Bihar, hilak 6, hirurogeita bost urte beteko dira Arriaran II pilotari ahaztu ezinak egun gogoangarri berri bat bizi arazi ziela bere herrikideei. Eta gaurko ekarpen honetan egun haren oihartzuna ekarri nahi dut txoko honetara.
Aspaldi idatzi nuen Jose Arriaran pilotari arrasatearrak lortutako lehen txapela nagusiaz. Arriaran II 1955ean koroatu zen eskuzko modalitatean buruz-buruko txapeldun, Migel Soroaren kontra Bergaran egindako partiduan. Baina arrasatearrak bigarren aldiz ere jantzi zuen nagusitasunaren ikurra den txapela, noiz eta 1956an, Jesus Garzia Ariño atxondoarraren aurka, Eibarko Astelena frontoian.
Eta bigarren lorpen handia 1956ko maiatzaren 6an izan zen. Artean Arrasaten amatatu gabe zeuden 1955eko “Gora Joshe! Aupa txapelduna” oihuak, eta Arriaran II.ak ostera borrokatu behar zuen bigarren txapelaren bila. Egia esan arrasatearrak ez zuen finala beste partidurik jokatu behar izan, garaiko arauen arabera aurreko txapelduna automatikoki baitzegoen sailkatuta finalerako. Baina gauzak ez ziren errazak izan Joserentzat, ezta gutxiagorik ere.
Jesus Garzia Ariño heldu zen faborito Eibarrera. Medioek garbi azaltzen zuten bizkaitarra egundoko jokoa erakusten ari zela final aurrekoetan eta, banaka batzuk kenduta, egunkariek Garzia Ariñoren alde egiten zuten. Salbuespen horien artean, adierazgarriena “El Pensamiento Alaves”eko kritikoaren iritzia egin zait, finala baino egun batzuk lehenago idatzia:
“La pelea del domingo puede ser una reproducción de lo que sucedió hace un año con Soroa, si es que García Ariño no acierta a sujetar sus nervios, los cuales, con estas “posturas” que registra la cátedra, no salen nada beneficiados. Por contra, favorecen a Arriarán II, que puede verse en inferioridad y que luego puede ser el más fuerte en la cancha. ¿No opinan Vds. así?
Nada se sabe de su estado actual. Tal como están las cosas puede que inclinarse por el vizcaíno sea lo mejor, pues su buen momento puede significar mucho en la pelea. Pero no somos nosotros quienes tenemos toda la confianza depositada en García Ariño. También nos queda nuestra parte en favor de Arriarán, que además sale en plan de víctima”
Eta horrela zeuden gauzak, maiatzaren 6ko goizean, bi pilotariak kantxara agertu zirenean.
Frontoia jendez lepo zegoen, eta kalean hiru bider garestiagoak ordaindu ziren igande goizean sarrerak – 350 pezeta- leihatilako prezioa baino. Goizeko hamaikak jo berriak ziren bi pilotariak azaldu zirenean. Lehen ezustekoa: Arriaran gerriko urdina zeraman, eta ez –txapelduna izateagatik- zegokion gorria. Katedra, iragarrita zegoen moduan, Garzia Ariñoren alde hasi zen kantatzen, 80-70. Angelusaren ostean lehiari ekin zioten. Irakur dezagun hurrengo egunean Gasteizko “El Pensamiento Alavés”ek zekarrenaren lagintxo bat:
Lehen sakea Arriaran II-ari egokitu zitzaion...
Hirurogeita hamazortzi minutu iraun zuen partiduak. Eta Arriaran III izan zen bere anaiarengana iritsitako lehena. Besarkada estu eta luze batean bildu ziren, Garzia Ariño txapeldunari zorion besarkada emateko itxoiten ari zen bitartean. Eta orduan, bi pilotariak besarkatuta, Asteleneko publiko osoa zutirik, egundoko txalo zaparrada eskaini zien biei. Jose Antonio Elola Olaso Espainiako Kirol Ordezkariak ipini zion Joseri txapela eta bi pilotariak elkartuta erretiratu ziren aldageletara.
Partidua amaitu eta Arrasate giza-leherketa bat izan zen. Irratiek zale arrasatearrengana ordubete eta hamazortzi minututan eragindako emozioa bilakatu zen eta jai erraldoi bati ekin zitzaion. Gaueko azken orduetaraino helduko zen jai polita disfrutatu zuen Arrasateko herriak, haur, gazte eta nagusiok kaleak bete… genituela. Ni ere hantxe ibili bainintzen, kalez kale, udaletxeko plazara iritsi bitartean. Eta aitortu behar
dut, Joseri egindako harrera ekitaldi zaratatsu eta alai hartan zirrara gehien egin zidana… Jesus Garzia Ariño bertan egotea izan zela. Izan ere, txapeldun ordeak Arrasateraino lagundu zion bere arerio baina lagunari eta arrasatearrok biziki eskertu genion keinua, Josek eskatuta, txapeldunarekin batera udaletxeko balkoira azaldu zenean.
Argazkiak: JMVM
Aurrerantzean Arrasateko pilotari buruzko idazkiak helbide honetan aurkituko dituzu, DENAK BATERA:
https://txemax3.blogspot.com/2021/05/pilota-arrasaten-istorioak.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina