apirila 08, 2020

1931ko APIRILAREN 14: ERREPUBLIKA


Datorren igandean beteko dira urteak, 1931ko apirilaren 12an udal hauteskundeak izan zirela estatu osoan, eta horren ondorioz bi egun geroago Errepublika aldarrikatu zen. Ez zen iraultza izan, baina – estatu osoan bezala- irauli egin zen Arrasateko bizimodua, batez ere politikoa. 1931ko apirilaren 14ak
Errepublika ekarri zuen, bi egun lehenago izandako udal hauteskundeetan ezkerra gertatu baitzen garaile, oso nahasia zegoen giro politikoari zalantza handiagoa ipiniz. Arrasaten une zailak bizi ari ziren, gizartea modu garbian  zatituta. Berenguer jeneralaren bi urteko diktadura bigunaren ostean, herriko tradizionalistak, abertzaleak, errepublika zaleak eta sozialistak elkarri mokoka ari ziren, ez bakarrik dialektikoki baizik kasu batzuetan armak eskuan zituztela ere bai.

Udal hauteskundeak deitu ziren 1931ko apirilaren 12rako, Gobernu Ministroaren aginduaz alkatea urtarrilaren 23an berraukeratu behar izan bazen ere, behin behineko aldi baterako. Aukeraketa unean ziharduten zinegotzien artean egin zen eta ordura arteko alkateak berak lortu zituen botorik gehien: Juan Goñi Aranguren. Goñi alkate izan zen 1918-20 tartean eta ostera heldu zen alkatetzara 1930eko ekainean. Beraz, bigarren agintaldiko sei hilabete bakarrik zeramatzan arren konplikatu samarrak gertatu zitzaizkion, herriko tirabira politiko eta lan gabezia zela eta. Diodan ere, gripeak Arrasateko bazterrak astindu zituela apirileko egun haietan, modu arinean hori bai, baina lantegietan nabarmen igarri zen gaixotasunaren eragina.

Udal hauteskundeak baino zenbait egun lehenago aste santua izan zen eta erlijio-zeremoniak normaltasunean eman zituzten herritarrek. Eguraldi euritsu eta hotza izan bazen ere prozesioetara jendetza handia joan zen, udal korporazioak eta udal musika bandak parte hartuz. Hain zuzen, Berpizkundeko Igandean, hilaren 5, kontzertu bat eskaini zuen Bandak Alfonso XIII Plazan, eta Justo Munarriz zuzendariak bere pieza bat estreinatu zuen, “Maite” izenekoa, txarlestona, konposatzailearen lagun arrasatearra zen Sandalio Heviaren alabari eskainia. Eta egun hartako ospakizunekin jarraituz – gogoratu artean Aberri Eguna ez zela ezagutzen, 1932 izan baitzen lehena-  arratsaldean futbol partiduaz gozatu zuten zaleek Maala zelaian, Club Deportivo Mondragonen erreserben eta Unión Deportiva Alavesaren kontra, etxekoek 2-0 irabazi zutelarik. 

Juan  de Toyos, errepublika aldarrikatzen Eibarren
Udal hauteskundeetako astean, berriz, mugimendu politiko handia izan Arrasaten, kolore desberdinetako mitinak eta hitzaldiak eratu zirelarik. Sozialisten Elkarteak mitinerako deia egin zuen, Cinema Popular izenekora – gero Ideal Zinema izango zena- eta Gomez Otxoa Arrasateko lehendakariak eta Juan de Toyos Eibarko sindikalista eta politikoak hitz egin zuten. Toyosek zerikusi handia izango zuen apirilaren 14ko Eibarko gertakizunetan, berau izan baitzen Udaletxeko balkoitik Errepublika aldarrikatu zuena. Abertzaleek ere, Eusko Langileen Solidaritatearekin batera, euren jarraitzaileak deitu zituzten zine areto berdinera hilak 8an, eta Luziano Ozerin, Karlos Linazasoro, Aszension Lasa eta J.M Ituarte “Artibay” idazlea mintzatu zitzaizkien bertaratutakoei.

Juan Goñi ordura arteko alkatea
Orain parentesi txiki bat irekiko dut albiste bitxi bat emateko. Kronikek diotenez, eta hala izan zen, Eibar izan genuen Errepublika aldarrikatu zuen lehen hiria, apirilaren14an. Baina inork gutxik ezagutzen duena da Arrasateko alkatea – Juan Goñi- izan zela Alfontso XIII erregea eroriko zela antzeman zuen lehen pertsona. Nola? Begira zer gertatu zen apirilaren 10ean, "La Voz de Guipuzcoa" egunkariak azaldu zuenez:

Udaletxeko bere gelan lanean ari zen alkatea, eta bat batean ondoko batzar aretotik zetorren zarata handia entzun zuen. Hara joan eta zer aurkitu zuen? Aretoko frontisean zintzilikatutako Alfontso XIIIren koadroa lurrean erorita, txiki-txiki eginda. Itxuraz, eusten zion takoa apurtu eta koadroa behera etorri zen. Ez al zen hori aldaketa politikoa iristear zegoeneko seinale bat izan? Izan zena izan zela, goazen hauteskundeetara. 

Arrasateko hautesleak bi barrutitan zeuden banatuta. Eta emaitza honakoa izan zen: Lau errepublika zale: Eugenio Resusta, Zezilio Cano, Luis Martinez de Ubago eta Felipe Letona. Lau tradizionalista: Isidoro Etxebarria, Robustiano Zubillaga, Antonio Pagoaga eta Jose Zulueta. Hiru abertzale –EAJ eta Eusko Langileen Solidaritatea: Patrizio Osinaga, Nikolas Uriarte eta Nikanor Axpe. Bi sozialista: Jesus Uranga eta Bernardo Gomez. Eta ANVko Eustasio Markaide.

Mila eta hirurehun hautesle inguru ziren arrasatearrak eta %94k eman zuten botoa. Lehen barrutian – herriko kaxkoan- lehia gogorra izan zen hautetsien artean, hautatutako zazpi zinegotzientzako botoak 209 eta 202 tartean ibili baitziren. Bigarrenean, argi asko irabazi zuten errepublika zale eta sozialistek. Aurreneko aldiz zen, errepublika zale eta sozialistak Arrasateko udal karguetara iristen zirela. 

Eugenio Resusta Errepublikako lehen alkatea
II Errepublika aldarrikatuta, hauteskundeetako emaitzaren arabera hilaren 18an osatu zen udal berria. Juan Goñi alkate ohiak agurtu egin zituen hautetsiak eta kargu berrietan hastear zeudenei zorterik onena opa zien. Resusta jaunak, zinegotzi berrien izenean, eskertu egin zuen alkatearen jarrera eta agindu zuen denok arituko zirela Arrasate hobe eta aurrerakoi baten aldeko ahaleginetan.  Eta besterik gabe, zinegotzien arteko botazioari ekin zitzaion, Luis Martinez de Ubagoren - hau da, 12ko hauteskundeetan botorik gehien jaso zuenaren- lehendakaritzapean. Emaitza honakoa izan zen: alkatea, Eugenio Resusta; alkate ordeak, Luis Martinez de Ubago, Bernardo Gomez eta Felipe Letona; sindikoa, Patrizio Osinaga.

Bilera hartan hartutako lehen erabakiak honako hauexek izan ziren, besteak beste: alkatearen lan gelatik Primo de Rivera eta Martinez Anidoren margoak kentzea; Errepublikaren behin behineko gobernuari zorion agurra igortzea; somateneko kideei armak entrega zitzaten eskatzea; Euskal Herrirako ahalik eta autonomiarik zabalena eskatzea; udal batzar areto nagusian Felix Arano eta Galan eta Garcia Hernandez kapitainen erretratuak jartzea; eta  Alfontso XIII izena kendu eta plaza aurrerantzean Errepublikako Plaza izatea. 

Eta horrela martxan jarri zen Arrasaten bigarren errepublikako lehen udala. 1936ko uztailaren 18ko matxinada frankistak Errepublikaren errealitatea birrindu egin zuen.

Argazkiak: Carmelo Letona, Goñi Arenaza sendia, JMVM. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina