iraila 13, 2011

GERRA AURREKO EMAKUME ABERTZALEEI OMENALDIA ARAMAION



Gerra aurreko Aramaioko emakume abertzaleei omenaldia egin zien herriko EAJk 1979ko irailaren 16an. Andra Mari baselizara hurbildu ziren eta egoki prestatutako eginkizunekin nolabaiteko eskerrona azaldu zitzaien,  gerra zibileko ondorio latzak urte luzez pairatu zituzten emakume adoretsu haiei. Ekitaldiaren arlo politikoan Joseba Azkarraga eta Andoni Monforte EAJko parlamentariek hitz egin zieten bertaratutakoei.

Gaurko ekarpentxo honek emakume haiek unetxo batez gure gogoan edukitzeko balio dezake. Lehen argazkian, denak identifikatzerik ez dudala izan aitortuz, ikusten ditugu, eskuinetik hasita: Paula Letamendi (soineko beltz eta zuria) Fernanda Letamendi,Timotea Kortabarria, Antonina Elexpuru –oraindik bizi dena 101 urterekin!- Domeke Elexpuru, Patxike Ayastuy (ume bateaz) Teodosia Salaberri, Angeles Beitia (eskuetan jertse bat daukana) Dominika Ibabe, Felisa Rodero. 

 


Bigarren argazkian, berriz, honakoak azaltzen dira:  Cirilo Mondragon – ekitaldiaren aurkezlea- Miren Ormaetxea, Felipa Etxebarria, Mertxe Mondragon –antolatzaileetariko bat- Margari Ayastuy, Patxi Ayastuy –beste antolatzaile bat- eta Crucita Ayastuy.



 
Egun hartan, etxeko ezkuturen batean urtetan gordetako ondoko dokumentua ere erakutsi zion norbaitek, ikusi nahi izan zuenari. Gerra piztu baino hiru hilabete lehenagoko kuota baten erreziboa da, 
 hain zuzen Aramaioko Emakume Abertzale Batzarena. Ordainduko zuten azkenetarikoa izango zen 1936ko apirileko hura.

 
Aste honetan hogeita hamabi urte beteko dira ekitaldi hura izan zenetik. Han egon ginenok ezin dugu ahaztu bertan bizi izandako emozioa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina