Obduli Ansoategi |
Arrasateko historia gastronomikoan urrezko
hizkiekin idatzita dagoen izena Obdulirena da. Elkarte gastronomikoen eztanda
izan aurretik eta emakumeen prestakuntzan sukaldaritzak toki hartzen zuen
garaian, Obduli Ansoategi Iregi izan genuen Arrasaten sukaldaririk famatuena, hau
da, bere ezagutzan oinarritua belaunaldi oso bati sukaldaritzako ezkutuak
erakutsi zizkion “Obduli kosineria”.
Ondokoa, berarekin 1979ko sanjuanetarako DEIA
egunkarian idatzitako elkarrizketa dugu.
“Arrasateko bostehun emakume baino gehiagok
ikasi dute sukaldaritza berarekin. Ez dut uste gure herrian inor egongo denik
bere jakiak dastatu gabe. Elkarte gastronomikoetan, ostatu eta etxe askotan
aritu izan da bere artea eskainiz. Obdulia Ansoategi Iregi, Arrasateko
sukaldarien erregina dugu eta bere ospea herri mailan ez ezik ingurukoetara ere
zabaldu da. Azkenotan bere lana murrizten ari da, nahiz eta oraindik asteko
lauzpabost bazkari-afari atondu behar izan dituen herriko moko finen satisfaziorako.
Lehen aldiz 1947ko San Juan egunean atera zen “plazara”, Udalpe elkartearen
inaugurapenean. Hogeita hamabi urte
beranduago orri hauetara ekarri nahi izan dut.
- Non ikasi zenuen
sukaldaritza?
Obduli iñude, Donostian |
- Oso
gaztea nintzela etxetik aldendu nintzen lan bila. Bizkaiko Areetako Allende
sendiaren etxera sartu nintzen hamabost urterekin, neskame bezala. Gero Mariano
Urzaiz Xabierreko Kondearen etxera igaro nintzen, Donostiara. Pertsona hori
Xabierreko gazteluaren jabea zen eta titulu hori ez ezik Luna, Granada eta Villahermosako
dukeenak ere zituen. Urte pare bat egin nuen etxe hartan, Donostian eta
Azkoitian. Haren emaztea sukaldeko auzietan oso inplikatua zegoen eta bizio edo
akats bat zuen: etxeko sukaldariaren sekretua asmatzen zuenean sukaldaria
kalean jartzen zuen. Sukaldari gehienak frantsesak ziren eta hantxe ikasi nuen
nik frantses sukaldaritzako plater asko. Zazpi lagunek egiten genuen lan
sukaldean.
Gero Altzolako Bainuetxean
eman nituen hamar urte, gerra baino lehenago eta geroago ere. Ostera herriratu
nintzenean Sindikatuetan ibili nintzen sukaldaritza-klaseak ematen. Baina
irakasle gisa gehien erabili dudan tokia nire etxea izan da.
- Zenbat
ikasle igaro dira zure etxetik sukaldaritza ikasteko?
- Ziur
ez nago baina bostehunetik gora. Egunean hogeita hamasei izateraino iritsi
naiz. Arrasatekoak ez ezik inguruko herrietatik ere etortzen ziren, Gatzaga,
Aretxabaleta, Bergara… Ondo gogoratzen dut Aretxabaletako “Peñakulo” baserritik
etortzen zen neska. Oinez egiten zuen bidea.
- Nola ematen zenituen klaseak?
- Lehendabizi
apunteak ematen nizkien: errezetak, nahasgaiak nola erabili, teknika apur bat.
Eta jarraian sukaldera igarotzen ginen, ikasitakoa praktikan jartzeko.
- Zein izan da zuk ezagututako
sukaldaririk onena?
- Zalantzarik
gabe, Gasteizko Frontón Hoteleko Antonio. Hark ez zekiena! Dohain bereziak
zituen sukaldeko pertsonak erabiltzeko. Bestalde, ene ustez, oro har gizona
emakumea baino sukaldari hobea da.
- Baina hori, seguru asko,
plater berdina prestatzeko diru gehiago inbertitzen dutelako, ezta?
- Bai,
hori ere egia da.
- Zer moduz jaten da
Arrasaten?
Laguntzaile arrasatearrekin, Altzolan |
- Nire
esperientziatik esan dezaket Arrasaten goi mailako jaleak ditugula. Laster
igartzen zaio pertsonari jale ona den ala ez. Bada gure herrian talde bat, nik
“Real Madrid”ekoak esaten diet, beraiekin lan egitea poza dela. Seguru asko,
betiko nire bezerorik zintzoenak ditut.
- Emango al zenidake San Juan
jaietarako menu bat?
- Bai,
horixe! Mahai bitarteko batzuk jarriko nituzke, hotz eta beroak. Gero legatza
saltsan behin hezurra kenduz gero eta zati lodikotetan. Azpizuna edo solomoa:
frijitu baino lehen labean edukitzen dut. Eta postre bezala nire berezitasuna:
Udalaitz tarta”
=========..========
Obduli Arrasaten jaio zen 1912ko irailaren
5ean. Julio Mendizabalekin ezkondu zen 1941ean eta hiru seme alaba izan
zituzten. Jose Ramon semeak gogoratzen duenez, ama oso izaera lasaikoa zen,
lagun mordoa egitea ahalbidetu ziona. Arrasate eta inguruko herrietako etxe eta
baserri askotara deitzen zuten ia-ia astebururo bazkari espezialak presta
zitzan.
Laguntzaile talde batekin joaten zen – kamarera, garbitzaile eta abar-
Obduliren betebeharra integrala baitzen- hau da tokia txukuntzetik behin
otordua amaitu ondoren baxera garbitzeraino, tartean jakiak atondu (batzuetan
baita hegaztiak eta untxiak hil ere, adibidez) mahaia gertu, zerbitzatu eta
ospakizun gastronomikoak eskatzen zituen operazio guztiekin.
Ikasgaietako apunteak |
Lekuko batzuek diotenez, Obduli eta
laguntzaileek baserri urrun batera igo behar zuten batzuetan oso nekeza egiten
zitzaien joan etorria, oinez ibiltzeaz gain bazkari edo afarirako tresnak ere
eraman behar zituztelako, mantekaua prestatzeko Ziardegirenean erositako izotz
barrak eta Elma-ren izozki-aparailua barne. Abentura oso bat, beraz.
Ikasle talde batekin, 1955 inguru |
Zer esanik ez, Arrasateko elkarteetan ordu
luzeak eman zituen “gizon sukaldarien iraultza” gertatu bitartean … eta baita
geroago ere. Etxezarreta – Sagasti Etxeko- sukaldera deitzen zuten sarritan
sendiaren bisitei abegi ona eskaini nahi zietenean. Baina zalantzarik gabe,
Obduliren meriturik handiena bere etxetik igarotako hainbat eta hainbat
emakumeri sukaldaritzaren sekretuak erakustea izan zen. Hiru hilabetez irauten
zuen ikastaroak eta ikasle bakoitzak bere koadernotxoa bete behar zuen
Obduliren apunteekin. Arrasateko etxe askotan oraindik ere gordetzen dira
koaderno horiek, erlikia bezala.
Senarrarekin, Kasinoko sukaldean |
Kasinoko sukaldean, 1978an |
Hala ere, ama eta seme-alaben arteko lotura
indartsua izan zen beti. Obduliren alaitasuna, ironiazko puntua, inposatu
gabeko egiten uzte hura eta, batez ere, behin kanpoko lana utzi ondoren,
senarraren ondoan eta lotura guztietatik libre seme-alabei eskainitako maitasun
eta laguntasun argia dira Jose Ramon semeak emozioz oroitzen dituena.
Obduli, erretiroa gozatzen ari |
Sukaldaritzako betebeharrari 1990 inguruan
utzi zion. Eta Obduli Ansoategi Iregi sukaldari eta emakume onaren bizia 2003ko
urriaren 18an itzali zen, Arrasaten. Heriotza gomutagarrian irakurtzen da:
“Milla ta milla esker emonbiotzuet, eittendustasuen guztiagaittik” Ene ustez, guk
arrasatearrok azaldu behar genion “Obduli
kosineria”ri gure eskerrona, ordu goxoak pasarazi baitzizkigun bere
artearekin.
Argazkiak: Joshe Ramon Mendizabal, JMVM
“Obduli kosineria” historia polita.
ErantzunEzabatueskerrik asko, Alfonso
Ezabatu