PODCAST 1
Arrasateko elizdorrea |
Kanpaiek hiritarron bizimodua arautu dutela
esan ohi da. Nik ez dakit horrenbesterakoa den, baina zalantzarik gabe kanpaiak
gure bizitzaren zati garrantzitsua izan dira, arlo erlijiosoan ez ezik baita
zibilean ere.
Elizetako kanpaiek herrien martxa markatu dute mendetan. Elizak
eurak bezain zaharrak ditugu. Kanpaiek aintza, iluntasuna, heriotza,
alaitasuna, garaipena, … sua, ekaitza, arriskua … adierazi dute. Eta hiritarron
bihotzen taupadak kanpaien danbadekin joan dira egokitzen, gau eta egunez.
Arrasateko –Mondragoeko- historian aurki
agertzen zaizkigu kanpaiak. 1448ko erreketa handian, orduko kronikek diotenez,
elizako kanpaia ere erre zen (gehiegi, ezta?) Eta
udal zein eliza-artxiboetan maiz azaltzen
dira kanpaiei buruzko apunteak. Normala, guztiz. XVI. mendekoa da elizako
dorrea eta kanpaiak bertan kokatu ziren. Zortzi izan dira: bat
Gazteluondora, hiru Iturriotz kalera, bi
plazara eta bi Artekalera. Azken hauek finkoak dira eta gainerakoak
iraulketakoak.
Jose Mari Urangaren eskema |
Jose Mari Uranga historialariak idatzita utzi
zuenez, finkoak ditugu handienak -1850
eta 1590 milimetroko diametrorekin- eta zaharrenak bide dira. Urangak 1530
urtekoak zirela dio baina Arantza Cuesta arte historialariaren
ustez 1615
ingurukoak izan daitezke eta gehitzen
du: “lurralde hartako handienak dira”. Ez da ezagutzen non egin ziren. Finkoek
bina barne eta bana kanpo-mihi dituzte.
Finkoetako handiena |
Finkoetatik, erlojuaren ondoan dagoena da
behe-soinurik sendoenekoa eta sua, uholdeak, heriotzak eta albiste ilunak
adierazteko erabiltzen zen. Arrasatearron artean “su kanpaia” esaten zitzaion. Ondoko beste finkoak, berriz, apur
bat finagoa, eguneko hiru Angelusak, biatikoak eta beste iragartzeko balio
zuen.
Iraulketakoen artean, berriz, Gazteluondora
ematen duena 1942koa da, zazpi bat urte lehenago printzatu zen handiago beste
baten materialarekin Gasteizko “Vda. de Murua” enpresan birgaldatua. San Juan izena darama eta 800
milimetrokoa da. Iturriotzeko hiruak 1833koak ditugu, “Lastra” enpresan
galdatuta. Antxon Agirre Sorondoren “Campanas y campaneros de Gipuzkoa” lanean
irakurtzen denez, Lastra kanpaigile bat Aramaiokoa zen XVIII. mendean. Hiru
horien legendak honakoak dira: San Francisco eta Jesus, Maria y José
bitan. Erdikoari “ezkila makurra”
izenarekin ezagutzen zioten hiritarrok. Plazara daramatenak beste bi dira,
Lastrak (1833) eta Muruak (1910) galdatuta. Lastrarena –Plaza/Iturriotz aldera
dagoena- handiena da iraulketakoei dagokienez, 960 milimetrorekin. Muruarenari “Salbekoa" esaten zitzaion. San Vicente ruega por nosotros
eta San Juan Bautista dira idatzita dituzten legendak.
Elektrifikatu aurretik, kanpaiak kanpai-joleak
mugitzen zituen. Finkoei dagokienez, kanpaien mihietara lotuta zeuden sokak
jaisten ziren eliza-atarteraino, gehienok gogoratzen dugun txoko itxi
bateraino. Iraulketakoei berriz kanpai-joleak eragiten zien bertatik bertara,
funtzio bakoitzak eskatzen zuen erritmoa aplikatuz. Eta zeintzuk ziren funtzio
horiek? Eguraldia: Urangak dioenez, izan zen garai bat Donostiako Igeldoko Behatokitik egunero telegrama bat bidaltzen zutela, biharamunerako iragarrita zegoen eguraldiaren berri emanez. Eta horren arabera, danbada desberdinen bitartez, hiritarrei abisatzen zitzaien eguraldiaz. Abisuak ospea galtzen joan bide ziren errakuntza kopuru handiarengatik eta inork gutxik eskaintzen zien arreta zerbitzuari. Horrela, desagertu egin zen.
Suteak:
“Kanpantorpe”tik bigarren finkoari eragiten zitzaion, indarrez, suteren baten
berri iristen zen bezain laster.
San Kristobal baselizako kanpandorretxoa |
Ekaitzak: San
Kristobal baselizako kanpaiak abisua ematen zuen handik goitik, oreixaren arriskuaz jabetzen ziren
bezain laster. Eta erantzun bezala, elkarren ondoko “ezkila makurra” eta “San
Francisco” kanpaien errepikei heltzen zitzaien. Errepikea entzuten zuen abade
batek “kanpantorpe”ra hurbiltzen zen eta bertatik otoitz bat egiten zuen
konjuru moduan, ekaitzaren urrunketa eskatuz.
Letxuga kanpaiak: Izan zen garai bat arrasatearron udako
eguerdietako erritmoa letxuga-kanpaia izenekoaren tokeak markatzen
zuela. Langileak fabrikatik ateratzear zeudenean elizako dorretik danbada
berezia jotzen zen, etxeko andreek jakin zezaten gizakumeak handik gutxira
mahaian eserita edukiko zituztela, eta otordu azkar eta, normalean, arin baten
ondoren ostera lantegiko bidean jarriko zirela. Hura entzunda, garbitoki
publikoan azken harrikoa atera ezinik jardungo zuten andreak ziztu bizian
abiatzen ziren etxerantz, lapikoa sutan berotzen jartzera edo letxuga entsalada
prestatzera.
Maiatzaren 3tik
irailaren 14 bitartean, eguerdiko 12etan jotzen zen toke hori, Angelusen
ondoren, hiru serie nahasietako mihiaren eskuko errepikearekin, kanpai
guztiekin. Urangak aipatzen ditu bi anaia, artista bezala modalitate honetan:
Eugenio eta Migel Gorosabel.
Argazkiak: Arantza Cuesta, JMVM, Jose Mari Uranga
Argazkiak: Arantza Cuesta, JMVM, Jose Mari Uranga
Gai honen bigarren zatia:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina