otsaila 22, 2012

ARAMAION TELEFONOA: 90 URTE



Aurten laurogeita hamar urte izango dira Aramaioko Udalak telefono zerbitzua eratzeari ekin zionetik. Arabako beste herri askotan telefonoa errealitatea zenez gero, aramaioarrok kanpaina hartara euren buruak gehitzea beharrezkotzat jo zuten. Udal korporazioaren buru Remigio Garro Mendia zen garai hartan.

Garro alkateak 1922ko otsailaren 19an hitz egin zien beste zinegotziei, “de informes fidedignos” ezagutzen zuela, handik gutxira Arlaban aldera helduko zirela estatuko eta Gipuzkoako telefonoen lineak eta hartarainoko kostua Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak ordainduko zutenez gero “sería muy factible con un poco de sacrificio por parte de este Ayuntamiento de Aramayona se lograse establecer un locutorio”  Udalak aho batez onartu zuen eskabidea egitea, konexioa Santa Agedan egin zitekeelarik suposatuz.  Telefono lineari eusteko posteak zein horien garraio kostua udal aurrekontuetatik ordaintzea erabaki zen. Aldi berean, udaletxean gelatxo bat prestatzea eta udal langile bat zerbitzua eman zezan trebatzea onetsi zuten udal arduradunek.

Santa Agedaraino heltzen zen Gipuzkoako aldeko telefono sarea eta Arlabanekoa Gasteiz-Arrasate-Bergara trazatuan  zegoen. Lehen ideia, beraz, lokutorio bat eratzea izan zen. Baina urte hartako abenduaren 10ean urrats sendoago bat eman zuen Udalak eta “udal telefono estazioa” eskatzea erabaki zen. Erantzun zitzaion Udalari konexioa egitea Gasteizko estaziotik egin beharko zuela eta hori garestiegia zen Aramaioko udal aurrekonturako.

Beraz, ostera lokutorio bat edota Arrasateko abonatu bat bezala funtzionatzeko ideiara pasatu zen. Eta 1923ko uztailaren 16an Gipuzkoako telefono sarera konektatzeko baimena eman zuen estatuko Telekomunikazio eta Telegrafoetako zuzendaritzak.Udalak hil hartako 23ko bilera-aktan jaso zuen, baimena tramitatu zuen pertsonarentzako eskerrona, “autorizando a la presidencia para que vea de significar a tan digno funcionario el agradecimiento por su valiosa cooperación” Bide batez, Jose Maria Gonzalez de Etxabarri senatorearentzat ere erabaki zuen “hacer constar en acta el agradecimiento profundo de esta corporación y vecindario todo hacia tan digno paisano y hacer constar también su nombre entre las personas que más se han distinguido en favorecer a este Municipio”

Posteak jartzeko zuloak prestatzeari ekin zitzaion eta herritarren auzo lanaz baliatu zen korporazioa. Betebehar horretatik Olaeta auzoa libre geratzen zen eta baita Ulezar, Gatxikarro, Arrupe baserriak ere. Bere beharkizunarekin betetzen ez zuenak zazpi pezetako isuna ordaindu zuela jakinarazi zuen Udalak. Bestalde, auzo lanean ezin zuten hamazortzi urte baino gutxiagokoek parte hartu. Udalaren kontura geratu zen langileen ardoa. Denera 133´50 litro banatu ziren,106´80 pezetako kostuarekin. Gipuzkoako telefono sareak, berriz, poste eta beste materialaren gaineko faktura pasatu zion Aramaioko Udalari: 1.497´97 pezeta.
Bestalde, Udaletxeko aretoaren egokitzapen obrak hasi ziren eta urriaren lehen egunean jarri zen martxan zerbitzua. Eta hil horren 7an erabaki zuen zerbitzuaren arduraduna Simon Landa udal idazkaria izendatzea, 400 pezetako urte-sariarekin. Idazkarien Legeak izendapena ezeztatuz gero, udal zerbitzuaren arduraduna  haren emazte Serapia Gomez izango zen.
Amaitzeko, diodan, inaugurazio egunean, Araba eta Gipuzkoako Diputazioetako zenbait kargu gonbidatu zituela Aramaioko Udalak eta herriko agintariekin batera bazkari batean bildu zirela: 612´80 pezeta.

Argazkia: antiguedadestecnicas.com




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina