Mondra, finalean Atotxan. |
Bilboko Athleticek Europako finala jokatu zuen duela hamabost bat egun eta
denboran urruti geratzen bada ere Arrasateko Juventud Deportiva Mondragonek
beste horrenbeste egin zuen 1951-52 denboraldian, hori bai gure Lurralde-Lehen
Mailan, Itsasertzeko taldeen arteko sailean. Maila apalagoa bilbotarrak baino,
bistan da, baina azken finean futbolean. Athletic bezala, txapeldunorde gertatu
zen, Elgoibarren kontra Atotxan jokatutako partiduaren ostean husna bukatuta.
Ostera jokatu behar izan zen partidua eta Mondrak gol batengatik galdu zuen,
hori bai –kronikek diotenez- “sarrailariek euren futbolaren sendotasuna argi
eta garbi erakutsi zuten”
Baina denboraldiko lorpenik handiena etortzekoa zen. Afizionatuen Txapelketan
Vitoria gainditu zuen final aurrekoetan, partidu bakarrera Gasteizen jokatutako
partiduan. Eta finalean Michelinen kontra bost eta bat irabazi zuten
arrasatearrek. Egia esan, inor gutxi harritu zen Juventud Deportivaren
arrakasta berriarekin, afizionatuen txapelketa bide baitzen bere
espezialitatea, lau urte jarraian eskuratu baitzuen titulua: 48-49, 49-50,
50-51 eta 51-52.
Hemengoen taldeen kontrako txapelketatik
estatu mailara jauzia egitean, ordea, Mondrari ez zitzaion hain ongi joaten eta
1952ko prentsak berriz ere gogoratzen zuen 1948-49ko denboraldian Indautxuren
kontra jokatutako partidu ospetsua: estatu mailako norgehiagoketan final
aurrekoetan ari ziren eta bueltako partiduan Bilbon partiduaren luzapenean
galdu zuen gure taldeak finalerako txartela. Zorte txarra!
Urte hartan Alberto Bacigalupe kazetari
bilbotarrak argitaratutako “Futbol modesto en las Vascongadas” liburuan
apuntatuta utzi zuen bezala 1951-52ko talde titularra honako hauxe zen: Moreno;
Luis Arregi, Uribetxeberria eta Fertxu; Egidazu eta Bolinaga; Eli, Berezibar,
Balzategi, Tololo eta Guridi. Ordekoak, berriz, Monty, Kortabarria eta
Gutierrez. Kapitaina Balzategi “Erregetxo” zen eta denboraldi hartan Zubillaga
jokalari trebe eta aurrelarien arteko onenentzat hartutakoa larriki zauritua
ibili zen denbora luzez eta ez zuen behar bezala lagundu ahal izan.
Mondraren entrenatzailea Joxe Errasti zen, “hombre
que sabe compaginar la autoridad y energía que requiere el cargo con el tono
amigable del compañero” Bacigaluperen ustez.
Liburuak, azkenik, taldearen zuzendaritza
batzordekoen izenak ematen zituen: Jose Martinez de Ubago, lehendakaria;
Zezilio Iturrospe (lehendakari ordea); Balendin Gonzalez (idazkaria);
Frantzisko Marteatxe (diruzaina) eta Agustin Heriz, Luzio Berezibar, Castor
Uribe, Cleovaldo Herrero, Juan Jose
Axpe, Migel Lazpiur, Daniel Uribarren, Simon Arregi, Bixente Aranbarri eta
Rafael Barrena (bokalak)
Mondrak denboraldiko bigarren finala irabazi zuen.
=======================
Goiko argazkiko jokalariak:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina