Liburuaren aurrealdea |
Oso liburu polita
iritsi zait eskuetara duela gutxi. Liburu formatuko testu argitaragabea da,
tirada murritzekoa, baina sekulako aberastasuna gordetzen duena. “Salesandarrak”
du titulua eta Aramaioko “Salesan” baserriko sendiari dago eskainia. Nork eta,
sagako kide langile burutsua den Antonio Unzueta fraide karmeldarrak, alegia.
Zorionak eta eskerrik asko, Antonio! Zuk bakarrik dakizu zenbat ordu –goxo,
seguru baietz!- eman dizkizun liburuaren prestaketak. Merezi izan duela garbi
dago. Behintzat, irakurri dudanak gure herriko historia txikiaren bidexketatik
gora egitea lagundu dit, eta gainera modu atseginean.
Julian Unzueta, Salesango oraingo ugazaba |
Baserriaren
historiak XIV. mendera arte eramaten gaitu, eta hori ez da normalean edozeinek
esan dezakeena. Are gutxiago, etxeak ez badu bere kideen artean historiaz
interesatua izan den inor. Aramaion, zorionez, badira euren iraganari
dokumentuen bitartez eutsi dioten baserriak eta horietakoa da Salesan.
XVI. mendeko
Domingo Vergara Salezan eta eguneko
Julian Unzueta Etxebarriaren artean “Salesan” baserriko ugazabak gogor aritu
izan dira aziendari eusten ez ezik zabaltzen eta sendotzen ere. Ez dakit
horregatik izan ote den Antoniok idazkirako hautatutako titulua, ezen
“salesandarrak” dira istorioaren protagonista zuzen eta nagusiak. Azpimarratu
behar da, Aramaioko historian neurriz nabarmentzen diren kide ugari eman
dituela Salesan baserriak eta horiexena da egunera arteko mugarri historikoen
meritua.
Aramaioko biztanleek badute liburu honekin non bilatu, mendetan gora
joanda erruz ageri diren zehazkizun interesgarriak. Zutabe honi dagokion
neurrian, ahaleginak egingo ditut azpimarragarrienak aletzen eta ezagutarazten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina