miércoles, 30 de septiembre de 2015

ARRASATEKO ARENAZA SENDIA, RAKETISTAK (1/2tik)



Juanita "Olga" Arenaza

Arrasateko raketisten historiak XX.eko hirugarren hamarkadara eramaten gaitu. Orduan ageri zaizkigu lehen emakume pilotari profesionalak, abiapuntu hartan Justi eta Miren Arenaza ahizpak aurkitzen ditugula. Badira urte batzuk geroago, sendi enbor beretik sortutako beste Arenaza batzuk, haien lehengusinak Juanita eta Margarita, alegia. Gaurkoan azken horien zenbait bizitza-zertzelada azalduko ditut., hau da, Mexikon bizi den Juanita “Olga” adinduarekin hasita. Aurten 92 urte bete ditu eta berarekin hitz egin ahal izan dut(1) 

Eusebio eta Maurina gurasoak
Eusebio Arenaza “Paparbaltz” aretxabaltarra eta Maurina Velasko palentziarra Arrasatera ezkondu ziren 1921ean eta bertan jaio ziren Juanita (1923) Margarita (1925) Anparo (1933) eta Jose Luis (1939) seme alabak. Lauak kirolariak izan ziren: neskak raketistak eta mutila Arrasateko Juventud Deportiva Mondragoneko futbolaria. Aitak Unión Cerrajeran egiten zuen lan eta amak egunkariak – besteak beste, “El socialista”- saltzen zituen Portaloiko kiosko batean. 

Neskek bazuten aurrekari argia pilotaren mundutik abiatzeko. Justi eta Miren euren lehengusinak profesionalak ziren 1930 ingurutik raketaren munduan Arenaza Velasko ahizpen ibilbidea bestelakoa izan zen, nahiz eta pilotarako zaletasun handia izan zuten beti, batez ere nagusia. Juanitak gogoratzen duenez, hamaika saio egin zituen bere aitarekin herriko Zaldibarreko frontoian, eskuzko pilotarekin. 

"La Vasquita" lehengusina
Baina inoiz ez zitzaion burutik pasatu pilotako profesionala izango zena. “Nik Franco jeneralari zor diot raketista izatea” aitortzen du, bere profesioaren nondik norakoak galdetzen zaionean. 


Juanitak Viteriko eskolan ikasi zuen eta ikasle aplikatua zenez gero etxean Madrilera bidali zuten, goi ikasketak egin zitzan. Madrilen harrapatu zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxistak eta etxerako bidean ipini zen. Elorrion egin zuen Juanitak bat bere bi ahizpekin, 11 eta 3 urtekoak, eta izeba baten laguntzarekin Santurtzitik “Habana” itsasontzian Frantziara ihes egin zuten. Erbestean hilabete batzuk eman ondoren, Arrasatera itzuli ziren eta gerra amaituta Juanita Madrilera joan zen berriro bizitzari aurre egiteko eta izeba baten etxean geratu zen. Unibertsitatera sartzeko aukera gutxirekin frantsesa ikasteari ekin zion. Oso une latzak ziren alde guztietatik eta gabezia handia pairatzen zuten etxe hartan.

Garai hartan Madrileko “Txiki Jai” frontoian Mirentxu Arenaza lehengusina ari zen raketista moduan eta Juanita hasi zen hura ikustera joaten. Eta hara non, Arrasateko Zaldibar frontoian gerra aurretik bereganatutako trebezia raketari aplika ziezaiokeela iruditu zitzaion, eta Mirentxuk utzitako raketarekin ekin zion entrenatzeari. 

Juanita, laugarrena eskuinetik, makurtuta
“Raketa izan nuen salba ohola eta ordudanik raketista profesionala izan naiz. Ordu asko eta partidu ugari jokatu behar genituen Madrilen jan ahal izateko. Berrehun pezeta kobratzen genituen hilero eta kinieletatik ere portzentaje bat ematen zitzaigun. Baina ez pentsa, raketa bakoitzak 50 pezeta kostatzen zuen, eta gainerako gastuak ere gure kontura zihoazen. Ozta-ozta ateratzen nuen bizitzen jarraitzeko” 

Mutrikuko Balendin Zumalabe fabrikatzaile ospetsuaren raketak ziren Madrilen erabiltzen zituenak. Baina jokoaren intentsitatearekin raketaren hariak samur apurtzen ziren eta berriak jarri behar zituzten pilotariek eurek. Arkume-tripazkoak ziren hariak eta Juanitak raketak konpontzen ikasi zuen. Pilotak, berriz, larruzkoak ziren, hariz beteak. 

Debuta 1941ean egin zuen, Anoetako Julita Berazarekin batera. Juanitak izena aldatu behar izan zuen, izen bereko beste bost kirolari baitziren eta Olga aukeratu zuen, kirol deituraz (2) Bere lehen partidu profesionalean egundoko ezustekoa eraman zuen, 30-5 irabazi baitzuten. Bera pozik atera zen kantxatik baina intendentea haserre joan zitzaion, oso gaizki egin zuela aurpegiratuz. “Nola gaizki?” erantzun zion Olgak, harrituta, “Hogeita bost tantoko aldea atera diet” Eta intendenteak: “Horregatik … 30-29 izan behar zuen!” ihardetsi zion

Hamar urte egin zituen Madrileko Madrid, Txiki Jai eta Rosales frontoietan lehian, arratsaldez eta askotan baita gauez ere bai. Partidu bakar bat jokatu zuen Justi Arenaza “La Vasquita” bere lehengusinarekin. 

Bere bi semeekin
“Madrilen ezkondu nintzen, bi seme nituen eta Mexikora joateko aukera aurkeztu zitzaidan. Ni ordurako estelarista nintzen frontoian, hau da goi mailako partiduak jokatzen nituen eta beste neska euskaldun batzuekin Mexikoko Metropolitano frontoira jo genuen. Soldata 2.000 pesokoa zen eta horri gehitzen genion kinieletako portzentajea. Ondo irabazten genuen, bai. Baina gastuak ere halakoak genituen! Mexikon oso talde handia ginen raketistak, gehienak euskaldunak, katalanak eta andaluziarrak. 1952an heldu nintzen Mexikora eta bisitatu nuen aurreneko pertsonaietakoa Felix Aranburuzabala eskoriatzarra izan zen, ordurako Mexikoko gizonik aberatsenetakoa genuena, garagardoaren negozioarekin. Senitartea nuen Felix eta gogoratzen dut errieta egin zidala euskara ahaztua nuelako”
Juanita, Olga karteletan. Metropolitano eta Colon frontoietan aritu zen. Oso pilotari garrantzitsua izan zen raketisten artean eta goi titularrak irabazi zituen Mexikoko medioetan. 

Mexikoko beste raketista batzuekin
“Olga festejó sus 10 victorias con un juego huracanado” zioen “El Redondel” egunkariak, 1961eko ekainaren 4an.“Decíamos hace ocho días que Olga se encontraba en euforia de juego y así ha seguido. Con la de ayer alcanzó su décima victoria al hilo, tras haber encabezado la lista de ganadoras del mes de mayo. Y hay que ver cómo estuvo ayer. Fue un verdadero ciclón, que bien apoyado por Felisa Barrutia, apabulló nada menos que a Beraza, que ya no sentía lo recio sino lo tupido, hasta dejarla en diecisiete” 

“La Olga de antes” titulatzen zuen egunkari berdinak 1963ko urriaren 6an,arrasatearraren lesio baten ondorengo debutari buruz ari zela.

Juanita eta Margarita ahizpa, raketista  ere, Mexikon
“Nire lehen partidua Mexikon Mirentxu Galdos “Eskoriatza”rekin batera jokatu nuen. Frontoiko intendentea Markue genuen eta oso gizon zorrotza zen. Raketista gehienei euskaraz hitz egiten zien. Raketak ez ziren berdinak Mexikoko altuerarengatik edo aurki apurtzen baitziren Madrilekoen modukoak. Sendoagoak ziren. Eta bestalde, nylona sartu genuen kordak prestatzeko. Ni izan nintzen lehena, eta benetako iraultza gertatu zen. Nylonarekin kolpeak biolinaren soinua zirudien. Markue txundituta utzi nuen nylonaren eragina erakutsi nionean” 

Raketisten mundua, samurra al zen? galdetu diot Olgari, emakume pilotarien inguruan den legendari apuntatuz. Eta Olgak 1968ko irailean “Gaceta social de México” aldizkarian egin zioten elkarrizketa gogorarazi nahi izan dit:

Prentsak "Olga"ri buruz zioena
“Se trabaja mucho. Por ahí dicen que somos esto o lo otro. Y créanme que no tenemos tiempo para ser esto o lo otro … La mayoría son casadas – yo soy viuda- con familia. Y hay que atender la casa, las sirvientas. Luego, toda la tarde estamos en el frontón y salimos rendidas. Casi todas llegamos a seguir atendiendo lo del hogar y a descansar un poco viendo la tele. Al cine o a otros espectáculos vamos los sábados por la noche o el domingo, que es el día que descansamos del frontón. La vida no es fácil ni barata y el sueldo no es mucho. No podemos darnos el gusto de lujos o de tirar el dinero en diversiones tontas” 

Raketisten frontoietan ere kinielak ziren eta apustuak. Diotenez, zestako partiduetan bezainbeste zarata zen eta frontoiko giroa jasan ezina bihurtzen zen zigarrro puruen kea eta, batez ere, ikusliarren urduritasunarengatik. Denetarikoak entzuten zituzten raketistek, berez matxista zen publikoarengandik. Apustua baimendua dagoen espektakulu guztietan bezala, frontoi haietan ere zalantza presente zegoen. Tongoaren susmoa partidu guztietan ematen zen eta horren ondorioa jokalariek euren pairatzen zuten. Eta Olgari zuzeneko galdera egin nahi izan diot. “Ba al zen tongorik zuen partiduetan?”
“Jakina! Inoiz ez dut aitortu orain arte, baina noski tentatzen gintuztela opariekin eta diruarekin. Samurra bide zitzaien batzuei tranpan erortzea. Nik ez nuen sekula nire burua saldu, baina amua hamaika bider jarri zidaten. Behin, 25.000 pesoko eskaintza egin zidaten partidua galtzeagatik. Atera kontua: hamar hilabeteko soldata! Baina ez nuen tenk egin!”
Olga 1970ean erretiratu zen kantxetatik, ia-ia hogeita hamar urtez ogia pilotatik irabazi ondoren.
“Erretiratu nintzenean, 500 peso, hiru seme-alaba, txakur bat eta bi neskame besterik ez nuen. Eta beste ofizioak ikasi behar izan nituen. Zorionez, seme-alabak aurrera atera ahal izan nituen, horixe zen garrantzitsuena. Seguritate Sozialik gabe jokatzen genuen frontoian, gure profesioa ez baitzen sartzen espektakuluetako sektore ofizialean, nahiz eta Jorge Negrete sektoreko presidenteak eta “Cantinflas” idazkariak hamaika bider agindu zidaten raketistak integratuko zituztela sindikatuan. Hitzak hitz” 

Frontoietako bere ibilbide profesionalean Olgak ezagun asko egin zituen Mexikoko pertsonaien artean. Aipatu ditu Jorge Negrete abeslaria eta Mario Moreno “Cantinflas”. Olga eta beste raketista batzuk azken horren rantxora joaten ziren, aktoreak frontoi bat baitzeukan eta bertan raketa partiduak izaten ziren. Gustavo Diaz Ordaz errepublikako presidente izan zenarekin ere adiskide harremanak izan zituen Olgak. Baina pertsonaia publiko guztietatik gehien maite izan duena Raphael abeslaria da, zalantzarik gabe: 

Juanita, Raphael abeslariarekin
“Mexikora abestera etorri zen lehen aldiz ezagutu nuen. Bere kamerinora joan nintzen zuzen-zuzenean, eta ordudanik lagunak gara. Behin niretzat bakarrik abestu zuen “Yo soy aquel” abestia. Aurtengo maiatzean egon da Mexiko D.F-ko Auditorio Nazionalean eta hara joan nintzen ni ere” 

Juanita, eskuinean, senditar batekin,Mexiko D.Fn bizi da
Olga Mexiko D.F-n bizi da, sendiak inguratuta. Telefonoz hitz egin dugunean bere indarra erakutsi dit, ordu t´erdiko solasaldi bizia sortu dugularik. Arrasateko giroa gogoratzen du eta euskaraz ere bota dizkit berba batzuk. Egin diodan azken galdera hauxe izan da: “Berriz jaioko bazina raketista izango al zinateke?”
“Ez. Garbi asko daukat ezetz. Berriz jaioko banintz, Francok eragotzitako unibertsitate karrera egingo nuke” 

Horixe dugu Juanita “Olga” Arenaza Velasco. Urte askotarako! Hurrengo ekarpenean, Margarita ahizparen gain arituko naiz.

ARTIKULUA ARGITARATU ONDOKO OHARRA: Juanita Arenaza Mexikon hil zen, 2015eko urriaren 27an.



 (1)Laguntza ona ere jaso dut Arrasaten bizi den Anparo ahizparengandik. Eskerrak berari eta baita Fernando “Kopa” Aguriondori ere bai.

(2) Ordudanik Olga esaten diote, baita etxean ere.

Argazkiak: Arenaza Velasco sendia



 





























No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada