz, finkoetako handia jotzen zen, bi tokeko bi serietan. 

Jai bezpera: jaiaren iragarpena egiten zen, iluntzean, kanpai-joleak “Ezkila makurra” eta “San Francisco” batera joz. Baina jai handien bezperan errepike eta iraulketa kanpai guztiekin burutzen zen. Tartekatu egiten zen iraulketa finkoetako errepikearekin edo “San Juan” edo “San Vicente” kanpaien “soluak” zeritzanarekin. 

Amaitzeko, diodan, Arrasateko zenbait elizetako kanpaien soinu desberdinak zirela eta, herritarren artean istorio bat ezaguna egin zela. Arrasate Zientzia Elkartearen blogean Javier Bengoak idatzitakoa irakur daiteke:
“Las campanas de un convento de monjas del pueblo decían:

     - Beti miseriya, beti miseriya (Siempre miseria, siempre miseria)

La del otro convento de monjas contestaba:

     - Guk ere bai, guk ere bai  (Nosotras también, nosotras también)

La de los frailes replicaba:

     - Izango da izango, izango, izango (La
Kontzezinoko komentua, 1978an
tendréis y la tendréis, tendréis y tendréis)
 
  La parroquia terminaba el diálogo diciendo, por la voz de la campana grande:
      - Hor konpon, Hor konpon; gu ongi gaude, ongi gaude (Ahí os las arregléis. Ahí os las arregléis; nosotros estamos bien,  estamos bien) 

Juan San Martinek Euzko Gogoa aldizkariaren 1958ko martxoa-apirileko zenbakian idatzi zuen, oreixa agertuz bat Soraluzeko San Andres baselizatxoko kanpaiak “An, an, an” zioen bitartean, parrokiakoak “Nun da, nun da, nun da?” galdetzen zuela; erantzuna mojen komentuko kanpaiak ematen zuen: “Tella-tuan; tella-tuan; tella-tuan…”
 
Argazkiak: JMVM

                       Kanpaien gaineko lehen zatia:
https://txemax3.blogspot.com.es/2017/05/arrasateko-parrokiaren-kanpaiak-2tik.html






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina