Adinekook espazio zabalagoa utzi dugu atzean,
aurrean gera daitekeena baino. Motxila bete-betea daramagu sorbaldaren
gainean eta sarritan -niri behintzat sarri gertatzen zait- oroitzapen eta
erreferentzia historikoek lehen tokia hartzen dute gure bizitzan. Oso gustukoa daukat paper zaharretan
irakurtzea. Beti ikasten da zerbait. Horregatik ordu goxoak ematen ditut
iraganari begira. Konbentzituta nago izan zirelako garela. Gaurko istorio honen
protagonistak dioen moduan: Zaarrai itxi bake-bakien... zaarrak asko
jakiek-eta.
Gaurko nire ekarpen honetan, Donostian
argitaratzen zen “El Dia” egunkarira jo dut, eta hain zuzen 1930eko abenduaren
30eko zenbakian istorio xelebre bat aurkitu dut. “Euskal-orria” izeneko
atalean, eta egilearen arrastorik inondik agertzen ez delarik, “Aramayo-ren
deabrukeriak” kontakizuna argitaratu zen. Transkripzio zuzena egin dut
egunkaritik. Irakurtzera gonbidatzen zaituztet:
-
“Ori da agurearen meya!
-
Zelan? Aramayo?
-
Aramayo dau izena. Angoa da-ta...
Arroaterdi astun ez da bera.
-
Ez; baña orren makar ta orren zar ta
orren triskil dakutsun agure eskale orrek, lengo gau baten makillaka apurtu
zituzan lau edo bost mutil gazte sendoak, ta ganera txis egin eutsen burutik
beera.
-
Bateko ori bota dozu ba, gizona, ta
biribilla bota be!
-
Benekian guzurtzat artuko zeustala,
baña ezta gezurra. Gertaera ori ikusi ebenak eztira urrin bizi; orraitiño euren
testigantza edo lekukotasun barik be siñistuko dozu, azaldu daitzudanian zelan
izan zan.
-
Ia ba, asi zaitez esaten, ta ikusiko
dogu siñisbiderik daukan ala ez.
-
Ara ba. Len aitatu dodan gabean
ei-egozan Urkiola´ko ostatuko suetean lau bosten bat mutil gazte arrokeria
erioela, batak au ta besteak ori, iñun direan ausardikeriak edo balentikeriak
esaten. Sendoak eurak eta ganera barrua ondo berotuta Naparroa´ko edari
baltzaz, aupadaka ebiltzan, inguruetan ez egoala eurai aurre emoteko gizonik,
eta iñok urten gura baeban urteteko, ta eurai atzera eragingo eutsenik
ondiñokoan etzala jayo ta... orretara arroen praketan be artu ezinda.
Arrokeri gusti onek ezeri bagakoak zirean,
bada euren entzulak iru edo lau emakuma, ostatuko morroi bat, irurogei urte
ingurukoa, ta baketsua bera, ta Aramayo agure zimela zirean. Onek, alango baten
esan eutsan morroyari:
-
Manu, gurok bioen artean lepoak berotu
dayoeguzan onei?
-
Burutik ein yak ala? Gu zer gazak ba
orrentzat? Bai, mutillak yauzak eurak orretarako!
-
Ba ik gura ezpok neuk eingo joat.
-
Eiñeik gura badok; baia orrezkero agur
eingotzak sekuleko Aramayo aldeari.
Alde egin eban
sukaldetik Aramayo orrek eta atari-aldeko eskepean ixil-ixilik aulki luze bi
zearretara ipiñi, aupada santzoa jaurti, makilleagaz arrast egin lurrean eta
aotsa (boza) aldatuta esan eban deadarka:
-
Urten ona barriketan or dagozan
ollo-kumak!
Au entzun ordukoxe, jagi mutillak egozan
lekuetatik eta amurrututa tximistak legez urten eben atarira. Eskuko atzak be
etzirean ikusten an ta jo eben bernazakiakaz aulkietan eta lurrera jausi zirean
bata bestearen ganera, ayeneka ta erdi arnas barik, miñen miñaz. Inoz
bernazakian olango blaustadarik artu dabenak badaki min ori zein zorrotza ta
zein eroan-eziña izaten dan.
Bitartean agure gaiztoak ezeban galdu
astirik; erabili eban azkar makillea, erruki barik joten zituzala buruan nai
edozein lekutan. Eskaratzetik argiakaz etorri zirianeko, eyotu zituan naikoa ta
alboko gela batera sartu zan.
Erdi errenka eta buruak zaurituta ebilzan
mutillak eta gustiakana agertu zan Aramayo be, sekulan plater bat apurtu
ez-paleu legez. Manu morroyak esan eutsan belarrira:
-
Ik ein dok demoniñokeria! Yakingo
baluek yakin... ire gixaxue!
Baña nori buruak emongo eutson Aramayo
lango agure zar koitau itxuradun bat izan zitekeala alango barrabaskeriaren
egillea? Zerbait artetu ziranean makillatuak, gustiz asarre ibilli zirean
etxe-inguruko ta etxe-barruko bazterrak aratuten, ia aurkituten zituezan
arerioak, bertan zatituteko gogoaz, baña... iñor bere ez. Zelan, eurakaz batera
baebillen arerioa bentasun (seriotasun) andienagaz ziñotsela: “Giiizonak, mundu
onetan asko ikesteko asko bizi, bestelan nok esango euskuan guri orretaiko
gaiztakeria egitia burura etorri leikiola iñori?”
Bein suetean batu zireanean, buruetako
odol-uneak osatuteko gauzarik onena zer izan zeitekean eztabaidan asi zirean
atso agura mutillak. Aramayok ziñotsen:
-
Jentiek... Nik olango gauzetan zuek
baño jakituri geyao dauket, zuek baño geyao ikusi dotelako, ta neuk diñotzuet
eztauela gizon elduen txixa baño gauza oberik orretarako, ta txix ori
bero-berotik izan ezkero askoz obeto.
Atsoak be sendotu eben eretxi au, txixa
langorik ezegoala atarako-ta. Urten eben emakumok eta bakarrik geratu zirenean
agure-mutillak, Aramayok esan eban:
-
Mutillak... zelan arrayo ibiliko
gaituk katillu batera txixa ataraten? Neuk botakotzuet kontuz-kontuz bakotxari
txix apur bat eta olan otzitu barik artukozue erremediue.
-
Errekontxo, txarrikeri ori be bai?
Erantzun eutsan mutil batek.
- Zer txarrikeri? Zer jaukek ba?
Kuraziño gauzetan txarrikeririk etxok, edo obeto esateko, txarrikeriak izaten
dozak gustiak, baina etxok inok aintzat artzen.
-
Tire ba, tire ba...
Jezar leku batera igo eban Aramayok eta...
egitekoa egin eban. Andik lastertxu alde egin eben mutillak eta ziñoan agureak
suetean:
Arrotxo ibili zarie, baia zeuenak badaruezazuez,
gaztiek eta senduek izan arren. Zaarrak giñiala-ta, orrenbeste aupada entzun bear
geiñduan ala? Zaarrai itxi bake-bakien... zaarrak asko jakiek-eta”
Argazkiak: www.todopueblos.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina