| Migel Madinabeitia, 1860 inguruan |
Argitaratu berri
dut artikulu bat Euskonewsen, arrasatear historiarekin lotua. Nahikoa historia
baita XIX mendeko arrasatear pertsonaia baten izena azalaraztea, mende luze
batez ahanzturak ezkutatua egon ondoren. Bila ibili natzaio aspalditik,
erreferentzia ugari bainituen bere obrari buruz eta azkenik zorte kolpe batek
berarengana eraman nau.
Migel Madinabeitia
Aristegi arrasatearrari buruz ari naiz, 1828an munduratua herriko merkatari
sendi batean. Madinabeitia gizon ezaguna izan zen garaiko euskal zirkuluetan.
Esan genezake “vascófilo” izan genuela, eta bere burua liberaltzat zeukan. XIX
mendeak profil bertsuko intelektualak eskaini zituen, oroitu behar baita Sabino
Aranaren ideiak ez zirela mende amaierara arte loratuko.
Madinabeitia Arrasateko udal idazkaria izan
zen eta kargu horren aukeraz baliaturik herriko artxiboa arakatu ahal izan zuen
urte luzez. Inoiz bere burua “Ratón de Biblioteca de Mondragón” bezala definitu
zuen –eta baita idazlanen bat edo beste izen horrekin izenpetu ere- eguneroko betebeharretatik kanpoko ordu
libreak paper zaharren artean ematen baitzituen.
Madinabeitia har genezake Garibay eta XIX.
mendea bitarteko arrasatear kronistatzat. Hark eman zituen ezagutzera
Garibayren beraren esku izkribu batzuk, udal artxiboan gordetzen zirenak eta
horrezaz gain, XVI eta XIX.en arteko zenbait mugarri historikoren berri eman
zuen orduko agerkarietan, batez ere “Euskal Erria” kultura aldizkarian eta “El
Noticiero Bilbaíno” informazio orokorreko egunkarian.
Madinabeitiaren berri izan zuten,
zalantzarik gabe, haren ostean etorri ziren zenbait arrasatear historia zalek.
Joxe Letona, Jose Mari Uranga, Juan Leibar eta Justo Jauregi-Arraburuk aipatu
egiten dute Madinabeitiaren lana, gehien bat, hark “Euskal Erria”n argitaratutako
artikulu mamitsuak. Madinabeitiak prestatutako “Apuntes históricos de la
villa de Mondragón” deritzan esku izkribu interesgarria ere ezaguna
zitzaien.
| Madinabeitia, XIXko amaieran |
Hala ere, horren aldetik duda bat daukat, zuzeneko ezagutza izango
ote zuten ala harekin eta beste zenbait datu historikorekin Jose Luis Iñarra
erretoreak idazmakinaz burutu zuen dokumentuaren bitartez. Tamalez, Iñarraren
dokumentu hori izan zela badakidan arren –Jauregi Arraburuk espresuki aipatzen
du- gaur non dagoen ez ezaguna zait.
Berriki, zorionez, Migel Madinabeitiaren
ekarpen zabala agerian geratu da. Eta udal idazkari ohiaren hainbat lan
irakurri ahal izan dut originaletik. Batzuk ezagunak zitzaizkidan –konkretuki
“Euskal Erria”koak- baina gainontzekoen artean bada materiala arrasatear historia
txikia xehetasun interesgarriz aberasten duena. Ezinbesteko beste irakurketa
lasaixeagoaren ostean, Madinabeitiaren lan batzuk zutabe honetara ekartzea
daukat asmoa, berriz ere ezkuturen batera galdu aurretik. Eta, noski, gurea den
iragana ezagutu dezagun.
INFORMAZIO GEHIAGo:
Argazkiak: Pako Madinabeitia Apaolaza









