martxoa 08, 2017

JESUS ERRASTI. ARRASATEKO "LAWTON"


Alavesaren elastikoarekin
Arrasaten izan dira berezko merituz nabarmendutako futbol jokalariak. Txoko honetan ere merezi dute aipamena, azken finean historiako zati zabala adierazten baitute, eta denak ezina izango den arren behintzat eskura ditudanak ekarri nahi ditut hona. Honako ekarpentxo honekin ekiten diot, beraz, errepaso txiki bati, Mondra-k emandako futbolari (ostikalari) ospetsuenekin. Barka nazatela tintontzian geratuko direnak. Pozik emango nituzke ezagutzera guztien izenak eta egintzak. 

Jesus Errasti Azurmendi Arrasaten jaio zen 1929ko martxoaren 25ean.Futbolari bezala UCEAn nabarmendu zen, 1948an. Jose bere anaia zaharrak ireki zuen kirolerako sendiaren atea.
Atotxan, 1949. Mondrarekin. Jesus eta Jose anaiak
Eta hark ere izango du tokia aipatuen artean.

Jesusek bere estilo eta futbolerako erakusten zuen trebeziarengatik aurki “Lawton” gaitzizena eman zioten, britainiar ligako Tommy Lawton idoloaren itxurak baitzituen. 

Behean erdikoa Jesus, eta bere atzean Berezibar, 1951-09-01
UCEA eta Mondratik zehar Eibarrera eman zuen salto. Denboraldi bat geroago Deportivo Alavesek fitxatu zuen, 1951-52 denboraldirako, bigarren mailan aritzeko. Alavesekin hasi eta aurrenetako partidu batean, lagun artekoan,  Madrilgo Txamartinen aritu zen, 1951ko irailaren 1ean, Real Madriden kontra. Ez zen txantxetakoa izan, madrildarren artean Alonso, Muñoz, Olsen, Molowny eta antzeko jokalariak baitzeuden. Partidua 7-2 galdu zuten arren babazorroen artean Errastik oso itxura ona eman zuela diote kronikek.

Jesus,bigarrena zutik ezkerretik. Uribarren eskuinekoa, makurtuta

Aipatu behar da, partidu hartan gasteiztarrekin beste arrasatear batek ere jokatu zuela: Txomin Berezibar Altuna. Horra hor, beraz, Arrasateko kirol historiarako apuntatzeko data: 1951-09-01.

Errasti, Uribarren eta Zarra mitikoa
Bigarren mailan ari zen Barakaldora pasatu zen hurrengo denboraldian Errasti eta Bizkaiko hiri hartan 1953-54 urtera arte egon zen. Eta Barakaldotik Andaluziara joan zen arrasatearra, Cadizeko San Fernandoko ekipora, alegia. Eta bertan 1954-55 urtean ihardun zuen. Talde horren web gunean irakur daiteke: “Hamarkada zoragarria hasi zen 1954an” San Fernandoko kasu honetan ere, Errastik beste arrasatear batekin egin zuen topo: Juan Jose Uribarrren. Azken hori aurreko denboralditik zebilen Cadizeko ekipo hartan, hain zuzen bigarren mailara igo zenean. Uribarren eta Errastik arerio izan zuten bigarren mailan beste arrasatear bat, Jaenen futbol goi karrera egiten ari zena: Angel Arregi.

Errasti, hirugarrena ezkerretik. makurtuta. Bosgarrena Arriaran.
Errastik San Fernando taldean urtebete bakar bat eman zuen eta handik Burgosera hurbildu zen. Hirugarren mailan zebilen Burgos C.F eta bigarrenerako prestatzen ari zen. 1955-56 denboraldian, beraz, Gaztelako hiri  hartan ihardun zuen, eta taldean beste arrasatear batekin egin zuen topo: Juanito Arriaranekin, Burgosen soldadutza egiten ari zena. 







Goiko argazkia Jesus Errastiren azkenetako partidu batekoa da, lagun artekoa, Juventud Deportiva Mondragónekin, hamarkadatan taldeko laguntzailea izandako Pereirari egin zitzaion omenaldian, Iturripen. Makurtutakoetako bigarrena da Jesus, eskumatik, bere ezkerrean Berezibar Deportivo Alaveseko kide ohia duela.Jokalarien artean ikus daitezke, Jose Errasti (entrenatzaile lanetan) Imanol Zeziaga Divino I, Uribarren,Txantxote, Guridi, Balzategi, Bolinaga, Kortabarria... Futbolista onak,Arrasateko futbol historiako ale baliotsuak.

 Jesus Errasti Burgosen erretiratu zen  futbol profesionaletik,  27 urterekin. Jokalari ohi arrasatearra 2003an hil zen.

 Argazkiak: Ana Errasti, Benito Errasti, Jose Ignazio Zaitegi, JMVM


ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html











iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina