miércoles, 1 de julio de 2015

JAIME BENGOA PILOTARIA


Arrasateko pilotaren historian hizki apal baina biziz idatzita dauden orriak idatzi zituen Jaime Bengoa pilotari afizionatuak. Bere izena ez dugu aurkituko herriko kirolarien artean, Bengoa kirol ibilbidetik aurki aldendu baitzen bere tabernari ofizioari gogotsu ekiteko. 

Ugarte, Bengoa, Arriaran eta Azkarate, Zubillagan
Jaime Bengoaren aipamena egiten dut oraingo honetan, efemeride xume batekin erlazionatuta dagoelako. Hain zuzen ere, atzo duela berrogeita hamabost urte- 1960ko ekainaren 30ean- Oñatiko Zubillaga auzoko frontoia inauguratu zen eta Bengoak esku hartu zuen ekitaldian, bi partidutan, gainera. Aipagarria da, bestalde, frontoia Joxe Arriaran – Arriaran II.ari- eskaini zitzaiola, kirol esparruari Arrasateko txapeldunaren izena emanez.

Egun hartako arratsaldean burutu zen kirol egitaraua, bi partidurekin. Lehenengoan Arriaran II eta Mondragonés III pilotariak Bengoa eta Ugarteren aurka aritu ziren. Aurrenek irabazi zuten. Eta segituan Bengoa eta Mondragones III-k Goyaz eta Oregi menperatu zituzten. Goyaz ezik, gainerako pilotariak arrasatearrak ziren: Joxe Arriaran, Juan Mari Azkarate “Mondragonés III”, Pedro Ugarte eta Juan Mari Oregi. Arriaran txapeldunaz gain Azkarate eta Ugarte ere profesionalak izan genituen pilota munduan. 

Ezkerretik, Garay, Bengoa, Gonzalez, Jimenez, Gartzia Etxabe
Egun hartako partiduetaz ez dago erreferentzia idatzi askorik baina, garaiko kronika ofizialen arabera, Zubillagako frontoia inauguratzera hurbildu zen Jose Maria del Moral gobernadore zibilak frontoiko orman zintzilikatutako Arriaran II-ren irudiko koadro bat desestali zuen eta segituan ohorezko sakea egin zuen. “El gobernador civil fue despedido con grandes aplausos” irakur daiteke uztailaren 1eko Diario Vascoren kronika pilotazalean. Pilotariek txalorik jaso ote zuten ezta aipamenik ere. Suposatzen dut baietz.
 
========..========
 
Jaime Bengoa Aguado Errioxako San Vicente de la Sonsierran jaio zen, 1936ko martxoaren 26an. Umetxoa zela aldatu ziren guraso eta seme-alabak Arrasatera. Aitak ordura arte Hilarión Taberna izenekoa erosi zuen eta oinarrizko heziketaren ikasketak burutu ondoren negozioan hasi zen Jaime. Denbora libreko orduetan Gurea frontoian ekin zion gustukoa zuen kirolari eta aurki herri mailako onenetarikoa bilakatu zen.

Afizionatuen arteko partidu mordoa jokatu zuen, Arrasaten eta inguruko frontoietan. Zubillagakoa izan zen Bengoaren azkenetariko partidua, handik gutxira erretiratu baitzen kantxetatik. Begoña Ortiz de Landaluze oletarrarekin ezkondu zen 1965ean eta 1997ko martxoaren 14an hil zen.

Argazkiak: Bengoa sendia, JMVM




No hay comentarios:

Publicar un comentario