Joxe Manuel, 1979an |
Joxe Manuel Arriola Sorazu,
Arrasateko kalezain ohia, hil zaigu, apirilaren 28an. Ondoko lerroak, 1979koak
dira. DEIA egunkarian argitaratu nituen, Arrasateko urte hartako sanjuanetan.
Urtebete bi geroago, Joxe Manuelen
“Nekez badaere” liburua aurkeztea egokitu zitzaidan Udaletxeko pleno aretoan.
Hain zuzen ere, 1981eko Santamasak ziren, abenduaren 22, eta nire hitzalditxoan
honako hauxe azpimarratu nuen Joxe Manuelen gain: langilea, zintzoa, zuzena
eta mundrautarra. Mundrautasuna herriaren aldeko bere lanak eskaini zion,
bai kale zain bezala burutua eta baita bere lumaren bideko bertso
sail luzearen bitartez ere. Bertso batzuk eskaini nizkion egun hartan eta
ondoko apaltxo honekin amaitu nuen nirea:
Har zazu Joxe Manuel / zintzo ta jatorra /
eskaini nahi dizugun/ bihotzeko agurra.
Arrasatearron alde/ egin duzu beharra,
Horrek bihurtu zaitu / guztiz mundrautarra.
Agur
Joxe Manuel, adiskide. Ikusi arte.
===================..=================
DEIA
egunkarian, 1979ko sanjuanak
Debako
“Goikoetxe” baserrian jaio zen 1916ko ekainaren 15ean. Aurtengo irailaren
lehenean berrogei urte egingo ditu Arrasaten. Guztiak Udaletxearen zerbitzuan,
kalezain bezala. Herriko lehengo alkateak eredutzat jarri zuen gure gizona,
bere betebeharrean zintzo eta jator jokatu baitu. Jose Manuel Arriola Sorazu -
Arrasateko Kalezaina, berak sinatzen duen moduan- ez du aurkezpenik behar. Aski
ezaguna da gure artean. Baina inork gutxik dakiena da, Jose Manuel bertsopaper
egile dugula. Eta ez nolanahikoa, gainera! Bertso batzuk bilduta dauzka 1972an
argitaratutako liburu batean. Eta mordoa da urtetan zehar euskal egunkari eta
aldizkarietan argitaratutakoak.
Bertsogintzarako joera bere osaba zenarengandik
datorkio: Debako Zubeltzu. Ez du sekulan plazetan ihardun baina trebeki
erabiltzen du luma, barnean daramana adierazteko. Hona hemen, Arrasateko
kalezain-bertsolaria:
1952 inguruan, ezkerrekoa |
- Noiztik bertso zaletasuna?
- Nondik datorkidan garbi uzteko, umetako urteak nolakoak izan
ziren kontatu behar dut lehendabizi. Debako “Goikoetxe” baserrian jaio nintzen
1916ko ekainaren 15ean. Zortzi anaia-arreba ginen eta etxean denok genuen
zerbait egin behar bizimodua aurrera ateratzeko. Artalde bat eta behin batzuk
bagenituen eta harekin aritu behar zen. Ikazkin gisa ere ibili nintzen behin
baino gehiagotan. Eskolara gutxitan joan ahal izan ginen; beraz, “eskola motza”
nintzen. Nire amaren anaia Zubeltzu bertsolari ospetsua zen eta auzokoa genuen.
Artean txikia nintzela han egoten nintzen, berari entzuten, egiten zuena erabat
miresgarria iruditzen baitzitzaidan. Orduantxe ezagutu nituen beste bertsolari
batzuk: Txapel, Saikola, Kortatxo, Debako Iparragirre, Basarri, Uztapide eta
abar.
- Aritu al zinen inoiz haiekin
bertsotan?
- Ez. Egia esateko, lotsatu egiten nintzen euren zirikadari
erantzun behar nionean. Bapateko berezko hori falta izan zait beti. Ni ez naiz
sekula plazako bertsolaria izan. Gainera beste puntu bat ere kontuan izan behar
duzu: behin Jose Mari Iriondok esan zidan bezala, bertsolaria izateko zurrutak
tiratu behar zaitu, pixka bat gutxienez. Eta nire kasuan Ez naiz zurrut zalea
izan. Lehen, gazte denboran, nahi ez nuelako, eta gero ogibideak utzi ez
didalako, ez dut tabernetako bizimodua ezagutu. Etxeko isiltasunean aritzea,
idaztea, nahiago izan dut. Barneko nire egoera hobeto adieraz dezakedala
iruditzen zait, nahi dudana ezagutarazteko askatasun osoa daukat-eta.
Bere lehen liburua, 1981 |
- Zure bertsoak “Arrasateko
Kalezaina” izenordez izenpetuta daude. Zer dela-eta etorri zinen gure herrira?
- Gerra denboran Zaragoza ondoko herrixka batean zauritu egin
ninduten. Hamasei hilabete eman nituen sendaetxe batean. Elbarri izatezko
horrek lanpostu bat hautatzeko aukera eman zidan eta 1939ko maiatzean
instantzia bat egin nuen hemengo lanpostu baterako. Abuztuan etorri zitzaidan
baietza eta segituan hasi behar nuen lanean, baina orduko alkatea zen Domingo
Arzamendiri baimena eskatu nion Debako jaiak etxean ospatzeko. Eta horrela modu
ofizialean irailaren lehenean ekin nion Arrasateko udal kalezain izateari.
Bederatzi urte egin nituen Pagalday sendiarekin, apopilo moduan, eta han egon
nintzen ezkondu arte. Debakoa daukat emaztea. Lau seme-alaba izan ditugu, lauok
hemengoak. Eta honako hauxe esan dezaket: Arrasateko herria biziki maite dudala.
Eta berak ere ni maite nauela uste dut.
- Goazen ostera
bertsolaritzarekin. Zenbat bertso moldatu duzu? Eta non argitaratu?
- Ez dakit zenbat izan diren. Liburu bat ateratzeko adina bai,
behintzat. “Xenpelar” sariaren 1972ko ediziora bidali nituen eta urte hartako
liburuxkan argitaratu ziren haietako batzuk. Gainerakoak Arantzazu hilerokoan,
Zeruko Argian, Goiz Argin eta, batez ere, Basarriren bitartez La Voz de España
eta azkenaldi honetan Diario Vasco eta Egin egunkarietan.
- Gaurtik aurrera, gonbitea
onartuz gero, Deian ere dauzkazula esan ahal izango duzu …
- Bihotz-bihotzez.
Zu Arrasate jai
nagusiak /gain gaiñean dituzuna,
Itxaropena gurean
degu / gozatuko gaituzuna.
Apaingarririk
onena dezu / bakezko edertasuna:
beti bezela zuk erakutsi
/zedorren aunditasuna.
Joxe Manuel Arriola, Arrasateko herriari bizitza guztia emanda. Berarekin aro oso bat, euskal zaintzaile zaharrena, aldenduko da Udaletxetik. Eta gure herriak ez dio oraindik bere eskerrona azaldu.
=========..=========
Atzo, apirilak 29, izan ziren Joxe Manuelen aldeko hileta elizkizunak Arrasateko parrokian.
Argazkiak: JMVM
Oso polita, José Mari!!
ErantzunEzabatuEskerrik asko!
ErantzunEzabatu