uztaila 02, 2025

MONDRAREN DENBORALDI BIKAINA. 1951-52

 

Mondra, Atotxan 1952.03.23
(behean, hamaikakoaren izenak (1))

Juventud  Deportiva Mondragón (Mondra) lurraldeko lehen mailan aritu zen 1951-52 denboraldian. Bi multzo ziren, Hiriburukoak eta Kosta aldekoak. Mondra bigarren horretan egon zen, beste hamaika talderekin. Eta 1952ko martxoaren 2an lehiaketa amaitu zenean, bigarren agertzen ziren “sarrailariak” Elgoibarren ostean. Hiriburukoen artean, berriz, Vitoria izan zen txapelduna. Eta martxoaren 4an iragartzen ziren bi multzokoetako bina ordezkarien arteko kanporaketak. Lurralde Txapelketa zen. Mondrari Vitoria egokitu zitzaion eta Elgoibarrek Lasarteko Michelinen aurka jokatu behar izan zuen. 

Lehen partidua Gasteizen izan zen, martxoaren 9an, eta gasteiztarrek irabazi zuten 2-1. Hala ere, Iturriperako geratzen ziren itxaropenak zutik, prentsaren arabera “Doña Lógica”k iragartzen zuen Arrasatekoen garaipena. Diodan, halaber, egun hartan herriko bigarren futbol taldeak, UCEA, Mondra ari zen mailara igotzeko promozio norgehiagoketaren lehen partidua jokatu zuela Or Konpon taldearen kontra, 1-1. 

Joxe Errasti zen Mondraren entrenatzailea

Eta logikoak agintzen bide zuen moduan, Iturripeko partiduan etxekoek 3-1 irabazi zioten Gasteizko taldeari. Ondorioz, finala jokatu zen Atotxan, martxoaren 23an, Mondra eta Elgoibarren kontra. Arau denbora amaituta hutsna zegoen markagailua eta beste 30 minutuko luzapena egin behar izan zuten. Ez zen golik izan eta bigarren partidua iragarri zuten. Donostiako prentsak oso partidu ona izan zela komentatu zuen. DVren kirol kazetariak, adibidez, zioen, martxoaren 25an: “En nuestra larga vida de contacto con el fútbol regional, fue, a nuestro juicio, la mejor final que hemos presenciado” Mondra-ren hamaikakoa hauxe izan zen: Moreno; L. Arregi, Uribeetxebarria, Fertxu Aranburu, Egidazu, Bolinaga, Berezibar, Eli, Balzategi, Tololo eta Guridi. Datu bat: partidua sei mila eta sei ehun ikuslek jarraitu zuten Atotxan. 

Martxoaren 30ean jokatu zuten bigarren partidua eta Elgoibarrek irabazi zuen, 2-1. Beraz, Lurraldeko txapeldun ordeak gertatu ziren “sarrailariak”. DVko Iturrioz kazetariak zioen bere kronikan, apirilaren 1ean:  

“Cuando dos equipos exhiben unas maneras deportivas, correctas, desbordantes de entusiasmo y brío en la hora decisiva de una final de fútbol, lo que menos debe importar es el resultado del match.... Lo importante para el aficionado fue, sin duda, la lección de caballerosidad, el espectáculo digno y gratísimo de veintidos hombres poniendo el mejor juego en la pugna, sin desbordar jamás el límite de lo correcto y de lo deportivo y añadiendo como regalo un juego emocionante y al que no le faltó calidad” 

1952.03.30, palkoan. Eskuinean "Erregetxo"

Arrasateko taldea aurreko partiduko berdinek osatu zuten eta zurimoreen gola Elik sartu zuen eta txapeldun ordeen garaikurra Balzategi “Erregetxo”k jaso zuen Valencia Remón Gipuzkoako gobernadore zibilaren eskuetatik. 


Eta atsedenerako aukerarik gabe, Mondrak beste txapelketa batean aritu behar izan zuen. Gertatu zen, Afizionatuen Txapelketan ere Arrasateko ekipoa heldu zela, Vitoria, Ilintxa eta Michelin taldeekin batera. Eta aipatu Lurraldeko finalaren bigarren partidua jokatzen zen bitartean, Ilintxa eta Michelinek ekion zioten bi enkontruen arteko lehiari. Hori dela eta,  gasteiztarrek eta arrasatearrek itxaron behar izan zuten... baina Federazioa ez zegoen prest egutegia luzatzeko eta partidu bakarrera jokatu zen finalerako partidua, apirilaren 6an, Gasteizen, Vitoria taldearen futbol zelaian, Bizkaiko arbitro baten agindupean.  

Mondrak irabazi zuen 2-3 eta, beraz, finalerako sailkatu zen, Michelinen kontra jokatu zen. Finala non eta Aretxabaletan izan zen, apirilaren 13an, Bedarreta futbol zelaian. Arratsalde hartan “sarrailariek” honako ekipo hau aurkeztu zuten: Moreno; Arregi, Uribeetxebarria, Fertxu Aranburu; Egidazu, Bolinaga; Kortabarria, Berezibar, Balzategi, Tololo eta Luisin (2).

 Arrasatearrek irabazi zuten 5-1, eta golegileak Luisin (2) Tololo (2) eta  Kortabarria. DV-ren kazetariak zioen  25eko bere kronikan:

“Juventud Deportiva Mondragón se ha alzado una vez más - y van...- campeón de aficionados de Guipúzcoa. También en esta ocasión merecidamente... Vaya nuestra felicitación y deseos de que, llevando con la dignidad que se merece la representación del fútbol  aficionado de Guipúzcoa, llegue muy adelante en la fase interregional de esta competición nacional, aspirando con más suerte que en años anteriores a la suprema final, que sería el merecido premio al brillantísimo historial del ejemplar club mondragonés” 

Balzategi "Erregetxo" txapeldunaren garaikurra jasotzen, Aretxabaletako Bedarreta futbol zelaian

 Hastear zegoen estatu mailako afizionatuen txapelketari zegokion kazetariaren aipamena, eta Mondra prest zegoen.  Azal dezadan, bestalde, Mondra Gipuzkoako txapelduna bihurtzen zen egunean,  UCEAk bere partidua irabazi zuela Zaldizpe futbol zelaian – 3-0-   lehen mailara igotzeko bere karreran... baina kanporatua geratzen zen, joanekoan 6-0 galdu baitzuen. 

Eta astebeteko atsedenaldiaren ostean, Gipuzkoako ordezkari arrasatearrak estatu mailako txapelketan abiatu ziren, apirilaren 20an Tafallako Peña Sporten kontra. Iturripen 4-0 irabazi zuen etxeko taldeak eta zazpi egun geroagoko itzulikoan 1-1 izan zen emaitza. Bigarren kanporaketarako Basauriko Basconia egokitu zitzaion Mondrari. Basconia estatuko jarduneko txapelduna zen eta “sarrailariak” ilusioz beterik joan ziren lehen buruz burukora. Baita gauzak ondo irten ere, Basozelay futbol zelaian 1-2 irabazi baitzuten, Tololo eta Balzategiren golekin.  Itzuliko partiduan, zalez beteriko Iturripe batean, 0-0 izan zen azken emaitza eta mondrautarren poza irudikaezina deskribatu zuten kronikek. Mondraren hamaikakoa:  Moreno; Arregi, Uribeetxebarria, Fertxu Aranburu; Bolinaga Egidazu; Eli, Berezibar, Balzategi, Tololo eta Luisin

Egidazu

Hurrengo norgehiagoketa Galiziako Marin taldearekin suertatu zitzaion Mondrari. Eta hara joan ziren Joxe Errasti – orain arte ez dut adierazi bera zela ekipoko entrenatzailea- eta jokalariak. Baina auskalo zer gertatu zen taldean maiatzaren 18 ilun hartan,  izan ere urteko jokorik txarrena burutu zuten arrasatearrek eta azkenean markagailuak 6-1 adierazten zuen galiziarren alde, zurimoreen gola kronika batzuek Balzategiri eta beste batzuek Tololori eman ziotelarik. Buru makur itzuli ziren herrira. Hala ere, artean itxaropen apur bat bazen... 

Guridi

Eta maiatzaren 25ean estatu mailako txapelketa haren finalerdiko bigarren partidua izan zen Iturripen. Mondrak honakoak jarri zituen zelaian: Moreno; Dominguez, Uribetxebarria, Fertxu Aranburu; Egidazu, Bolinaga; Eli, Berezibar, Balzategi, Tololo eta Luisin. Arbitroa, ofizoan bere goi jakituriaz oso ospetsua egingo zen Juanito Gardeazabal izan zen.

Biharamuneko “Hoja del Lunes de San Sebastian”ek zekarren: “A pesar de que los “cerrajeros” en una gran exhibición, desarrollando, sin duda, el mejor encuentro de la temporada, batieron en toda la línea al superior conjunto gallego del Marín, no pudieron neutralizar la desventaja de cinco goles encajados el domingo pasado” Mondrak 3-1 irabazi zuen, Luisin, Eli eta Berezibarren golei esker. 

Horrela amaitu zen Juventud Deportiva Mondragonentzat 1951-52 denboraldi bikaina. Zer gertatuko zen galiziarren aurka irabazi balute? Hasteko, Chamartin stadiumean jokatuko zutela finala, Marin taldeak egin zuen bezala. Noren kontra? Barcelona afizionatuaren kontra. Diodan, zazpi egun geroago, ekainaren 1eko finalean, Barçak irabazi ziola Marin-i, 4-1. Han egon ahal izan ziren arrasatearrak Galiziako lurretan egun txar bat bizi izan ez balute. 

Denboraldiaren sari bezala, nolanahi ere, 1952-53an Mondra Hirugarren mailan aritu zen. 


(1) zutik: Moreno; Azkargorta "Monty" delegatua; Fertxu, Uribeetxebarria, Egidazu, Arregi, Bolinaga. makurtuta: Zubizarreta "Tololo", Eli Bolinaga, Balzategi "Erregetxo", Berezibar eta Guridi.


(2) Liga amaitzear zegoela, Zubillaga aurrelari titularra lesionatu egin zen eta ez zuen hurrengo bi txapelketetan aritu ahal izan.
 



 2021-11-28

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina