jueves, 1 de septiembre de 2011

GURE MAISUAK GOGORATUZ



Historia finkatzea ezinbesteko ariketa da herrien martxa normaltasunez gara dadin. Gure inguruan gertatzen denari erreparatuz, badirudi historiaren gaineko erredakzioa oso konplexutasun handiko betebeharra dela, han eta hemen burututako astakeria eta gaiztakeriak kontaezinak baitira.

Horregatik txalogarria da, “Gure maisuak gogoratuz” tituluko liburuaren inguruan egin den lana. Eskerron, edonon. Horixe dio, gutxi gora behera, erdal esaera batek eta helburu hori ere eduki dute gogoan aipatu liburuaren egileek, garai bateko memoriak idaztean. Arrasateko Eskola Profesionalean Industri Ofizialtza eta Maisutza 1958-64 tartean ikasi zuten ikasle batzuei egotzi behar zaie meritua, hain liburu eder eta interesgarri eskaintzekoa, alegia.

Anton Elorza, Ramon Urrizalki eta Jose Luis Osinaga adiskideekin minutu batzuk konpartitzea nahikoa izan dut, lantegian jarri duten indarra, ilusioa eta kemena nolakoak izan diren antzemateko. Gauzak interesarekin hartzen direnean emaitza ona izaten da, eta horixe bera gertatu zaie aipatu lagunei: oso ekarpen bikaina erdietsi dute.


Eskola Profesionalak ibilbide emaritsua izan zuen bere sorreratik, lehendik zetorkiona –Biteri Eskola, Aprendiz Eskola- ongi aprobetxatzen jakin zuelarik. Historian kate mailak lotuz burutzen da bidea, eta Eskola Profesionalaren ideiak ongarri bizigarria izan zuen 1943an abian jarri zenetik. Horrexegatik eta eskolatik igarotako irakasle eta ikasleei esker, urtetako lorpen ederraz mintza gaitezke egun.

Liburuaren egileek oroitzapen dokumentala eta animikoa jarri dute dantzan testua osatzeko. Garbi dago bihotzak toki garrantzitsua izan duela haren egituraketan baina beti ere errealitatearen osagarritzat hartuta. Hain funtsezkoa den objetibotasuna dario liburuak, osotasunari kalitatezko maila eskaintzen diona.

Liburuak toki berezia du jada Arrasateko historia txikiaren arasetan. Gure iraganaren arlo bat finkatzen digu xehetasun ugarirekin, eta aukera paregabea eskaintzen du ertzez beteriko ezkutuetan murgil egin dezagun. Oso gustura irakurtzen da, eta –gainera- erreferente gisa erabil daiteke, dituen hainbat datu interesgarriri esker.

“Gure maisuak gogoratuz” dio liburuaren tituluak eta egia esatera, denok izango ginateke maisu atzera begira apur bat gure iragana finkatzen ahaleginduko bagina. Azken finean, izan ginelako izango dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada