miércoles, 16 de mayo de 2012

UCEM-eko LANGILEAK GREBAN, DUELA MENDE ERDI


Berrogeita hamar urte betetzen dira egun hauetan Union Cerrajera S.A  eta Roneo S.A enpresak grebara atera zirela, langileen soldata-aldarrikapenak zituztela medio. Artean  Gipuzkoako lantegirik garrantzitsuenetakoa zenez gero –biak kapital enbor berekoak - oso oihartzun handia izan zuen grebak herrialdean eta, oro har, Euskal Herrian.

“Ama Cerrajera” liburuan Juan Ramon Garayk dioenez, mugimendua 1962ko lehen hileetan hasi zen, Unión Cerrajeraren Arrasateko tailerretan  Bedaux kronometraiaren sisteman berrikuntzak sartu nahi izan zituenean zuzendaritzak. Itxura denez, Enpresako Juratuak uko egin zion lan-itun berriari eta maiatzaren 17ko arratsaldean lehen geldiunea eman zen, Arrasateko langile guztiek lan egiteari utzi ziotela.

Apur bat atzerago joan behar da,  Franco jeneralak maiatzaren 4an Asturias, Bizkaia eta Gipuzkoarako salbuespen egoera –estado de excepción- hiru hilabetetarako jarri zuela oroitzeko. Arrazoia, dekretuak zioen moduan La ilegal paralización del trabajo en determinadas minas de, carbón y otras empresas, impone la necesidad de salvaguardar dentro de la ley, el interés general”

Manuel Valencia Remón
Testuinguru hartan Gipuzkoako enpresa batzuk lan geldiunerekin ari ziren. Hala, Besaingo CAF-en zenbait egun lan egin gabe burutu ondoren, hil haren 16rako konponbidean zeuden. Zumarragako Esteban Orbegozo S.An ere antzerako auzitan zebiltzan eta probintziako gobernadore zibilak 25.000 pezetako isuna jarri zion enpresari lantegian sortutako intzidentzien berri ez emateagatik. Arrasateko Unión Cerrajeraren kasua aurrekoei gehitzera etorri zenean, Manuel Valencia Remón gobernadoreak sinatua, honako oharra plazaratu zen, maiatzaren 17an:

“La normalidad existente, una vez terminado el episodio de la Cia. Auxiliar de Ferrocarriles de Beasain, corre el peligro de ser turbada por determinados brotes que pudieran surgir en alguna empresa de la provincia. Bajo el fundamento económico de la subida de salarios es indudable el predominante móvil político con que una minoría pretende arrastrar a la huelga a muchos trabajadores que pagan después en su propia carne las consecuencias de prédicas tan improcedentes como irresponsables. El empresario digno de tal nombre tiene el derecho y el deber de mantener la disciplina en el seno de la empresa y está justificada la prevención y la contestación negativa ante estas actitudes

Herrialdean zer gertatzen ari zen ikusita, arrasatear enpresako zuzendaritzak auziaren berri eman zuen gobernu zibilean eta erantzuna berehalakoa izan zen: itxi enpresa, eta langile guztien lan-itunak bertan behera utzi. “Ordena publikoko” –eufemismo!- agenteek -hots, guardia zibilek- Arrasatetik Donostiara Jose Mari Lasagabaster “Venches”, Nikanor Mujika, Jabier Arana eta Gregorio Etxabe eraman zituzten, eta Meliton Manzanas komisarioaren eskuetatik pasatu ondoren –ongi jipoituta- herrira itzuli ziren baina enpresak ez zituen onartu.

Grebari buruz maiatzaren 18an Valencia Remónek zioen: Se trata de un comportamiento merecedor de la mayor repulsa, que una masa respetable de trabajadores y sus correspondientes familias quedan afectados por estas ordenes de cierre a las que se han hecho acreedores. Naturalmente que, aparte las sanciones que procedan, perderán sin remisión los jornales, por seguir la corriente de una minoría aviesa de mala fé" (1)

UCEMeko langileen jarrerari gehitu zitzaizkion Arrasateko beste enpresa batzuetako langileak. Horrela, Industrial Mondragonesa, Nito eta Asamen ere zenbait behargin kaleratu zituzten, nahiz eta lantegiak zabalik mantendu ziren. Aldi berean gobernadoreak oharra pasatu  zien enpresariei, soldaten gehikuntzak une haietan tokiz kanpo zeudela eta langileekin negoziatzera jarri zirelako errieta egin zien, zigorra eror zekiekeela abisatuz. Prentsan irakur zitekeen: La Delegación Provincial de Trabajo ha publicado una nota en la que anuncia sanciones para los obreros que pidan y los empresarios que concedan subidas de salarios en estos momentos de estado de excepción, motivado por los conflictos laborales. Y el gobernador civil comenta adecuadamente la causa y el alcance de tan saludable medida" (2)

Ongi irakurri du irakurleak, bai. “Saludable” hitza erabiltzen zuen egunkariak. Eta segitzen zuen, hizkera frankista dariola: “No es la misión de la Ley de Orden Público proteger tan egoistas intereses. Gracias a Dios, el Estado va desarrollando una política económica cuyo más reciente hito es la liberación total de la exportación de beneficios del capital extranjero

Beste modu batean ezin zitekeenez, gobernadore zibilak kanpo eragileei egozten zien grebaren erantzukizuna. Horrela, atzerriko prentsa, ezker zein eskuinekoa jartzen zuen zurrunbiloaren begian, deabrutzat hartuta, batez ere Donostian eta Gipuzkoako elizetan abadeek grebalarien aldeko otoitzak egin zituztela informatu zutelako. “España está en el camino de su normalidad. El que oiga algunas radios extranjeras verá claramente cómo el enemigo común está acechando y pretende jugar con la inconsciencia y la memoria frágil de algunos empresarios y trabajadores” abisatzen zuen gobernadoreak. (3)

UCEMeko langileek maiatzaren 23an utzi zioten greba egiteari eta egun hartan enpresaren irekiera agindu zen gobernu zibiletik. Lanean hasi zen, ez kaleratutako beharginekin –batez ere enplegatuak- eta zigortuta zeuden guztiek itxaron behar izan zuten, inkorporazioaren eskabidea onartzen ote zitzaien ikusi arte.



Argazkiak: JMVM


(1) La Voz de España, 1962-05-19
(2) Idem 1962-05-22
(3) Idem. 1962-05-24

No hay comentarios:

Publicar un comentario