Rosalia 1935ean |
Emagina izan zen Aramaion eta gutariko asko
haren eskuetan iratzarri ginen bizitzara. Rosalia izena aipatzea nahikoa da
–berrogei urtetik beherakoak salbu, noski- aramaioarrek emakume prestu eta
langilearen irudia gogoratzeko.
Udal lanetan
herriko emagin bezala 1935eko maiatzaren 2an hasi zen, sei ehun pezetako
soldatarekin, hiru hilez behin kobratzeko, behin aldia eman ondoren. Titulu
ofiziala Valladolideko Unibertsitatean atera zuen, 1934ko abenduaren 18ko data
duen diploman irakur daitekeen bezala. Egun batzuk lehenagokoa da, praktikante
izateko gaitasuna eskaintzen zion titulua. Garai hartan Rosaliak 27 urte
zituen.
Valladolideko ikaskide eta irakasleekin. Hirugarrena ezkerretik, 2gn lerroan |
Lanari, ordea, bi
hilabete lehenago ekin zion. Eta hori dakigu, lanean hasteaz bat Rosaliak
koaderno bat ireki zuelako, atenditzen zituen kasu guztien zehaztasunak
jartzeko. Eta lehen erditzearen data, 1935ko martxoaren 8koa da; egun hartan,
Saturralde baserriko andreak umetxo bat erditu zuen: Jesus Mari Elexalde, urte
batzuk geroago Aramaioko erretore izateaz gain historiegile eta herriko seme
kutuna izango zena.
Niri dagokidan apuntea |
Zenbat erditze izan ziren, 1967ko abuztuaren
19ko azken apuntera arte? Zirkulua ixtearren esan dezaket, azken zerbitzua
Paulotxoko baserrian bizi zen Pura Vinagrerentzat izan zela. Gure amei
eskainitako laguntzaz jaio ginenon gaineko lehen datuak Rosaliaren
koadernotxoetan aurki ditzakegu. Hor dituzue, niri dagozkidanak, duela 62 urteko irailaren 27an izkiriatuta.
Emaginaren titulu ofiziala |
Rosaliak eten egin
behar izan zuen bere betebeharra, hain zuzen ere 1937ko martxoan, faxistak
Aramaiora sartu zirenean. Baina 1940an herrira itzuli ahal izan zuen, eta
lanari berrekin zion, modu ez ofizialean karguari dagokionez, egoera politiko
berriak ezabatu baitzuen emaginaren eskubidea. Hala ere, udal agintariak Rosaliaren
zerbitzuaren ontasunaz jabetuta, nonbait, irregulartasun administratiboan
segitu ahal izan zuen erizainak, harik eta udal kargua berreskuratzea exigitu
zuen arte.
Horrela, 1947ko
martxoaren 17an, udal praktikantearen ordezko lanetarako lanpostua eskatuz Rosalía Ormaetxearen eskabidea irakurri zen
Udal plenoan eta korporazioak aho batez
onartu zuen Rosaliaren aldeko informeak igarotzea lurraldeko administrazioari.
Eta ondorioz, Arabako Osasun Zerbitzuak behin-behingoz ontzat eman zuen
eskabidea 1948 ekainaren 18an, une haietan egiten ari zitzaion
depurazio-txostenak esango zuenaren zain. Azkenik, 1949ko azaroaren 30ean modu
ofizialean izendatu zen Rosalia, Etxe-Laguntza Publikoko Aramaioko
Praktikantea.
Historia
dokumentuetan jaso behar da, espekulatuko ez bada. Rosalia Ormaetxeak,
oharkabean ere, historia apur bat idatzi zuen bere apunteetan. Aramaioar mordo
batek jakin dezake apur bat gehiago bere buruaz, Rosaliak utzitako
koaderno horiei esker.
Argazkiak: Maria Jesus Altuna Elexpuruk utzita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina