ekaina 17, 2015

INDUSTRIA EZTANDA, KULTURATEN



Alberto Loiti

Lan luze, sakon eta zabal baten ondorio hutsa da erakusketa. Txalo beroa bihoakio Alberto Loitiri, Arrasateko Kulturaten - Arrasate Zientzia Elkartearen laguntzarekin- inauguratu berri duen erakusketarengatik, baina batez ere urtetan burututako azterketa eta bilaketa bikainarengatik. Albertoren aspaldiko laguna naiz eta ezagutzen dudalako esan dezaket arras errotua duela gazte-gaztetatik herriko industriaren bilakaerari buruzko zaletasuna.
Industriaren eztanda isila titula genezake ikusgai daukagun erakusketa. Industria baita oinarria, arrasatear gizartearen mendetako bilakaera aberatsean sortutako industriaren ispilu gardena, alegia. Industriak, gure herrian, burdin eta altzairuan du (izan du) ardatz nagusia eta Alberto Loitik eskema horri heldu dio bere bilduma prestatzean.

Loitik sustraietaraino jo du bere bilakuntzan eta zuku paregabea atera dio ahaleginari. Zeru eta lurrak astindu ditu, darakuskigun industria-aleak aurkitzeko. Horrek guztiak bilduma adierazgarria osotzen ahalbidetu dio. Erakusketa apaintzen duten katalogo, plano eta gainerako materiala Albertoren lanari esker erdietsi da. Iragan mendeko berrogeietako herria islatuta dago erakusketa honetan, sozial, industrial eta kulturalki. AZEk, berriz, estalpe eta babesa eskaini dio Albertori, kalistroetako eskaintza ederra borobiltzeko.  Eskerrak ere elkarteari, lan ikaragarri polita burutzen ari baita. Badirudi azken urteotan gure herrian "zerbait" mugitzen ari dela.

Duela gutxi Arrasaten Bixente Barandiaranen burdinolari buruzko txokoa ireki zen. Ekimen zoragarria izan da. Orain, berriz, erronka berri bat ageri zaio Udalari, ezin baita Kulturaten daukagun materiala besterik gabe bazterren batean zokoratu. Erakusketa horretan arrasatear gogoaren zatitxo bat dugu, desagertzen utzi ezin den gogo aberatsa, hain zuzen. A! Eta materiala liburu gisa jasotzea litzateke logikoena. Udal korporazio berriak badu hausnarketarako gaia!

 
Zorionak Alberto, eta goza dezagun denok zure (arrasatearron) erakusketarekin.







http://www.fentmuntanyaiformacio.es

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina