martxoa 19, 2025

SIMON PLAZAOLA SARRAILAGILEA. 1894



Sarritan irakurketa batek berezko helburura eraman beharrean beste nonbaiteko ibilbide desberdinetik zuzentzen zaitu eta horixe bera gertatu zait gaur, Miguel Madinabeitiaren idazki batetik abiatu naizenean.

Madinabeitiak 1894ko azaroaren 24an, Arrasatetik atera eta Gantzagako malda gainditu ondoren trena hartu zuen Legutioko tren geltokian jaitsi ondoren, Izuzkitza aldeko Erroiatxetako bazterretara heltzeko. Bertako burdin mehatzeak  bisitatzera gonbidatu zuten ugazabek eta amaitzean handik Gasteizera aldatu ziren denak, gaua ematera. Beraz, bi egunetako bidaia izan zen. Baina niri, artikulua polita dela aitortu ondoren, eta bigarren batekin jarraipena duela esanda, bukaeran ematen dituen datuek irabazi zidaten arreta eta aurki piztu zen nigan tarte hura beste datu batzuekin lotzeko ideia. Madinabeitiak honela amaitzen zuen Arrasatetik abenduaren 8an “La Voz de Guipúzcoa”-ra bidalitakoa: 

“Sabía yo que aquel día (25 de noviembre) era de ir al portazgo de Iñurrieta, a visitar a sus parientes, mi amigo D. Simón Plazaola, uno de los artistas mas inteligentes de la fábrica de cerrajería de este pueblo (Arrasateri dagokio) Y siguiendo la carretera nos dirigimos a dicho domicilio, donde, en efecto, le encontramos de sobre mesa. Compartimos con él y con otros varios alli reunidos, hasta poco antes de la hora de la llegada del tren, que es cuando subimos al alto…” 

Simon Plazaola eta J.M.Resustaren
 arteko hitzarmena
Arrasateko korrespontsal eta, halaber, historia zaleak aipatzen duen Iñurrieta baserria, Arabatik Gipuzkoan sartzean ezker aldean dagoen lehen baserria da. Eta bertan zegoen gara hartan “katea” ospetsuak, hau da bi lurraldeen arteko zerga-muga, hots merkantziak garraiatzeagatik ordaindu behar zen tokia. Jakina da, garai hartan trenak Gasteiztik Arlabaneko gainera heltzen zela eta handik gero zaldi-gurdiz egin behar zuten bidaiariek Leintz bailarako herrietara heltzeko. Madinabeitiak Legutioko geltokitik oinez egin zuen bidea Iñurrietaraino, Simon Plazaola ikustera. Eta gizakume horren izena izan zen niri arreta desbideratu zidana, izan ere Plazaola aspaldiko ezaguna nuen… nire paper zaharretan. 

Simon Plazaola, Gatzagan jaioa, Arrasatera aldatu zen bizitzera eta “Almacén de Cerrajería” zeritzanean hasi zen lanean 1864an, Jose Maria Resustarekin sinatutako hitzarmenaren araberako baldintzetan. Horren bitartez, akzioduna bilakatu zen negozioan. Plazaola eta Miguel Madinabeitia enpresa horretan izan ziren lankideak, Madinabeitia Udaletxera igaro aurretik..
Sarrailetako garapen teknikoak. 1864




























Plazaola oso gizon ezaguna izan zen XIX.mendearen bigarren aldean, bere ofizioan gailentzeaz gain gizarte entramatuan ongi sustraitua baitzegoen. Karlisten denboran, Arrasateko alkate izatera heldu zen 1874ko urrian. 

Diodan, bestalde, Simon Plazaola Iokin Zaitegi euskaltzalearen aitona izan zela, eta sarrailagileari buruz heldu zaizkidan datuak Iokinen paper zaharretan etorri ziren. Horiei esker, koaderno oso batean Simonen eskutik sarrailetako eskema eta garapen teknikoak ailegatu zitzaizkidan, “Almacén de Cerrajería”, “Vergarajuregui, Resusta y Cia” eta azkenik "Unión Cerrajera S.A" enpresetako ekoizpenetan aplikatuak. Nik ditudan apunte tekniko orijinal zaharrenak dira, Arrasateko industriaren historiari dagokionez.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina