Hogeigarren mendeko
lehen erdialdean Aramaiotik eguneko prentsara heltzen ziren albisteak ez ziren
asko. Are gutxiago euskarazkoak. Gaurkoan azken horietako baten berri eman nahi
dut. Apaltxoa da, xehea. Baina abertzaletasunaren hastapen haietan Aramaioko
herrian ere idazle konprometituak sortzen ari zirela esan genezake. Bokazioa
bazuten… Aukerak, ordea, gutxi. Beste inoiz ere komentatu dut izan zirela Euzko Gaztediren inguruko gazte batzuk, Aramaiotik euskarazko komunikazioari
bultzada eman nahi izan ziotenak. “El Dia” egunkariak 1931ko maiatzaren
14ko kronikan Aramaioko albisteak ematen zituen euskarazko orrian, “Intxaur”
batek sinatuta.
"Mayatzeko
lorak. Joan dan ostiralean asi ziran Mayatzeko lorak.
Mariaren Alabak oso ederki, euskeraz, abestu dute. Mariaren irudia ere, soñeko
berriaz da, inoiz baño dotoreago dago.
Eriotz
samingarria. Ostegun goizeko iruretan bere gogoa
Jaungoikoaren eskuan eman zuen Jauregi´tar Timoteo jaun adiskide on-onak. G.B.
Bere eriotzakin Aramayoko zugatzak ongilerik onena galdu dute. Millaka piñu
asko bere eskuekin ipiñi dituz. Bere emazte ta senide guztiei atsekabe agur
samiña.
Erriko
alkate jaunari. Urte asko onetan geixotetxea itxita egon
da, eta au-dalata, oraindiño ile asko eztirala eskeko bat kizkilduta il zan.
Eskekoen errukigarrien ezkero, ta agintari barriak erriko guztiai laguntzeko
igo daben ezkero, ainbat eta ariñen geixotegi ori ondu ta zabaltzeko eskatzen
deutzegu. Eta benetan lengo agintariak, ondu ta zabaltzeko gauza izan ezpadira,
oraingoak gauza izango dirala uste degu.
Eta
bide batez. Agintari kementsu barri onei, gaur berriz
agurra emoten deutzegu. Alanda guztiz, axeriei solorik solo jareinda ibiltzen
ezteiziela itxi bear uste dogu. Orretarako, ba, eperdun txakurrak lez, zur
egon! Bestelan… len beste izango da… Txakurrak izen barriak baña betiko
kolarra. Eta orrek eztau ola izan bear: agintari barriak egitare barriak; au
da, lengo okerrak zuzendu ta erabaki barriak artu. Eta dana Jaungoikopean eta
euskel erri onean.
Euskal
izena. Loiti´tar Joane, Jauregi´tar Justoren emazteak,
ume eder bat izan dau. Zorionak gurasoai, batez ere euzkel-izen zoragarri “Mari
Itziar” ezarri diotelako.
Joan
etorriak. Egunokaz kanpotar asko ikusi dogu Aramayon:
Jauregi´tar Migel jaun, Donostiko San Ignacioko abade jakintsua; Gabriel Aba
Karmeldarra; Mundakan dagoan foral Bizente aramayoarra; Portugaldik betik-be
idazten dauzkun P. Anjelo Jauregi bertako semea; emen orren maite dogun Peruko
Felipe erdi paristarra; Ibarrola Aba; eta beste asko"
Diodan amaitzeko, kronikan apatutako udal
talde berria 1931ko apirilaren 19an osatu zela eta alkatea Faustino Bengoa zela.
Legez Aramaiori zegozkion hamar zinegotzietatik beste bederatziak, Martin
Beitia, Alberto Unda, Felix Areitio, Daniel Larrañaga, Eusebio Madina, Meltxor
Unzueta, Justo Jauregi, Balendin Lasaga eta Juan Arriolabengoa ziren.
Gaiarekin erlazionatutako beste idazki bat:
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina