urtarrila 28, 2026

DUQUE DE MONDRAGÓN… IA-IA


Monterrongo Kondearen eskua luzea izan zen Arrasaten mendetan. Apunte batzuk eman ditut blog honetan sendi haren gain eta gaiak askoz gehiagorako ematen du. Ziur nago kondeen artxiboan arakatuz gero Arrasateko historia aberasteko materiala jaso daitekeela. Ia inor animatzen den. Oraingoan bitxikeria bat dakart, udal aktetan aurkitu dudana. Bada hori, kondetzak eragindako morrontza-sentimenduak markatu egin zuela herritarren bizimodua. Ikus dezagun:

1950eko abenduaren 6 zen, San Nikólas eguna. Udal bilera izan zuten udaletxean eta bertara Santiago Bastida “Xagu” alkatea eta Jose Azkoaga, Jose Berezibar, Bixente Gonzalez, Balendin Gonzalez, Antonio Balerdi, Mariano Azkarate eta Jose Mari Ezkurra zinegotziak azaldu ziren.  Felix Landa zen interbentorea eta Prudentzio Iraeta idazkaria. Gai zerrendako lehen puntuei buruz erabakita, Balerdi zinegotziak alde egin zuen. Zetorrenaren gaineko bere iritzia ez ematearren? Auskalo! Gauza da, alkateak ondoko informazioa eman zuela:

“…que por los señores Condes de Monterron, Marqueses de Garcillán y de Monroy (1), ha sido solicitada la rehabilitación de los títulos de Duque de Villafranca y Duque de Palagonia, ambos con Grandeza de España…

… se acuerda elevar al Ministerio correspondiente el testimonio de 
su sentir unánime sobre la gran complacencia con que esta Villa vería la concesión de la gracia solicitada por los Condes de Monterrón… y por lo que antecede vería con sumo agrado las rehabilitaciones solicitadas y muy especialmente el cambio de denominación que se pide del Título de Duque de Palagonia por el de Duque de Mondragón o Duque de Mondragón de Guipúzcoa, lo cual sería un lazo más entre esta Villa y la Casa de Monterrón, tan unidas a través de los siglos, y serviría para dejar bien patente en todos los lugares del mundo en que, sin duda muy dignamente, fuera ostentado tal Ducado…”

Eskabideari laguntzen zion Arrasate herriarekiko kondeen balizko ekarpenen zerrendak, eta horietako batzuk aldatu nahi ditut hona, edozein gairen gaineko perspektibaren angelua desberdina izan daitekeela birfroga dezagun.

Konde desberdinen aipamena egiten zuen Udalak, eta bereziki Santiago Elias Aranguren, 1816an eraildako konde eta karguan herriko alkatea nabarmentzen zuen. Halaber, Manuel María Aranguren, Mateo Nikolas Aranguren, Iban Aranguren eta abarren aldeko nolakotasunak azpimarratzen zituen.

“La villa de Mondragón se ha visto honrada con la visita de los más egregios personajes españoles y extranjeros, gracias a los Condes de Monterrón que en su Palacio han recibido a los Reyes Don Felipe IV, Don Felipe V, Fernando VII y la Reina Gobernadora Isabel II, el Rey de  Toscania y de Etruria, y recientemente a S.S.E.E El Jefe del Estado y Señora y destacados miembros de su Gobierno, el 2 de agosto de 1949 (2)"

Eta orduko kondeen “ontasunak” zerrendatzen zituen Udalak, besteak beste:

“… con empeño poco usual han restaurado el Palacio de los desperfectos que sufrió durante la Guerra de Liberación, en la que fue objeto de repetidos bombardeos y requisado primeramente para oficinas del Partido comunista, y más tarde puesto por sus dueños al servicio del Ejército Nacional y ha continuado la tradición de sus antepasados

…  Atentos en todo momento a todo lo que sea de provecho para la
Villa… Con su ayuda económica contribuyen al sostenimiento del Santo Hospital y Casa de Misericordia, del Colegio de San José y de las demás obras benéficas de la Villa”

Zergatik hartu zuen Udalak erabakia? Garbi dago: euren etxean Francoren bisita jasotzen zutenen eskabideari ezin zioten ezetzik eman, nahiz eta gauzak ez ziren hain garbiak. Baziren Udaletxean beste modu batez pentsatzen zutenak… baina ezin zuten euren burua arriskatu. Ziur nago, udalaren erabakia hartzeko idazkia kondeen eskuak berak prestatu zuela.

Monterrongo kondeei feudalismoaren estiloa egotz zekiekeela idatzi nuen aspaldi txoko honetarako. Izan zen zinegotzi zintzo bat, Jose Mari Uranga, kondeen jarrera deitoratu eta salatu zuena, Udaletxera iritsi zen lehen unetik.

Eta “Jose Luis Iñarra. Mondragoeko parrokua”(2006. Josemari Velez de Mendizabal-Eusebio Iñarra) liburuan azaltzen genuen, kondeek banku bat zutela parrokiako lehen lerroan euren izenarekin eta eurentzat bakarrik. 1953an, parrokian obrak egin zirenean, bankua erabilpen publikokoa bilakatu zuen parrokoak. Konde andreak – Maria Rosario Aranguren- eskutitz bat bidali zion parrokoari bere eskubideak aldarrikatuz. Eta Iñarrak erantzun zion: 

“Enterado del contenido de aquélla, renuevo mi postura de siempre, aún a pesar de que ciertas aseveraciones y el tono general de la carta me hayan dejado desconcertado y descorazonado. Sobre la posesión, derechos etc. del banco, no creo sea la cosa tan evidente. Tengo noticias de que ni el Obispo de Vitoria ni mi predecesor Sr. Arín (q.e.g.e) opinaban así, al menos en el mes de julio de 1915. Yo mucho le agradecería que demostrara sus pretendidos derechos,  no a las “ilarriak”, hoy proscritas, sino al banco

Si Vd. se debe a su descendencia y debe velar por los intereses y derechos de la Casa Monterrón – y ello me parece bien- tampoco debo yo tirar la parroquia. Al igual que a Vd. sus sucesores, me podrían exigir responsabilidades la Iglesia. ¿No le parece que si Vd. hubiese aceptado y puesto en práctica las recomendaciones mías cuando las disonancias se suscitaron, hoy no hubiésemos rozado en estas desagradables cuestiones?” 

Iñarrak, erretore bezala, Monterrongo Kondeekin arazoak zituela gauza jakina zen herrian, haiek parrokian egiten zuten erakuspen larderiatzailea zela eta. Eta herria bere erretorearekin zegoen. Iñarrak ez zuen onartzen kondeen jokaera maltzurra, herriarekiko euren betebeharretatik paso egiten zuten bitartean (3) elizan euren buruak nabarmentzen baitzituzten, gainerako kristauak baino gehiago izan balira bezala.

Pazientziako ontzia gainezka egin zuen tanta honako hauxe izan zen: Monterronekoak 1965eko egun batetik bestera parrokiara jarleku berezi bat sartu zuen, “Condes de Monterrón” hitz gotikoekin grabatua eta aldarearen aurreko lehen lerroan ipintzeko aginduarekin. Lurrean, berriz, “Monterron”  latoizko xafla bat ezarri zen.  Operazioa burutu zenean Iñarra Arrasatetik kanpo zegoen, eta itzuli zenean bankua erretiratu egin zuen. Norbaitek aholkatu zion latoizko xafla ez ukitzea, badaezpada ere. Eta hartan utzi zuen, lurrean, herriak kondeak zapal zitzakeela adierazi nahi izan balu bezala. Erretorearen erreakzioaren ondorioz kondeek parrokiara azaltzeari utzi zioten. San Frantzisko-ra aldatu zituzten euren elizkizunak... eta handik gutxira Bergarara.

Eta amaitzeko, diodan, Duque de Mondragón titulua eskuratzeko eskabideak ez bide zuela erantzun onik izan, eta sekula ez zen erregistratu horren izeneko duketzarik. Gaitz erdi.

Argazkiak: JMVM


(1) María del Rosario Aranguren Palaciok (Arrasaten jaioa, 1923ko abuztuaren 3an) aitarengandik jaso zituen Marquesa de Garcillán y Monroy eta Condesa de Monterrón tituluak.

(2)Abuztuaren 11n izan zen bisita

(3) Monterroneko Kondeek ez zioten herriko ospitaleari ordaintzen, San Cristobal baseliza erosi zutenean, harekin batera ospitalearekiko hartu zuten konpromiso ekonomikoa, urteko zenbait anega gari edo dirutan bere balioa ematea, alegia. Eta ospitalea Iñarraren gairik kuttunetakoa zen. 

MONTERRON KONDEARI BURUZ GEHIAGO

https://txemax3.blogspot.com/2018/05/monterrongo-kondeak-feudalismoaren.html

https://txemax3.blogspot.com/2013/05/arrasateko-alkatetza-markesetik.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina