miércoles, 14 de marzo de 2012

MIGEL MADINABEITIA AZALERATUZ

Migel Madinabeitia, 1860 inguruan
Argitaratu berri dut artikulu bat Euskonewsen, arrasatear historiarekin lotua. Nahikoa historia baita XIX mendeko arrasatear pertsonaia baten izena azalaraztea, mende luze batez ahanzturak ezkutatua egon ondoren. Bila ibili natzaio aspalditik, erreferentzia ugari bainituen bere obrari buruz eta azkenik zorte kolpe batek berarengana eraman nau.

Migel Madinabeitia Aristegi arrasatearrari buruz ari naiz, 1828an munduratua herriko merkatari sendi batean. Madinabeitia gizon ezaguna izan zen garaiko euskal zirkuluetan. Esan genezake “vascófilo” izan genuela, eta bere burua liberaltzat zeukan. XIX mendeak profil bertsuko intelektualak eskaini zituen, oroitu behar baita Sabino Aranaren ideiak ez zirela mende amaierara arte loratuko.

Madinabeitia Arrasateko udal idazkaria izan zen eta kargu horren aukeraz baliaturik herriko artxiboa arakatu ahal izan zuen urte luzez. Inoiz bere burua “Ratón de Biblioteca de Mondragón” bezala definitu zuen –eta baita idazlanen bat edo beste izen horrekin izenpetu ere-  eguneroko betebeharretatik kanpoko ordu libreak paper zaharren artean ematen baitzituen.

Madinabeitia har genezake Garibay eta XIX. mendea bitarteko arrasatear kronistatzat. Hark eman zituen ezagutzera Garibayren beraren esku izkribu batzuk, udal artxiboan gordetzen zirenak eta horrezaz gain, XVI eta XIX.en arteko zenbait mugarri historikoren berri eman zuen orduko agerkarietan, batez ere “Euskal Erria” kultura aldizkarian eta “El Noticiero Bilbaíno” informazio orokorreko egunkarian.

Madinabeitiaren berri izan zuten, zalantzarik gabe, haren ostean etorri ziren zenbait arrasatear historia zalek. Joxe Letona, Jose Mari Uranga, Juan Leibar eta Justo Jauregi-Arraburuk aipatu egiten dute Madinabeitiaren lana, gehien bat, hark “Euskal Erria”n argitaratutako artikulu mamitsuak. Madinabeitiak prestatutako “Apuntes históricos de la villa de Mondragón” deritzan esku izkribu interesgarria ere ezaguna zitzaien.
Madinabeitia, XIXko amaieran
  

Hala ere, horren aldetik duda bat daukat, zuzeneko ezagutza izango ote zuten ala harekin eta beste zenbait datu historikorekin Jose Luis Iñarra erretoreak idazmakinaz burutu zuen dokumentuaren bitartez. Tamalez, Iñarraren dokumentu hori izan zela badakidan arren –Jauregi Arraburuk espresuki aipatzen du- gaur non dagoen  ez ezaguna zait.

Berriki, zorionez, Migel Madinabeitiaren ekarpen zabala agerian geratu da. Eta udal idazkari ohiaren hainbat lan irakurri ahal izan dut originaletik. Batzuk ezagunak zitzaizkidan –konkretuki “Euskal Erria”koak- baina gainontzekoen artean bada materiala arrasatear historia txikia xehetasun interesgarriz aberasten duena. Ezinbesteko beste irakurketa lasaixeagoaren ostean, Madinabeitiaren lan batzuk zutabe honetara ekartzea daukat asmoa, berriz ere ezkuturen batera galdu aurretik. Eta, noski, gurea den iragana ezagutu dezagun.




INFORMAZIO GEHIAGo:
 
 
Argazkiak: Pako Madinabeitia Apaolaza

2 comentarios:

  1. Madinabeitia bezalako artxibozain bat izatea, luxu bat da, Mondragoe moduko herri batentzat. Askotan irakurri izan ditut berak idatzitako lanak, eta, noizbehinka nire ikerketen bibligrafia aberastu dut dokumentu horiei esker.
    Madinabeitiak oso ondo deskribatzen du bere garaia, eta, batzutan, Mondragoeko pasarte kuriosoak jasotzen ditu. Bera bezalako jendiak bultzatu ninduen Artearen Historia ikastera eta gero, Artxibistika masterra egitera.
    Eta ontxe, hemen nau, Sevillan, Indietako Agiritegi Nagusian, gure herriko dokumentuak biltzen. Madinabeitia bezalako gehiago beharko genituzke, Sevillako agiritegiko altxor guzti hori biltzeko eta herritaratzeko.
    Bestalde oso ondo dago horrelako jendia gogora ekartzea. Neuk, beste datu bat gure dot gehitu zure testu horretara. Ahaztu egiten ditugu Mondragoen alde lan egin duten pertsonak, eta, martxoaren 8an eta 9an bi herritar ospetsuk urteak beteko zituzten. Juan de Araoz de Uriartek eta Esteban de Garibayk. Seguru nau, Madinabeitiak efemeride horiek gogoan izango zituela. Besarkada bero bero bat Sevilla aldetik.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko, Arantza, eta "arrantza on" Sevillako kaladeroetan. Seguru nago bidaiak bere saria izango duela!

    ResponderEliminar