Ondoko lerroak duela
lau urte idatzi nituen. Hain zuzen ere, artean Julio Galarta pintorea bizi zela.
Idazkiaren azken puntua bat etorri zen Julioren heriotzarekin. Erakusketa bat
prestatzen ari ginen Arrasaten gure lagunaren obrarekin. Eta katalogorako
idatzi nuen testua dakart gaur hona.
Pintore moduan zazpi
hamarkadaz sakon eta zabal ihardun zuen arren eta goi dimentsioa erdiestera
ailegatu bazen ere, Julio Galartaren izena bigarren planoan geratu zen euskal
arte zale askorentzat, arrasatearraren berezko apaltasunak ezkutatuta, nonbait.
JULIO GALARTA PINTOREAREN LAGUNAK ELKARTEtik gure artistaren izena eta obra
publiko zabalari erakusten ari gatzaizkio. Inoiz ez baita berandu.
=====================
GalARTa
(Julio)
Bizitza oso baten
obra lerro bakan batzuetan laburbildu behar denean derrigorrez daukagu
mugarriak aldez aurretik ongi zehaztea. Bizitza, gainera, ondoko hitzetan
nabarmendu nahi dudan pertsonarena bezain jori eta zabala baldin bada are zailagoa bihurtzen zaigu
ariketa. Baina, aldi berean, lantegiak merezi duelako ahaleginak bere
konpentsazioa badu eta bidea ez da inondik ere aldapatsua egiten. Horixe bera
sentitzen dut nik Julio Galartaren gaineko hausnarketari ekiten diodanean.
Ez dakit aldeko ala, hain justu, kontrako
balioa dudan Julioren aspaldiko jarraitzaile izatea. Berarekiko eduki dezakedan
ezagutza, biok lotzen gaituen adiskidetasunak aldrebestu egin lezake eta,
beraz, nahi ez nukeen labainkada gerta ez dakidan neurriak hartu beharko ditut.
Seguru nago, dena den, idazkia amaitu aitzin bihotzak bere mezuak bidaliko
dizkidala, ezinbestez arrazoiak markatuko dituen bideetan bere ekarpena ere
kontuan eduki dezadan. Edozein modutan, objektibotasunari helduko diodala dut
promes egiten
Julio Galarta modurik zehatzenean nola muga
nezakeen pentsatzen jarri naizenean, bere abizenaren gaitasunean kontzentratu
naiz, deiturak bideren bat marka ote
liezadakeen aztertuz. Eta buelta pare bat eman ondoren Galarta hitza akronimo
bat dela konturatu naiz eta bere hizkietan gordetzen ditu Julioren nortasunari
indarrik gehien eman dizkioten nolakotasunak. G- a- l- ART- a Egiaztapen horretatik abiatuz amaierara
ildo logikotik hel nintekeela ikusi dut eta istorioari atxiki natzaio, pozik.
G.
Gizona. Erarik hertsienetik eta, halaber, zabalenetik begiratuta Julio gizona
da, gure nagusiek esango zuten bezala, betiko galdu den estiloko gizona,
zaldunezko izatearekiko bat eginda. Eta etxe-behatokitik aztertuko bagenu ere,
gizona dugu, bere bertute eta akatsak ororekin.
Aramaio, 1983 |
Giro desberdinera landatutako kanpo-oihaneko
kimua izanik –1917an jaioa- aurki ohitu
zen Julio zeru berrietara. Umetxo heldu zen Arrasatera eta artean ume zela
ezagutu zizkion ertzak bizitzari. Julioren urte haietako inkontzienteari itsatsi
zitzaizkion koloreak grisak ziren, ilun samarrak, geroko kolore eztanda
iragarri ezin zezaketenak. Mesedeetako mojetara bidali zuten txikitxoa eta Sor
Margarita izan zuen irakasle, umearengan oroitzapen goxoak utzi zituena.
Aurrera joko bazuen zetorkionari ahalik eta
modurik sotilenean aurre egin beharra zeukan gazte hark, eragozpen eta langa
guztien gainetik. Lucio Portillo maisuarekin amaitu zituen oinarrizko ikasketak
Eskola Zaharrean, 14 urterekin. Eta segituan lanera, Roneora. Errepublika garaia zen eta Euskal
Pizkundearen zurrunbiloa Euskal Herriko bazter guztietara heltzen ari zen.
Baita Arrasateko kaleetara ere. Herriko gazteen norabideak bakoitzaren
sentimendu eta idealen arabera eraikitzen ziren eta Juliok ildo pare bati heldu
zion indarrez: pintura eta musika. Horiek, gainera, abertzaletasunaren
postulatuetatik zuzenduta.
Parrokiako tiplea izan zen eta musika ikasi
zuen Don Dionisiorekin, txistuaren sekretuetan barrena egiteko lagundu ziona.
Otxoa, Torres eta Julio: zenbat biribilketa, zenbat arin-arin! Berdin zion
abertzaleen Batzoki ala karlisten Zirkulutik bazetorkion deia. Bera han zegoen
bere txistuarekin, batzuen eta besteen jaia alaitzen. Eta Antonio Armengourekin
lehen marrazki-klaseak hartu zituen, seriotasun osoz, bidea ibiltzeaz egiten
dela konbentzituta. Pinturaren xarmak harrapatuta, aurreneko ahaleginak burutu
zituen etxeko bakardadean, akuarelaz. Artean ez zen ausartzen barneko
espresibitate plastikorako garra publikoki agertaraztera, baina jakin bazekien
huraxe zela gehien betetzen zuen adierazpen artistikoa. Lotsati samarra bere
gero eta ekarpen sendoagoaren aurrean, lagunen zirkulura mugatzen zituen bere
ametsak. Felix Iraola, Gregorio Azkoaga, Antonio Ansoategi... bihurtu ziren
gazte haren sustatzaile anonimoak, eta hala jarraitu zuten aurrerantzean ere.
Gazte haiengan gizarte-giroak pizturiko
idealak neurri berezia hartu zuen Julio gaztearen kasuan. Jose Markiegi
apaizaren eraginak fruitu eman zuen haren bizitzan eta Markiegirekin aurreratu
zuen euskararen esparruan eta -arte mota desberdin batek ukitua ere, nonbait- antzez-mundua zer zen ikasi zuen. Politikaren
haizeak Juliorengana ere iritsi ziren eta ANVrekin bat egin zuen. “Ezkertiar
samarra izan naiz beti” aitortzen zidan duela gutxi.
Prestakuntza profesionalerako maisutza
industriala egoki etor zekiokeelako Bergarako Eskolara hurbiltzen zen astean
behin, Roneoko beste lankide batzuekin. Ez zuen amaitu ahal izan, gerrak eten
egin baitzuen Julioren ikas-ibilbidea. Eta gerraren ondorioz frontea, Sevillako
ospitalera eraman zuena.
Poza de la Sal, 1968 |
Eta etxerako itzulera. Berriz ere kolore
grisak ziren nagusi herrian, eta Juliok bere pintzelak berreskuratu zituen,
bizitzari kolore pixka bat jartzeko gogoz. Eta ordudanik, zazpi hamarkadaz
gain, xede horrekin segitzen du. “Gorputza pixka bat osatzen zaidanean
baztertxo hau pintatu nahi nuke” esan dit apirilean bertan Aretxabaletako
egoitzaren lorategiko erreka-bazterrari begira. Eta seguru nago ordurako bere
baitan estrukturatua zuela margo irudi hura.
A.
Arrasate, Angelines, Aramaio, Araba,
Akixo... Hainbeste A dago Julioren bizitzan, non auskalo zein ordenan
jarri beharko nituzkeen. Dagoeneko bat ageri zaigu, indar handiz: Arrasate.
Arrasatear petoa dugu, “hola ok pa!” hitzetik hortzera darabiltenen
(erabili izan ohi duten?) horietakoa. Erdiko Kaleko 50 zenbakiko etxetik bere
egin zituen herriko soinuak, usaiak, marmarak, koloreak... Eta gure kale eta
kantoiak etengabe erretratatu ditu bere pintzelekin, gaur horixka, bihar urdin,
atzo zehazkizun hartaz egun, berriz, honetaz.
Angelines
dugu Julioren maitasuna, hizki larriz idatzita. Berrogei urte luzez konpartitu
zuten etorkizun hobe baten gaineko ilusioa, giza-sentimenduen askatasunaz ezer
gutxi zekien gizarte zurrun batean. Bien bihotzek, ordea, elkarri egin zioten
egiazko amodioaren promesa eta jakin izan zuten ibilbide malkartsuan
zoriontsuak izan.
Aramaio
jarri dut hirugarren, joera berezia izan baitu gaztetatik aramaioar ibarreko
bazterrak bere margo-irudietan
plasmatzeko. Mentxu Gal paisaia-pintore ospetsuari begirune osoz
aurpegiratu zion behin, ez zekiela Euskal Herriko edertasuna zer zen... ez
baitzuen Aramaio ezagutzen!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina