ekaina 07, 2017

JOSE MIGUEL BARANDIARAN ETA ARRASATE. 1956-57


Lehen ere ibili gara txoko honetan Jose Migel Barandiaran zenak Arrasaten burututako indusketa arkeologikoez. Gehien bat Lezetxiki izan zen ataundarrak jorratu zuena. Eta Justo Jauregi-Arraburu abadearen zerikusia ere azaldu dut, horixe baitugu Gasteizko Apaizgaitegian bere maisu izan zenari Lezetxikiri buruzko lehen aipamena egin ziona. Hori 1928an gertatu zen.


Gerrak eten egin zuen Barandiaran eta Lezetxikiren arteko harremana eta ez zen 1956ra arte berriz ere hark Arrasateko koba horretan lanean berrekitea. Gaurkoan bigarren aldiko lehen bi urte haietako kanpainaren berri eman nahi dut, den-dena Barandiaranen egunerokoetatik zuzenean hartuta.


Lehen kanpaina, 1956ko uztailaren 17 eta 18an eta irailaren 9-14 bitartean izan zen.
Bere koaderno batean irakurtzen diogu Barandiarani, Justo Jauregi-Arraburu aipatuz:

“Jauregik billatu zituan giza matrallezur baten zatiak eta suarrizko ezten landu bat…” … “Leze Txiki, orain dela 60 urte  Iturralde etxekoak ardietxolatzat eduki zuten”

Hurrengo kanpaina luzeagoa izan zen. Bere egunerokoetan irakurtzen dugu:

 EPAILLA (Martxoa) 1957

9n Eguna.- Laborde eta biok Lezetxiki’ra juan gaittuk … Gero Arrasate edo Mondragoi’ra eta ango ostatu batean bazkâldu (40 peseta bakoitzaren bazkaria). Ondoren Lezetxiki’ra: emen, ingurumaien berriak eta izenak ikasi. Bostate baserri’raño igo gaittuk (Kazeres’tik etorri diren bi sendi bizi dittuk etxe ortan. Valverde-del-Fresno’tarrak: ba emen dittuk Mondragoi’n 20 famili erri artatik etorriak). Gero Aretxabaleta’ra eta Goronaeta’ra juan gaittuk. Goronaeta’n Arenaza’tar Bonifacio apêza irten zaiguk eta eleiza erakutzi ziguk, baita erri-inguruak ere”

Martxoko amaituta uztailean itzuli zen, aditu batzuek lagunduta. Arrasateko beste lagun batzuk ere agertuko dira On Jose Migelen ondora, besteak beste Joxe Letona.

Uztailla 11nEguna.- Arratsaldean “Vergaresa” autobusean Zumarraga’ra eta emendik beste autobus batean Mondragoi’ra. Mondragoi’n, Gorria José Mª (Donostia’ko Seminarioan irakasle dagoana) arkittu diat: au ere nerekin Lezetxiki’n azterketak egitteko asmoan. Arrizabalaga’tarren illoba bidera etorri zaiguk, baita Iñarra (emengo apeznagusia) eta Sagasta ere. Gero Jauregi’tar Justo eta Arrizabalaga’tar Francisco. Onen etxean apaldu diagu eta gero berak ekarri gatxeetuk Gesalibar’era. Emen Fonda Eriz’en ostatuz gelditu gaittuk. Eguneko 45 peseta ordaintzen diagu bakoitzek eman (jana eta loa).

12n Eguna.- Goizean Gorria eta biok Lezetxira juan gaittuk. Berriro Gesalibar’era itzuli eta F. Eriz’en bazkaaldu. Gero Lezetxiki’ra igo berriz Zabarte (Tomás) lagun degula,
geren tresna eta beste.

Lezetxiki’n lantegiaren iduria egin eta lan-erloak markaztu. Asi gaittuk IV azterkatzen. Buztin-lur orixka gogorra. Illunabarrean, etxerakoan, bidera atera zaiutzak Apellaniz eta Medrano: Beraz ba-gaittuk lau lagun azterketak egiteko.

13n Eguna.- Lezetxiki’ra juan gaittuk: Medrano, Gorria, Apellaniz eta ni, geren laguntzalle Zabarte’kin . Ixarratu diagu 1Vn eta 2Vn eta 3Vn dagon lurra. Lur gorria, buztin-lurra; bañan ez aurreko urteko erlokoa bezain gogorra eta tinkoa. Billatu zeetuagu gaiñean edo azalean burdin-orri eta orrelako gauza batzuek oraindi-oraingoak. Beerâgo baita surrizko marruzka-oria eta aiztoa ere, leenaroko lurrontzi puskak ondoan dituztela. Zulatu diagu lurra 0,85m beera. Lamiñen-zelaia’n bazkaâldu diagu. Arratsaldean etorri zaiutzak Laborde (Manuel) eta bere adiskide Barrera. Lezetxiki’n gurekin egon dittuk aldi batean.

15n Eguna.- Medrano, Gorria, Zabarte eta ni igo gaittuk Lezetxiki’ra, eta bertan jarraittu azterketak egitten.
Arratsaldean etorri zaiuk Boucher (Pierre) gurekin lan egitera. Gero Dr. Riquet bere alabarekin Gesalibar’ere etorri zatâk, Euskalerri’ko leengizonen ezurrak ikasteko non eta nola bere langaiak dauden edo arkittuko dituen jakin naiez. Biar egingo diagu Riquet’ek egin bear duen lanaren iduri bat.

16n Eguna.- Boucher, Gorria, Zabarte eta ni, egun guztian Lezetxikin ibilli gaittuk lanean. Goizean Riquet juan zaiguk leizere eta bereala (Vitoria’n berak leengizonen ezur-ikasketak egitea erabaki diagu eta geroago Donostia’n) Medrano lagun duela, Vitoria’ra juan dek. Aztarnategia’n jarraittu diagu. Zulatu diagu lurra 1’50 beera. Suarri batzuek landuak, bakar batzuek; landugabeak, besteak, eta ezur-puska zenbait, giza-beatz-ezur bat, eta, eta.
Arratsaldean etorri zaiutzak leizera Leaniz.Barrutia eta Letona (José).

17nEguna.- Boucher, Gorria eta ni Lezetxiki’ra etorri gaittuk, Zabarte lagun degula.
A eta V zulatu zetuagu gaur ere: 1A eta 3A eta 4A bi metro beera. Goiko Paleolitos-aro’ko lanabesak ageri dittuk; bainan au-emenka eta oso gutxi. Ezurrik ia bat ere ez.
Arratsaldean Letona’tar Jose etorri zaiguk eta lanean lagundu. Gero, illunabarrean, Mondragoi’ra juan gaittuk Medrano’en billa (gaur bai zetorreân Vitoria’tik, Riquet’i lagunduta).

18n Eguna.- Boucher, Gorria, Zabarte eta ni igo gaittuk goizeti Lezetxiki’ra. Letona (José) ere gurekin igo dek; Medrano geroxeago. Jarraittu diagu A eta 3V eta 4V zulatzen. An iritxi gaittuk 2’50raño. Esan legikek Mustier-aro’ko mallara iritxiak gerala.

19n Eguna.- Boucher, Medrano, Zabarte eta ni igo gaittuk (Gorria gaur juan dek Donosti’ra). Azterketak 1A, 2A eta 3A.n ; mustier-aroko mallan. Bi metro eta erdiz beeti. Ezur gutxi, geienak zatittuak. Lanabesak: marruxkak, malerak, azkon-muturrak, burin bat, aizto bakar batzuek, etc. Gaur ere Letona (José) etorri zaiguk arratsaldean eta lanean lagundu. Beste lagun batzuek ere etorri zaiutzak, ikusmiran eta noizko ezurrak eta lanabesak billatzen ditugun jakin naiez.

20n Eguna.- Boucher, Medrano, Zabarte eta ni juan gaittuk gaur ere Lezetxiki’ra. Azterketak 1A, 2A eta 3An. Iru metrotaraño zulatu diagu. Lanabesak: atzo bezela: zulakaitz, marruxka, aizto eta azkomutur.

22n Eguna.- Boucher, Medrano, Zabarte eta ni igo gaittuk Lezetxikira. Aurreko egunetako erloan lan egin diagu. Atxeman zetuagu lau metroz azpizañoan mustier-aro’ko lanabesak, suarriz, otaarrik, gatzarri gogorrez eta arrauka-arriz egindakoak. Arratsaldean etorri zaiutzak Letona’tar iru anaiak eta gure lanetan lagundu. Lezetxiki’ko lanari utzi diogunean (arratsaldeko 6½tan). Atxabale’ko arpera juan gaittuk: ara bere oroi-iduria.
Balitzekek leengizonen aztarna zenbait egotea emen: bizitoki onaren egitea bai-dik. Ataka Artazo-mendira begira (E. aldera) zegukek.

23n Eguna.- Medrano, Boucher, Zabarte eta ni igo gaittuk Lezetxiki’ra. Aurreko egunetan erabilli degun erloan jardun diagu. Beti buztin eta ondar-lurra: orixka. Lau metroz beera agertu dittuk mustier-aro’ko arri landuak. Iru metro eta erdi inguru beera malla bat ezurrez (0,05 lodi). Goizean egin zeetuagu azkeneko lanak. Bazkâlondoan esiak egin lubaiaren bi aldeetan, eta alde. Letona’tar José etorri zaiguk gaur ere: goizean berriz, Iñarra, Jauregi (Justo), Sagasta eta Arrizabalaga (Francisco), Mondragoi’ko apezak.


AZAROA 1957

9nEguna.- Arratsaldean Donosti’ra Lezetxiki’zaz itzaldia “Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa” dalazkoaren salan itzaldia egitera. Bidean Ondarra’k adierazi zeâk nere itzaldirako egin zituen argazkien diapositivak ez direla iritxi. Gero, illuntzeko 7tan, nere itzaldia. An ittuân Gipuzkoa’ko “Gobernador” jauna, Diputazio’ko idazlarie (Ciriquiain Gaiztarro), Elorza (Julian), Rodríguez Gal (Luis), Dunixi (Azkue), Laborde (Manuel) bere andrearekin, Peña Basurto, Elosegui (Jesús), Mondragoi’ko buruzagietatik alkate-ordekoa, idazkaria eta beste, Vallet (Luis), Montes-Iturrioz, etc. Dunixi’k ziok, nere itzaldiaren ondoren: “después de los años mil torna el agua a su carril” (Gobernadorea eta ni elkarrekin ikustean).

Mondragoi’ko buruzagiak beren errian Lezetxiki’zaz itzaldi bat egingo al-dedan galdetu zeaia. Mondragoi’ko apeznagusiak ere bai eskutitz batean. Baietz esan zeât, datorren illaren aseran juanjo nitzaieala.

Abenduaren 1 eta 6 bitartean indusketetara
itzultzen da.
Egunero bezala, Zabarte eta Leibar ditu laguntzaileak. Joxe Letona ere doakio laguntzen.

Hitzaldi bat eman zuen abenduaren 3an Unión Cerrajera S.Aren Escuela de Aprendices-
en. Jende asko bertaratu bide zen. Abenduren 6an, azken eguna: Zabarte, Leibar… 50 pezeta eguneko ordaindu zizkien. Bezperan, gauez, Pablo Mendarozketa Garagartzako pintorea joan zitzaion bisita.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina