Teodoro Larrañaga |
Nire adineko pertsonentzat Teodoro Larrañaga Ezkurra
izena Arrasateko izozkigile baten irudiarekin dago lotuta. Aitortu behar dut
Teodoro mitifikatua izan dudala txiki-txikitatik, bere esku-gurditxoarekin
herriko kaleetan izozkiak saltzen zituen egunetatik, alegia. Seguru asko, apur bat
idealizatuta edukiko ditut gozoki haiek, batez ere nola fabrikatzen ziren
kontuan izanda. Baina gauza da, nire oroitzapen onenen artean sailkatzen
ditudala Teodorori dagozkionak.
Bere txaketa zuriz jantzita egoten zen eta
txalupa itxurako barkiloetan erreal bitan erosten genizkion gutizia haiek
hamaika oroitzapen ekarri dizkidate beti. Diodan, halaber, nire
belaunaldikoentzat ez ezik zaharragoentzat ere antzerako sentimendu
gogoangarria utzi zuela Teodoro Larrañagak. Adibide bezala jar dezaket, Jesus
Trincado nire biografiatuak –1908an jaioa- ederki ondo gogoratzen zituela bere
haurtzaroko une goxoak, Teodororen ondoan bizi izandakoak. Beraz, gutxienez
mende erdi oso batean gure gaurko protagonistak arrasatear askoren baitan
oroitzapen onak utzi zituela esango nuke.
Berriki Teodororen arrastoari heldu ahal
izan diot haren biloba Ramon Aperribayren eskutik, eta zutabe honetara ekarri nahi izan
dut izozkigilearen istorioa, iraganeko Arrasateren erretratu berri bat
eskaintzen duena. Horren irakurketaren bitartez gizartearen bilakaera jarraikia
egiaztatuko dugu. Etengabe doaz gure aztura eta usadioak aldatzen. Hauxe da,
oso laburtua, Teodoro Larrañagaren historia.
Larrañaga-Ezkurra sendia. Falta da Jose Mari semea |
Eskoriatzan jaio zen, Kamiñerukua baserrian,
1878ko irailaren 11an[1].
Aita Gregorio zen bertakoa. Ama Frantziska Ezkurra, berriz, Arrasateko Erguin
baserrikoa genuen. Bikotea 1877ko apirilaren 14an ezkondu ondoren senarraren
etxera aldatu zen bizitzera, horren amarekin. Baina ez zuten denbora luze eman
Eskoriatzan. Istorio polit bat da egonaldi laburraren inguruan. Begira:
Gertatu zen, Frantsizkak eta amaginarreba
Florentziak ez bide ziotela elkarri ongi eramaten, eta Frantziska Teodoroz
erditu eta egun pare batera sorora bidali ei zuen senarraren amak, artean Frantziska
erditzearen arrastoak guztiz sendatu gabe. Lanean ari zela, ama berriak
poltsatxo bat urrezko monetarekin aurkitu zuen. Frantziarrak 1813an
Eskoriatzatik igarotzean, bertan haietako norbaitek denbora hobeen zain
lurperatutako poltsatxoa zen, nonbait. Frantziska, birritan pentsatu ondoren,
senarrarengana joan eta bota zion: “Urre honekin umearen eta nire
betebeharretarako adina atera dezaket. Nahi baduzu, nirekin etorri Arrasatera
bizitzera” Eta horrela, Teodoro zortzi egunekin aldatu zen bere gurasoekin
Arrasatera.
Bikotea umearekin Arbolapetaren ondoko etxe batean hasi ziren bizitzen. Halaber, Uharkape inguruko goialdean
terrenoak erosi zituzten, etxeko aziendarako. Handik gutxira, ordea, Udalak
erosi zizkien lurrak, ospitale berriaren ganadutegirako. Eta larrañagatarrek
San Andreseko zonaldean, Deba ibaiaren ertzeko lur sail zabala eskuratu zuten.
Gregorio aita, baserritik bizitzeko ideia ahaztuta, Vergarajauregi, Resusta y
Cia. enpresan hasi zen lanean.
Teodorori ere heldu zitzaion lanari ekiteko
sasoia eta bere lehen ofizioa espartingilearena izan zen, Erdiko Kalean ireki
zuen establezimendu batean. Kontsumo handiko produktua zen, nahiz eta, batzuetan,
salerosketaren likidazioa burutzea zail samarra bilakatzen zen.
Baina Teodoro oso begi trebekoa zen horretarako eta aurrera egin zuen
negozioan. Hori dela eta, establezimenduaren eskaintza handituz joan zen eta
kordelak, abarkak, otzarak eta baserriko denetariko lanabesak saltzen zituen.
Baina Teodorok Arrasateko dendatik ez ezik, feriaz feria ibiltzen zen bere
produktuak eskaintzen. Horrela, Durango, Bergara, Elgoibar, Markina, Gernika,
Gasteiz eta beste toki askotaraino iritsi zen bere merkatal sarea.
Teodoro eta Hermenegilda, hiru alaba nagusiekin |
Larrañagak merkatal gaietarako zeukan abilezia kontuan izan
bide zuen Patrizio Etxebarriak, izan ere Teodorok “Bellota” markako produktuen
komertzializazioa lortu zuen Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako azoketarako.
Horrezaz esan behar da, Teodororen anaia Jose Marik Patriziorekin batera
ihardun zuela Vergarajauregui, Resusta y Cia. lantegian eta oso estimu handian
zeukan legazpiarrak Larrañaga gaztea. Patriziok zioenez, Jose Mari Larrañagak
erakutsi zion moduan fabrikatzen ari ziren aitzurrak Legazpin. Jose Mari Argentinara joan zen bizitzera XX.
bigarren hamarkadan eta hori jaki zuenean Patriziok esan ei zion Teodorori:
“Amerikak hemen jaukan hara joan barek”
Azokaz azoka ibiltze horrek eraman zuen
Gernikakoan saltzaile fijo izatera. Bizkaiko foru-hirira joateak aukera ematen
zion Sebero Altube txikitako lagunarekin egoteko. Eta hain zuzen ere, 1937ko apirilaren 26 egun beltz hartan
Teodoro Gernikan zegoen, azoka eguna baitzen. Egun hartan Seberok Gernikatik
lehen bait lehen alde egitea eskatu zion Teodorori, herrian jende arraroa
ikusten zelakoan. Teodorok ez zion kasurik egin eta bonbardaketak harrapatu
zuen bete-betean. Junta Etxearen ondoko Komentuan hartu ahal izan zuen aterpe,
eta ez zen Arrasatera handik hiru egunera arte heldu.
Teodoro izozkietako negozioan sartu
aurretik, elurrarekin zerikusirik zeukan beste ekintza mota batean aritu zen.
XX.eko hastapenetan Arrasateko Udalak Udala auzoko Txukurriluena baserri ondoko
karobi baten ustiapena kudeatzen zuen. Itun baten bitartez, auzoko
baserritarrek neguan elurrez betetzen zuten karobia. Bertako izotza, besteak
beste, gaixo larrientzat medikuek errezetaturiko kasuetan erabiltzen zen, eta
eguneko edozein ordutan gertu egon behar zen Udalaraino igo eta bertatik izotza
kaleraino ekartzeko. Lantegi horretaz Teodoro arduratu zen urtetan eta Olarte
kaleko Erregetxo baserriko kortan gordetzen zuen astoaren laguntzarekin Udalarainoko
joan etorria egiten zuen, eskatzen zitzaion guztietan.
Betebehar horretatik ikusi ei zuen Teodorok,
neguan pilaturiko elurra, izotz bihurtua,
udako hilabeteetan izozkia fabrikatzeko erabil zezakeela. Eta sistema
hartaz baliatu zen, hain zuzen ere izotz-barrak ekoizteko Biteri kalean “Martin
Bixi”-k bere lantegitxoa ipini zuen arte. Ordurako Teodororen izozkiek ospea
irabazi zuten Arrasaten eta inguruko herrietan. Bere txaketa zuriz dotore
jantzita eta esku-gurditxoari bultzatuz Aretxabaleta, Aramaio, Eskoriatza eta
Arrasateko jaietako pertsonaia bilakatu zen. Negozioko sasoia Aberri Eguna eta
Domu Santu bitartean izan ohi zuen. Irabazpidearen gaineko ideia integralari eutsiz, izozkietarako
barkilloak ere Teodorok berak prestatzen zituen etxean.
Teodoro Larrañaga izan zen urte luzez Udal
Azokako kudeaketaren arduraduna. Garai hartan ohi bezala, enkantean jartzen
zuen Udalak ustiapena –gehien ordaintzen zuenari adjudikatzen zitzaion- eta
Teodororen eskaintzak altuenak izan ziren urtetan. Horrela, berari zegokion
bertako garbiketa eta ordenaren ardura eta baita saltokietako alokairuen
kobrantza ere.
Senar-emaztea, Restituta, Bitxori, Dolores, Satur eta Juan seme-alabekin |
Teodoro abertzalea zen eta bere ideia
politikoek kartzelara eraman zuten gerra aurretik. Gertatu zen 1931ko udal
hauteskundeetan zurrumurrua korritu zela herrian karlistek izurra egingo
zutela, botoa bikoitza emanez, hau da karlista bakoitzak birritan bozkatuz. EAJren herriko presidentea zen Esteban
Garayrekin honakoa adostu zuen: Teodoro bere boto-papera
sartzera zihoanean Estebanek keinuren bat egiten bazion hark boto-kutxa
puskatu behar zuen. Hala egin zen eta kutxa txikituta bertan behera geratu zen botazioa.
Teodoro kartzelara eraman zuten zenbait egunetarako. Baina kutxetako botoak
zenbatu zirenean, boto emaile baino gehiago azaldu bide ziren. Bozketa ostera
burutzean kontrol gehiago jarri zen eta nazionalistek irabazi zuten. Gerra
amaitutakoan, Erantzukizun Politikoen Lurralde Epaitegiak 3.000 pezetako isuna
jarri zion Teodorori EAJren kidea izateagatik.
Gure izozkigilea 1964ko maiatzaren 23an hil
zen, eta berarekin arrasatear gizarteko estiloaren zatitxo bat ere joan zen
betiko. Horrezaz gain, harrez geroztik esku-gurdietan erosten nituen izozkiak
ez ziren niretzat Teodororenak bezain goxoak izaten.
[1] Horrela agertzen da bataio-agirian. Eta Larrinaga abizena irakurtzen
da agirian; aitarenean agertzen den bezala. Areago, Teodororen gurasoak
Arrasateko Uribarriko elizan ezkondu zireneko dokumentuan ere Larrinaga dago
idatzita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina