miércoles, 25 de abril de 2012

JULIO GALARTA: URTEBETEA HIL ZELA


Urtebetea eman du Julio Galarta pintorea hil zenetik. Gaur, asteazkena, berriro dakart zutabe hauetara arrasatear margolaririk bikainenaren oroitzapena, Julioren urtebetetze berri bat ospatu nahi banu bezala. Gauza asko gertatu dira iazko apirilaren 25etik, besteak beste iazko ekainean arrasatear gizarteak artistari eskaini zion erakusketa.


  
Galartaren legatua gure artean dago eta puntu ugari oraindik lotzeke dauden arren, esan dezaket Julioren lagunak bat egiten ari direla haren izana, izena eta obra babes lezakeen elkartea sortzeko. Uste dut urrats sendoa litzatekeela halako plataforma juridikoari itxura ematea, arrasatear margolariaren ingurua inoiz behar bezala ikertuko bada.

Elkarte pribatu bat, Galartaren miresle guztiei irekia, abiapuntu ezin hobea gerta liteke gure margolariaren obrari buruz oraindik ez dakigunaz jakiten saiatzeko. Lan handia izango luke horrek, baina ezinbestekoa,Julioren  hamarkada luzetako ondorio artistikoa behar bezala estimatzeko. 


 
Bizitzak ez du etenik izan eta Julio Galarta gabe ere munduak aurrera egin du. Baina inoiz damu ez gaitezen eta datozen belaunaldiek utzikeria lepora ez diezaguten, gogoz aritu beharko dugu gure adiskidearen nahia betetzen. Izan ere, Galartak nahi zuen, eta bere oinordekoek ongi interpretatu dute haren desioa, bere legatu artistikoa arrasatear herriaren ondare kulturala aberasteko uztea. Horri heldu beharrean beste norabait begira jartzen bagara, ezingo digute esan kultura maite duguna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada