martxoa 22, 2017

MANUEL BERNARDINO ARANGUREN MEDIKUA



Arrasate, XVIII.ean
Aranguren sendiak zuztar sendoko jatorria dauka Arrasaten. Eta sakonera ez ezik zabalerari ere ohore egin diote arangurendarrek, mota eta estilo desberdinetako pertsonaiak eman baitira abizen horrekin. Blog honetan gehien atera ditudanak Monterrongo Kondearen adarrekoak dira, Andicano eta Zelaa sendiak ondorengo zuzenik eduki gabe Mateo Nicolás  Aranguneri egokitu baitzitzaion konde izatearen eskubidea XVIII mendean.

Bada XVIII mendean ere beste Aranguren bat, Arrasaten jaioa eta orain arte inoiz aipatu ez dudana. Manuel Bernardino Aranguren medikuari nagokio. Eta txoko honetara ekarri nahi izan dut, nolabaiteko justizia egitearren. Egia da Manuel Bernardinok bere jaioterritik kanpo burutu zuela, ospe emango zion ekintza. Baina ez da egia txikiagorik Arrasatetik atera zela medikuntzan izena lortuko zuen hura. Bada ikerketa lan bat Aranguren honen bizitza zertzeladak azaltzen dituena. RSBAPren buletinean Jesus Elosegi lagunak 1973an argitaratua da, eta bertatik lortu ditut hona aldatu ditudan datu asko. 

Tolosako azokan, XVIII.ean
Manuel Bernardino Aranguren Oro Arrasaten jaio zen 1743ko maiatzaren 20an. Gurasoak Manuel, baita arrasatearra ere, eta Joakina, gasteiztarra izan zituen. Hirugarren kidea zen sendian, hamar anaia-arrebaren artean. Eta non ikasi zuen ez dakigun arren, ezaguna da medikuntzan aritu zela. Ignazio Barriola mediku  eta kultura egile ospetsuak 1963an idatzitako “Los Amigos del País y la medicina”  lanean dioenez, medikuntza garai hartan oso teorikoa zen, izan ere lizentziatura lortzeko 1797ra arte ez zen Espainian medikuntzaren ikasketa praktikorik burutu behar izan. 

Arangurenek 1770ean Pasaiako mediku titularra izendatu zuten, hilabete batzuk bakarrik iraun bazuen ere, hurrengo urtean Tolosara igaro baitzen, baita titular gisa. 1771ko apirilaren 5ean gertatu zen izendapen berria foru hirian. Lau urte geroago Juana Bautista Irazusta hernialdetarrarekin ezkondu zen eta Tolosan bizi izan ziren. Bederatzi seme-alabaren gurasoak izan ziren. 

Manuel Bernardino Arangureren Real Sociedad Bascongada de Amigos del Paiseko kidea izan zen 1777tik eta elkartetik irakaskuntza  eta ikerkuntza lanak  burutu zituen.  Elkartearen urte hartako  akta batean irakurtzen da: 

El Doctor D. Casimiro Ortega, individuo de la Real Academia de Ciencias de París, Médica y Económica matritense y de este Real Cuerpo, Demostrador del Real Jardín botánico, ha propuesto la idea de formar un herbario o Flora bascongada, a cuyo fin ha dispuesto la Sociedad una instrucción que ha esparcido entre los profesores de las tres provincias, que han empezado ya a dar evasión a este encargo, pues el Dr. D. Manuel Bernardino de Aranguren ha hecho dos remesas copiosas de plantas del país…” 

Lan hori amaitu ondoren Madrileko Erret-Lorategi Botanikoaren Ordezkaria izendatu zuten Aranguren. Aipatu Lorategi horretan euskal floraren bilduma bat osatu nahi zutenez gero, Manuel Bernardinok “Colección y Nómina de las Plantas del País” deritzan lana burutu zuen 1785ean. Azpimarratu behar da Linneok XVIIIaren hastapenetan asmatutako sistematika botanika berria erabili zuela  mediku arrasatearrak bere lanean. 

Arangurenen esku izkribu bat
Bestalde, eta beti RSBAPen barruko lanari dagokionez, Arangurenek ikerketa bat egin zuen “miserere, ileo o vólvulo intestinal” gaiaren inguruan. Medikuntzako literaturan “ koliko miserere” terminoa XVIII.ean agertu zenean, heste-igarotzearen etete bortitzari testu hipokratiko eta galenikoek ematen zioten tratamenduari bide alternatiboak eskaini zitzaizkion. Arangurenek ere alde horretatik jo zuen eta planteatu zuen RSBAPek “Haen makina” erostea, mediku-zerbitzuak eskaintzeko. Ur mineromedizinalei garrantzi handia eman zien eta Ignazio Izaetarekin batera Zestoako uren gaineko txostena prestatu zuen 1789an. 


Arangurenen ospea  handia izan zen Gipuzkoan eta mediku onen zerbitzuak eskuratzeko eskaintzak –“fitxaketak”- egiten ziren, medikuei udalek ordaintzen baitzieten. Eta bere jaioterriko Udalak arrasatearraren itzulera eragin nahi izan zuen. Manuel Bernardino hil zen egunean bertan bere alarguntsak Tolosako Udalari eginiko eskabide batean irakur daiteke: 

“Cree la suplicante que lo que lleva expuesto el mérito de su marido y notablemente el sacrificio que hizo obsequio de V.S, a las instancias importunas y casi violentas de su pueblo de Mondragón, que sobre los 500 ducados anuales con que contribuía a los médicos anteriores, le ofrecía 300 ducados de aumento y 200 ducados de su viudedad para la suplicante …” 

1789ko ziurtagiria, Aranguren aipatuz
Hiru egun geroago Tolosako Udalak erantzun zuen: 

“… fallecido a resultas de haberse contagiado de la calentura pútrida que reina en esta villa y sus contornos, traída por los individuos de los tercios que se emplean en el servicio real en la frontera de Irun … olvidando su peligro por el ardiente celo que tenía de recuperar la salud de los enfermos por quienes era llamado, y habiendo desestimado el convite de su patria, la noble villa de Mondragón… “ 

Manuel Bernardino Aranguren Oro 1794ko maiatzaren 16an hil zen Tolosan.













iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina