miércoles, 6 de mayo de 2015

MUSAKOLAKO SAN ISIDRO ELIZA. 70 URTE


...Eta sorreran Unión Cerrajera egon zen, 1945 urruti samar hartan Arrasateko ekimen gehienetan gertatzen zen bezala. Baina pixka bat atzera joan beharko genuke historian, istorio honen jatorriarekin bat egiteko. Ikus dezagun. 

Musakola auzoko eskola bateratuaren inaugurazioa 1923ko maiatzaren 15ean izan zen. Villafrankako Kondearen etxe-behean jarri zen eskola – Musakola erdia Kondearena zela esan daiteke- eta egun hartan herriko agintariak bildu ziren auzo hartara. Udal lehen agintaria Domingo Arzamendi zen eta auzo alkatea Axerikua baserriko Juan Gorosabel. Gonbidatu ospetsuen artean Felix Arano maisua zegoen. Gela berrien bedeinkapena Pedro Izagirre parrokiako abadeak egin zuen eta ekintzaren ostean herriko eta auzoko alkateek aurresku bana dantzatu zuten Elisa Lasa lehen maistraren aurrean. 
1923ko ospakizuna
Normala den moduan, inaugurazioari bazkari herrikoiak jarraitu zion, auzoko sendi-buru guztiak mahaikide izan zirelarik eta herriko bandak ipini zuen nota musikala. Bazkal buruetan mahaira eseritakoek erabaki zuten aurrerantzean San Isidro egunean izango zutela auzoko jaia. Eta handik aurrera, urteroko bazkarian auzokideek San Isidrorenganako hurbilpen afektiboa erakutsi zuten, giza kolektiboaren baitan adbokazio horrekiko baselizaren bat eraikitzearen asmoa gero eta handiagoa bilakatu zelarik. Hasteko, Antonio Armengou marrazki irakasle eta pintore handiaren koadro bat lortu zuten, San Isidroren irudiarekin, eta huraxe izan zen balentria handiagoen hasiera. Horren harira esan behar da, San Antolin baseliza – gero Antoña baserria izango zena- 1784an itxi zenez gero, inguru haietan ez zegoela beste tenplurik. 

Eta iritsi zen 1943. Urte hartan Unión Cerrajera S.Ak lehen etxe multzo bat entregatu zien lantegiko beharginei Musakolan. Eta, garaiko estiloari segika, zerbitzu erlijiosoa ere eskaini behar zela iruditu zitzaien agintari sarrailagileei. Beraz, San Isidroren adbokaziopeko baseliza bat eraikitzea erabaki zen. Eta lanean hasi ziren. 

San Isidro, laiarekin
Zigarrola Azpikua baserriko terrenoak Unión Cerrajerarenak ziren – Villafrankako Kondearen bitartez- eta antzinako Cerrajera Guipuzcoana enpresaren ikatz-biltegiaren ordez eliza eraiki zen. Luis Astiazaran Galarza arkitektoaren proiektua izan zen eta 1944an obrei ekin zieten. Diodan, Astiazaranek bazuela aurretik Unión Cerrajerarekin lan egin, besteak beste lantegiko sarrera-eraikina (erlojukoa) berea baita, 1931an egin bide zena. Astiazaranen aginduetara Donostiako Frantzisko Letamendia eskultorea – San Isidroren irudia berea da- eta Bilboko Jesus Arraiz margolaria- argizuloetako dekorazioa egin zuen- aritu ziren. 

Horrezaz gain, Arrasateko Patrizio Osinagaren haroztegian elizako bankuak fabrikatu ziren eta, nola ez!, Unión Cerrajeraren tailerretan forja lan guztiak egin zituzten. Esku anonimo batek honako inskripzio hau tailatu zuen aitorlekuaren goi aldean: “Zoaz eta gaur gero ogenik bein ere ez egin” 

Pergaminoa
Elizaren bedeinkapena
Inaugurazioa 1945eko maiatzaren 15ean egin zen, meza nagusi batekin. Jose Luis Iñarra parrokoak zuzendu zituen elizkizunak, Jose Maria Arizmendiarrieta, Justino Uribesalgo, Celestino Alvarez eta Francisco Imaz “Don Paco” laguntzaileekin. Domingo Arzamendi alkateak izan zuen herriko ordezkaritza eta elizkizunen ostean Jose Etxebarria auzo alkateak pergamino bat eskuetaratu zion Union Cerrajerako presidenteari, eskerrak emanez. 

Oharra: datu asko “Musakola. XXV aniversario de la Iglesia de San Isidro Labrador. 1945-1970” liburuxkatik atera ditut.
 
Musakolari buruz gehiago:

http://www.fentmuntanyaiformacio.es











No hay comentarios:

Publicar un comentario