abendua 06, 2023

DAGOBERTO RESUSTA

Dagoberto Resusta Mujika
Dagobertoren biloba den eta Villa Amparon jaio zen Maria Luisa Martin-Moro Resusta lagunari, eskerronez, 

Ziurrenik bere izena ezagunagoa egingo litzaiguke karlista edo monarkikoa izan balitz. Baina errepublikazalea genuen eta, ene ustez, horrek nolabaiteko isiltasun-geruza ekarri zion heriotzaren ostean. Dagoberto Resusta Mujikari buruz ari naiz, belaunaldi berrientzat ezer gutxi adierazten duen arrasatearra.

Egia esan, ez dirudi “erresustarren” kabia toki aproposa zenik errepublikazalerik sorrarazteko, baina horrela gertatu zen Jose Maria Resusta Altuna enpresa kapitainaren hamahiru seme-alaben arteko gazteenarekin. 

 Dagoberto Resusta Mujika 1879ko martxoaren 9an jaio zen. Aita Jose Maria eta ama Bizenta Mujika ziren, biak arrasatearrak. Ezaguna den moduan, Unión Cerrajeraren sortzailea birritan ezkondu zen – lehen emaztea Petronila Madinabeitia Aristegi zen, hain zuzen Miguel Madinabeitia arrasatear polifazetikoaren arreba- eta harekin lau seme-alaba izan ondoren, emaztea hil eta 1859an bigarren aldiz ezkondu zen. Bizenta Mujikarekin beste bederatzi seme-alaba izan zituen, eta azkena Dagoberto Ponziano bataiatu zuten.

Unión Cerrajerari dagokionez, garrantzi eta zerikusirik handien izan zutenak, lehen emaztearekin sortutako Higinio (1857), eta bigarrenaren Fermin (1865) eta Dagoberto (1879) ditugu. Unión Cerrajera 1906an sortzean, Jose Maria Resustak eta seme-alabek kapitalaren %20 zuten. Aitaz gain,  1598 akziorekin, Juana Resusta Mujika 700rekin, Fermin, 33rekin eta Higinio 32rekin agertzen dira akzioen titular gisa. Dagoberto ez dago akziodunen zerrendan. Diodan, une hartako kapitala 6 milioi pezetakoa zela. Eta azpimarratzekoa da, aurki enpresaren factotum izango zen Toribio Agirre sortze une hartan %3ren jabea zela.

1913ko abuztuaren 10an enpresaren kapitala bikoiztu egin zen – sei milioitatik hamabira- eta Dagobertok esku zuzena hartu zuen erabakian. 1911an Jose Maria Resustak utzi zuen elkartearen lema eta lemari berria Toribio Agirre izendatu zen, ahalmen zabaleko zuzendari bezala. Une hartan Zayas Yohn zen presidentea eta Fermin Resusta idazkaria.

Dagobertok zuzendaritzako karguak izan zituen Unión Cerrajeran, Higinio eta Ferminek bezala. Azken biek 1906tik ihardun zuten administratzaile bezala, Toribio Agirrerekin batera. Dagoberto, berriz, enpresako diruzaina izan zen eta 1917an Administrazioko Batzordeak Toribio Agirre ordezkatzeko izendatu zuen, zuzendariak bere funtziotan Arrasatetik atera behar zuenerako. Bitxia da, erabaki hori hartu zenean Rikardo Azkoaga Resusta ere hautatu zutela betebehar berdinetarako. Concepción Resusta Madinabeitia zen Rikardoren ama, beraz Dagobertoren arrebaordea, eta alde horretatik Dagoberto Rikardoren osabaordea zen.  Biak protagonistak izango dira 1934ko urriaren 5ean.

Dagoberto eta Bizenta, ezkontza egunean


Dagoberto Resusta 1904ko otsailaren 13an ezkondu zen, eta honela iragartzen zuen garaiko prentsak: “Se anuncia para muy breve la boda en Mondragón del propietario de dicha villa señor Resusta con una distinguida señorita, hija del boticario de Mondragón” Emaztegaia Bizenta Hevia Azkoaga zen, Lukas Hevia Iturriotz kaleko botikarioaren alaba. Ezkontza agirian, Dagoberto "oficinista" bezala agertzen da. Bikoteak bost alaba izan zituen: Esperanza (1905) Isabel (1906) Natividad (1908) Luisa (1910) eta Amparo (1916). Euren egoitza Iturriotz kaleko 15 zenbakian jarri zuten. Etxe berri bat egiteko udal-lizentzia 1912 lortu ondoren, azken alabaren izena eman zion Dagobertok, handik aurrera euren bizitokia izango zenari: Villa Amparo.


Dagoberto-Bizentaren bost alabetatik lau. 
Txikia Amparo da.

Villa Amparo







Eta 1934ko urriaren 5ean Villa Amparotik atera zen Dagoberto heriotzerantz. Bertsioak idatzi dira, iraultzaileek Herriko Etxean (Magdalena kaleko Okendo etxean) zenbait preso zituztela Resusta bere kabuz hara agertu izanaren zergatiaz. Teoria barregarrienetik – alaba txikiarentzako esnea erosteko atera zela etxetik; Amparok ordurako 18 urte zituen- gehien hurbiltzen deneraino: Dagobertoren alaba nagusia Jose Maria Azurza tolosarrarekin zegoen ezkonduta, eta Iturriotz kalean bizi ziren. Azurza, tradizionalista bere ideologian, atxilotua zeukaten Herriko Etxean eta badirudi Dagoberto haren egoeraz galdetzera hurbildu zela. Aurre egin bide zien bertakoei eta beraren kontra ez zutela ezer adierazi ei zioten arren Dagobertok intsistitu zuen berarekin eraman behar zuela suhia. Orduan, Resusta ere sartu zuten detenituekin batera.

Aurki Oreja eta Rikardo Azkoagarekin batera Trinkete aldera atera eta tiroketatu zituzten. Dagoberto hilik gertatu zen unean. Orejak bizirik atera ahal izan zuten erreskatatzaileek baina bere etxean zendu zen.

Dagobertoren heriotze-agirian irakurtzen da:


“… domiciliado en la calle de Arrabal de Maala, nº 42 piso 1, de profesión rentista, y de estado casado con Doña Vicenta Hevia Azcoaga, habiendo dejado de su matrimonio cinco hijas llamadas Esperanza, Isabel, Natividad, Luisa y Amparo.

Falleció en la huerta de la Casa del Pueblo el día cinco del actual, sobre las catorce horas, a consecuencia de muerte violenta producida por arma de fuego, según resulta del informe de autopsia practicado al cadáver, y reconocimiento practicado, y su cadáver habrá de recibir sepultura en el cementerio de esta villa de Mondragón.

Esta inscripción se practica en virtud de diligencias sumariales practicadas por el Juzgado militar constituido al efecto en esta villa”

Bizenta Hevia Azkoaga, bost alabak eta bilobak, Villa Amparon

Hurrengo ekarpen batean Dagoberto Resustaren alde politikoa ikusiko dugu.


Argazkiak: Maria Luisa Martin-Moro Resusta, JMVM

VILLA AMPAROri BURUZ

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina